Zallako San Pantaleon ermitako izen bereko santua harrizkoa da. Eskultura estatiko bat da, zurruna. Enkarterrin dagoen irudi gotiko zaharrenetakoa da, XIII. mendekoa. Erdi Arotik gugana. Arte gotikoa Enkarterrin erakusketa osatzen duten piezetako bat da: 1270etik 1530era bitartean egindako 38 lan bildu dituzte. Enkarterriko Museoan dago, Abellanedako Batzar Etxean (Sopuerta), apirilaren 30era arte.
Jesus Muñiz Petralanda arte historialaria da erakusketaren komisarioa. Azaldu duenez, ikusgai dauden piezak bizirik ailegatu dira Erdi Arotik gaur egun arte: «Bizirauleak direla esan dezakegu, bi arrazoirengatik: batetik, batzuk kaltetuta heldu direlako gure garaietara, eta, bestetik, Erdi Aroan egondako tenplu batzuen aztarna fisiko bakarrak direlako». Esaterako, Zallako San Pantaleon XVIII. mendean desagertu zen beste ermita batean egon zen lehenago. Berrehun kiloko pisua du, eta komisarioak pare bat aldiz itzuli behar izan du erakusketatik tenplura, ezkontza baterako eta santuaren jairako.
Garai batean polikromatuta zegoen. Burua oso gutxi okertzen du; hau da, gorputzaren ardatzarekiko ia bertikala da. Oinak angeluan irekita dauzka, baina modu simetrikoan. Besoak, ez; batek liburu bati eusten dio, eta bestearekin bedeinkatzen ari da, eskua zabalik duela. Eskumuturra baino ez zaio ateratzen gorputzetik; ez du besorik. Atzamar guztiak itsatsita daude, eskuzorro batean sartuta baleuzka bezala. Eskua eta burua handiak dira: «Gorputzarekin alderatuta, neurriz kanpokoak dira, atalik adierazkorrenak direlako». Tunika eta mantua gorputzari oso itsatsita dauzka. Tolesturak v forman daude antolatuta, eta oso monotonoak dira.
Hasierako gotikoari dagozkion hainbat ezaugarri ditu San Pantaleonek, Muñiz Petralandak azaldu duenez. Izan ere, erakusketan estilo horren eredurik adierazgarriena da Zallako irudi hori: «Adierazkortasuna oso neurtua izaten dute. San Pantaleonek talo aurpegia du. Ez du ahoa irekitzen, begiak zabalik ditu aurrera begira. Ilea eta bizarra buruaren bolumenari oso itsatsita daude, eta gomaztatuta daudela dirudi. Pista horiekin erraz antzeman dezakegu zer estilotakoa den». 1270. eta 1400. urteen artean mugatu dute hasierako gotikoa Enkarterrin. Historialariak nabarmendu du kronologiak ez datozela bat arte gotikoa landu leku guztietan. Han zuzen ere, estilo hau XII. mendean sortu zen, Parisen, baina Bizkaian mende bat beranduago agertu zen erromaniko berantiarretik hasierako gotikorako jauzia, Galdakao Andra Mari elizan.
Hiru garaien aleak
Dena dela, gotikoaren hiru faseak ondo ordezkatuta daude eskualdean, komisarioaren arabera. San Pantaleonen garaikoak, hasierako gotikokoak, bereziki Andra Mariaren irudiak izaten dira. «Gogoratu Begoñako Amatxu; tankera horretakoak dira guztiak: sede sapientiae delakoak. Birjina eserita, zurrun; altzoan dauka eserita umea, baina ez du besoekin ukitzen. Biek aurrera begiratzen dute, eta ez dago harremanik haien artean. Adierazkortasun gutxi dute».
Areto oso bat eskaini diete Andra Mariei eta Kristo gurutziltzatuei Sopuertako erakusketan. «Kristo gotikoek hiru iltze dituzte; hau da, oinak bata bestearen gainean ipinita. Gona motza luzea da, belaunetarainokoa edo luzeagoa. Ez du errege koroarik, erromanikoek zuten bezala, baizik eta arantzazkoa; sufrimendua adierazten duten Kristoak dira. Burua erorita daukate, azken hasperenean dagoelako». XIV. mendean ailegatu zen Parisera Jesu Kristok gurutziltzatu zutenean buru gainean izan zuen arantzazko koroa, eta irudiei arantzazko koroak jartzen jasi ziren.
