Ondarroan egun batzuk pasatzetik bueltan jarri du hitzordua Angel Toña (Ondarroa, 1952) ekonomialariak Bizkaiko Hitza-rekin, Bilboko Begoñako basilikan. Gertu duen bulegoan eman du elkarrizketa. «Ciclismo a fondo aldizkaria argitaratzeko sortu genuen enpresaren egoitza da hau», azaldu du, sartu aurretik. Barruan, eskumara, bizikletak ditu eskegiak: hiru bereak, semearena, eta joan den astean Pirinioetan ibiltzeko utzi dioten elektriko bat. Aldizkari mordoa ditu pilatuta. Eta bere bulegoan ehunka liburu ditu txukun ordenatuak apaletan: filosofiari, ekonomiari, etikari eta politikari buruzkoak dira, gehienbat. Hainbat galdera erantzutean hunkitu egin da.
Bilbon bizi zaren arren, Ondarroarekin lotura estua duzu. Zer da zuretzat Ondarroa?
Ondarroan dugun etxean jaio nintzen, eta han hil ziren gurasoak. Eraikin osoa aititak egindakoa da; behean kontserba fabrika bat zuen. Herria, ondarroarrak, lagunak, kaleak..., toki bakoitzak dauka bizipen bat. Askotan pentsatzen dut non hil gura dudan, non pasatuko ditudan azken urteak; gustatuko litzaidake nire gurasoen leku berean pasatu.
12 urterekin joan zinen Iruñeko maristen ikastetxera batxilergoa ikastera. Zergatik?
11 urte bete arte, Ondarroako eskolan ikasi nuen. Estudiante ona nintzen, baina nire lagunak, ez hainbeste. 14 urterekin denak joan ziren itsasora. Gure ama maistra zen, eta esan zidan nik ikasten jarraituko nuela, eta Iruñera bidali ninduen. Nik asma nuen, eta han klima hobea zegoen niretzat. Gure ama familia tradizionalistakoa zen, karlista, eta Nafarroan pentsakera hori oso ondo errotuta zegoen; uste dut horrek ere zerikusia izango zuela.
Aitak oparitu zizun lehen bizikleta. Ume askok izan dute, baina denak ez dira txirrindularitzaz maitemintzen. Zu, bai. Zergatik?
Asmagatik esfortzu kirola egitea komeni zitzaidala esan zieten gurasoei. Aitak Ondarroako Aurrera txirrindularitza taldearekin lotura estua zuen, eta handik eta hemendik piezak lortuta, berak egin zidan bizikleta, 13 urte nituela. Orduan hasi nintzen, eta ez naiz geratu.
«Irakaspen ona da bizitzarako ere: sufritzen zaudenean, ezinean, esperantza galduta, jarraitu egin behar da»
Ez zenuen pentsatu txirrindulari izatea?
Karrerista izan nahi nuen, baina etxean ezetz esan zidaten. Ikasi egin behar nuen. Ni ere Aurrera elkartera gerturatu nintzen. Bilbora etorri nintzen, unibertsitate ikasketak egitera, eta, 17-19 urterekin, Ondarroako taldearen ordezkaria nintzen Bizkaiko Txirrindularitza Federazioan egiten ziren batzarretan. Bizikletak bizitza eman dit. Erabaki garrantzitsu guztiak bizikleta gainean hartu ditut. Etxera berrituta itzultzen naiz. Nahiz eta igoera gogor batean egon, jarraitu behar duzu. Irakaspen ona da hori bizitzarako ere: sufritzen zaudenean, ezinean, esperantza galduta, jarraitu egin behar da.
Kazetaritzaren ikuspegitik ere heldu diozu txirrindularitzari.
1980an utzi nuen lehen aldiz Eusko Jaurlaritza [Enplegu zuzendari izan zen], eta 1985era arte inprenta batean egin nuen lan. Lan hura utzi nuenean, ezagutzen nuen argitaletxeen mundua eta banekien Espainian ez zegoela txirrindularitzaz ganorazko aldizkaririk. Frantsesa ondo dakit umetatik, eta Frantziako aldizkarien harpidedun nintzen. Horregatik sortu nuen Ciclismo a fondo aldizkaria. Handik hamabi urtera saldu nuen. Pandemia garaian, beste aldizkari bat sortu nuen: Bizikletan euskaraz eta Andar en bici Espainian.
Ekonomia mundutik egin zenuen salto politikara. Deustuko Unibertsitatean egin zenituen ikasketak, eta han jarraitu zenuen irakasle.
Oraindik ere irakasle naiz master batean. Ikasketak amaitu nituenean, seminarioan sartu nintzen. Fededuna naiz, baina seminarioak erakutsi zidaten nire bidea ez zela abadetza. Seminariotik irtendakoan, Deustutik deitu ninduten, irakasle laguntzaile moduan aritzeko. Nik gura nuena zen eskolak eman unibertsitatean eta kanpoan lan egin, eta horrela egon naiz urteotan. Kontabilitatea irakasten hasi nintzen, Enpresa antolakuntza ere irakatsi dut, eta gero Etika irakastera pasatu naiz. Lan gatazken inguruan asko ikasi dut, eta asko irakatsi dut. Horregatik, gero sartu ninduten administratzaile konkurtsal lanetan. Esku hartu nuen lehen enpresa Mecanica La Peña izan zen. Sindikatuekin harreman handia nuen, eta banekien gatazkak zelan kudeatu.
Urte asko egin dituzu bitartekari lanetan.
1977an, lan aholkularitza enpresa batean hasi nintzen: lauzpabost abokatu eta ni ginen. Handik pasatu nintzen Euskadiko Kontseilu Nagusira. Ni EE Euskadiko Ezkerrako militantea nintzen. Bulego hartan geunden EEko bi eta gainontzekoak, PSOEkoak. Bulego hartako lau joan ginen Kontseilu Nagusiko Lan Sailera, Juan Iglesiasekin. Autonomia estatutua onartu [1979] ondoren, lehen Jaurlaritzan Mario Fernandez izan zen Lan sailburua. Nire irakaslea izan zen, eta gero biok izan ginen irakasle. Aurretik sailean geundenotatik niri esan zidan jarraitzeko. Erantzun nion ni ez nintzela EAJkoa, EEkoa nintzela. Ez nuen asko iraun; gatazkak izan nituen Industria Sailekoekin eta Legebiltzarrean EAJkoekin.
1991n eta 2015ean itzuli zinen Jaurlaritzara.
EAJk, EAk eta EEk egindako gobernu koalizioan Lan sailburuorde izan nintzen 1991n. 2015ean [Iñigo] Urkulluk deitu ninduen. Nik ez nuen ezagutzen, baina berak gura zuen profesional independente bat, [Juan Mari] Aburto Bilbora [alkate] etorri zenean. Lan, Gizarte Politika eta Etxebizitza sailburua izan nintzen ia bi urtez. Esperientzia indartsua izan zen. Eskumen asko nituen, baina denbora gutxi egon nintzen ezer egiteko. Gainera, agintaldi erdian sartu nintzen eta dena zegoen martxan. Sailburu izatea ez zen nire bizitzako ametsa. Ez dut harreman handirik orduko inorekin; handiena, pertsonalki, Urkullurekin.
Urte asko egin ditu lehendakari Urkulluk. Zelan baloratzen dituzu haren agintaldiak?
Pertsona moduan, ona, langilea. Militante moduan, alderdiko gizona, EAJkoa. Bere erara Euskadi kudeatu duen gizon zintzoa izan da. Hutsuneak denok ditugu. Nik askotan esaten nion sindikatuekin harreman gehiago izan behar zuela, ez bakarrik enpresarekin. Urkulluk erantzuten zidan ea zertarako elkartuko zen haiekin, bileratik irten eta lehendakariaz txarto berba egingo bazuten.
«Niri ere ez zait sistema gustatzen, baina ez dago besterik. Egin dezakegun bakarra da geldika aldatzen joan, ezkerretik»
Lehen urte politikoa hasi berri du Imanol Pradalesek Jaurlaritzako lehendakari gisa. Zelan ikusten duzu?
Nire ikaslea izan zen, baina ez dut traturik. Ezberdina da. Horretan ez da Urkulluren modukoa. Bakoitzak bere erak ditu. Orain ibili da eragileekin eta sindikatuekin batzen, eta hori ona da.
Urkullu kexatu izan da euskal sindikatuek «gehiegi» deitzen dutela grebara.
Hori da tokatu zaigun herria, eta hori kudeatzen jakin behar da. Grebarako arrazoiak ez dira falta izaten inoiz. Nik uste dut enpresariak indartsu egon behar direla, baina sindikatuak ere bai. Eta lehendakariak hor egon behar du. Nik horrela sentitu dut beti. Egia da gero gobernuan egon nintzenean ELAk harremanak apurtu zituela gobernuarekin. Sindikatuek tresnak dituzte langileak defendatzeko, nahiz eta egia den ez dituztela beti ondo erabiltzen. ELAk ez ditu instituzioak onartzen; sistemaren aurkakotzat agertzen da. Niri ere ez zait sistema gustatzen, baina ez dago besterik. Egin dezakegun bakarra da geldika-geldika aldatzen joan, ezkerretik.
Zelan?