Kultur Ibilbideak
- Abenduak 1. Soscañoko San Ziprian eta Santa Maria elizetara (Karrantza).
- Urtarrilak 18. Portugaleteko Santa Maria basilikara.
- Urtarrilak 25. Balmasedako San Severino elizara.
- Otsailak 1. Gueñesko Santa Maria elizara.
- Otsailak 16. Zallako San Pantaleon basilikara.
- Martxoak 15-16. Muñatonesko San Marti Gaztelura (Muskiz) eta Bilboko Arkeologi Museora.
- Martxoak 29. Zalduko San Nikolas elizara (Gordexola).
- Apirilak 13. Romañako San Pedro elizara (Turtzioz).
- Apirilak 27. Pobeñako San Nikolas elizara (Muskiz).
Nazioarteko gotikoa delakoa da arte gotikoaren bigarren fasea. 1400 eta 1450 artekoa da Enkarterrin. Muñiz Petralandaren esanetan, estilo hori ere berandu ailegatu zen Bizkaira. Izan ere, jaurerria zen, bai, baina ez zuen gorterik gertu, jaun-andreak Gaztelako errege-erreginak zirelako. Noblezia handia ere gordean zegoen. Bien bitartean, Europako gorte garrantzitsuetan artisau handiak ari ziren lanean. Bizkaiko noblezia txikia merkataritzan hasi zen, burgesia bihurtuta. Horri esker ailegatu ziren irudiak, Frantziako, Flandesko eta Holandako gune artistiko garrantzitsuekin zuten harremanaren ondorioz.
Galdamesko Illetako ermitako Ama Birjina eta umea dira nazioarteko gotikoaren adibide adierazgarrienetakoa erakusketan. Aurreko fasekoak baino irudi dinamikoagoa da, baina oraindik ere bi dimentsiokoa, komisarioak deskribatu duenez. Silueta kurbatua du: burua alde batera doa, eta gorputza, bestera. Naturalagoa da gorputz adarren kokapena. Besoak ez dira hain zorrotzak. Ama Birjinak kontu handiz heltzen dio mantuari. «Harreman eta naturaltasun handiagoa dago ama-semen arteko harremanean: haurrak amari begiratzen dio, eta birjinak burua makurtzen du semearengana».
Oinak ez dira simetrikoak. Tolesturak, nahiz eta aurreko etapako uve forma gogoratzen duten, ez dira hain zorrotzak; dotoretasuna da helburua. Ilea ez dago itsatsita, naturaltasuna eta mugimendua adierazteko. Eskuak ez dira eskuzorroen modukoak; artikulazio apur bat dago, atzamarrak elkartuta egon arren.
Adierazkortasunik gabeak
Gotiko berantiarra da azken fasea. XV. mendearen erdialdetik XVI. mendearen bukaerara garatu zen Enkarterrin. Garai horren irudirik adierazgarriena Gordexolako parrokian egoten den Santiago Rodaiegakoa da, Muñiz Petralaren esanetan. Aurreko garaietako irudien aldean, dinamismoa askoz nabarmenagoa da. Ez da igartzen gorputzaren pisuaren desplazamenduan bakarrik. Zangoa tolestu egiten da. Oin bat aurreratuago dago. Besoak askatu egiten dira; are gehiago, liburuari eusten dio. Gainera, atzamarra sartuta dauka orrien artean, non ari den irakurtzen jakiteko edo. «Ez da egia gotiko berantiarra adierazkorra denik; sufrimendua adierazten dute Kristo gurutziltzatuek, baina santuek, ez. Santutasunaren ideia transmititzeko, minaren gainetik daude; horregatik, ongizate aurpegia dute, nahiz eta martiri hil dituzten».
Santiago Rodaiegakoaren ileak bolumena du. Ez dira aurreko etapetako begi irekiak; beherantz begiratzen dute, barrura begira baleude bezala. Intimitatea adierazten dute. Garai honetako artistek detaileak ere zaintzen dituzte: burutik zintzilik duen txanoa eta ura eramateko erromesaren kalabaza, berbarako.