Munduan, Europan, Espainian, Euskadin ezker eraldatzaile posibilista batek irabaztea behar dugu. Politikak aldatu behar dira, baina parlamentuetan, horretarako gehiengoa lortuta. Euskadin ez gara gehiengoa, PSEk EAJ babestu nahi duelako; hori horrela da, eta horrela izango da. Ikusi ditugu esperientziak Kuban, Nikaraguan, Venezuelan..., baina eredu horrek ez du funtzionatzen. Demokratikoki geureganatu behar dugu jendearen konfiantza, baina gero jakin behar dugu aurrean dagoela merkatu handi bat, eraldatu daitekeena baina ez ezabatu.
Euskadiko Ezkerrako militante izan ondoren, Ezker Batua eta Aralar babestu izan dituzu hauteskundeetan. Iaz, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan EH Bilduren aldeko botoa emango zenuela iragarri zenuen.
EE utzi nuenean, argi izan nuen ezkerra laguntzen jarraituko nuela, baina independente moduan. EH Bilduk pausoak eman ditu terrorismoari buruz. Gehiago egin dezakete, baina ETA desagertu da eta dagoeneko ez da arazo. Orain EH Bilduk herritarren alderdia izan behar du, eta, horretarako, aldaketak egin behar ditu. Muturreko jarrerak ez zaizkit inoiz gustatu. Ezkerra bai, baina ez edozelakoa. Ni beti izan naiz posibilista, eta EH Bilduk ere bide hori egin behar du. Badauka kudeatzen dakien jendea udal batzuetan. Baina oraindik pausoak eman behar ditu EAJren alternatiba izateko. Ez naiz independentista. Mundua ez da independentea. Gehiago lor daiteke? Agian, bai. Baina nahiago dut gizarte arloan eta enpresa munduan borrokatu langileekin. EH Bilduri eskatzen diot ondo presta daitezela kudeatzeko. Ez dugu iraultzarik behar. Lan egin behar da herriarekin eta herriarentzat, eta ez ikurrinarentzat.
«Ez naiz independentista. Mundua ez da independentea. Nahiago dut gizarte arloan eta langileekin borrokatu»
Pentsamendu posibilista horretatik sortu zenuten Fiare banku etikoa?
Joseba Segura Bilboko gotzainak eta biok pentsatu genuen. Gehienok esaten dugu bankuak txarrak direla, baina gero non daukagu dirua? Gaur merkatuaren %1 du Fiarek. Ea hiru urte barru %5 dugun. Baina garbi eduki %50 ez dugula inoiz izango.
Ez dago finantza sistema aldatzerik?
Legeekin asko egin daiteke, baina kontuz. Adibidez, esan dezakegu aberatsei ondare zerga igo behar zaiela. Bai, baina kontuz: joan daitezke guztiak Madrilera edo Suitzara. Zerga aldaketak Euskadin ez ezik, Espainian eta, gutxienez, Europan egin behar dira. Zerga politika bera ez da helburua, tresna baizik, eta ez badu balio nahi dugula lortzeko, okerra da, bidezkoena dela pentsatu arren.
Etxegabeekin behar egiten duen Bizitegi elkarteko kide ere bazara. Zelan hasi zinen?
Unibertsitatea amaitu nuenean, parrokia bateko gazte taldearekin hasi nintzen. Hamar bat urtera ikusi nuen gaztetxo haietako bat galduta zebilela, alkoholikoa zela. Ordutik, hari laguntzen ibili naiz. 30 urtez egon da kalean bizitzen eta mozkortuta. Orain dela hamazazpi urte sartu genuen Bizitegin. 68 urte ditu orain, eta osatuta dago. Berrogei urtez droga munduan sartuta dagoen iloba bat ere badut. Kalean bizi da, eta ezin dut lagundu. Ez du onartzen. Bizitegi erreferente bat dela ikusi, eta elkartea babestea erabaki nuen.
Motzean
Bizikleta bat?
Orbea.Txirrindulari bat?
[Jonas] Vingegaard.Bizikletaz egiteko ibilbide bat?
Lea-Artibaiko buelta: Ondarroa, Lekeitio, Aulesti, Munitibar, Markina, Ondarroa.Lasterketa bat?
Frantziako Tourra.Leku bat?
Ondarroa.Liburu bat?
Primo Leviren I sommersi e i salvati.Pentsalari bat?
[Beste galderak berehala erantzun ditu, baina hau luze pentsatu du] Hannah Arendt.Ekonomialari bat?
[John Maynard] Keynes.Politikari bat?
Oraintxe, Pedro Sanchez. Ez dut bozkatu eta ez dut bozkatuko, baina uste dut babestu behar dugula.