Emozioak sentiarazteko helburuz

BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak hasiera emango dio gaur 24. Musika-Musica jaialdiari, 19:00etan, Bilboko Arriaga antzokian. Igandera arte iraungo du, eta, guztira, 70 emanaldi baino gehiago izango dira.

Tenerifeko Orkestra Sinfonikoak Musika-Musica jaialdian joko du aurten lehen aldiz. Bihar eta igandean hartuko dute oholtza. MUSIKA-MUSICA JAIALDIA
Tenerifeko Orkestra Sinfonikoak Musika-Musica jaialdian joko du aurten lehen aldiz. Bihar eta igandean hartuko dute oholtza. MUSIKA-MUSICA JAIALDIA
iraia vieira gil
2025eko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Beethoven, Vivaldi, Chopin, Dvorak, Strauss, Ravel, Bach, Telemann, Haendel... Hainbat estilotako artisten melodiak interpretatuko dituzte aurtengo musikari gonbidatuek Musika-Musica jaialdian, publikoari inoiz ez bezalako zirrara eragiteko asmoz. «Emozioak dira, hain zuzen, aurtengo aldiaren ardatza. Emozioak eta, nola ez, musika», esan du Begoña Escribano Musika-Musicako zuzendariak. Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak emango diote hasiera musika klasikoa aldarrikatzeko jaialdiaren 24. aldiari, gaur, 19:00etan, Arriaga Antzokian, eta igandera arte iraungo du. Guztira, 70 kontzertu emango dituzte mundu osoko 1.500 artistek, eta emanaldi gehienak Euskalduna jauregian izango dira. Aurreko aldietan parte hartutako musikari batzuez gain, Bilbo lehen aldiz bisitatuko duten artistak ere hartuko ditu oholtzak. Hala nola Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa, Friburgoko eta Lucernako orkestrak, eta OBNI Objeto Barroco No Identificado eta Cafe Zimmerman taldeak.

Escribanok azaldu duenez, Musika-Musica jaialdia berrikuntzaz beterik dago aurten. Alde batetik, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak emanaldi bat eskainiko du Kukai dantza taldearekin batera. Beethovenen Prometeoren izakiak obra interpretatuko dute elkarrekin, musika klasikoa eta dantza aldi berean uztartuz. Halako proposamenak musika klasikoaren estereotipoak amaitzeko bidea izan daitezkeela uste du Musika-Musicako zuzendariak, baina, aldi berean, argi du zuhur jokatu behar dutela: «Urtean zehar, beste proiektu berritzaile batzuekin ere egiten dugu lan. Ikus-entzunezkoek eta poesia errezitalek musika klasikoarekin bat egiten duten proiektuekin, esaterako». Horrek ez du esan nahi denak balio duenik. «Ez dugu gehiegi arriskatu nahi; izan ere, gure helburu nagusia publikoaren fideltasuna lortzea da», zehaztu du Escribanok.

Beste aldetik, aurten lehen aldiz, «jaialdiaren filosofia» aurkezteko gala lirikoa sortu dute. Musika-Musica jaialdiaren antolatzaileek ekoiztutako gala da, eta hirutan emango dute, Euskaldunan: bihar, 13:00etan eta 18:15ean, eta etzi, 18:00etan. Degli affetti proibiti du izenburu gala lirikoak, eta Beatriz Oleaga mezzosopranoa eta Galdos Ensemble taldea dira interpreteak. Are zehatzago, Ivan Martin da obraren zuzendari eta klabe jolea, eta Naiara Beistegik diseinatu du eszenografia. «Halako emanaldi berezi bat egiten saiatzen gara urtero. Lehenengo aldian, opera txiki bat sortu genuen, eta beste batean, Miriam Hontana biolin jolearekin eta ikus-entzunezko baliabideekin sortutako pieza bat aurkeztu genuen», kontatu du Escribanok. «Hori bai, musika klasikoarekin lotura duten obrak dira urtero».

«Duela 23 urte, jaialdirako antolakuntza lanetan hasi nintzenean, gazteagoa nintzen. Jaialdia, publikoa eta ni elkarrekin hazi gara. Aurrerantzean ere hala bada, musika klasikoak publikoa izaten jarraituko du»

BEGOÑA ESCRIBANOMusika-Musica jaialdiko zuzendaria

Horrez gain, jaialdiaren azken urteotan egindako aldaketetako batzuei eutsiko diete. «Familiek eta haurrek nahi dituzten kontzertuak ikusteko aukera izango dute, betiere umeek behar bezalako jarrera baldin badute kontzertuetan. Normalean, ez da arazorik izaten, kontzertu bakoitzak 45 minutu irauten baitu», adierazi du Musika-Musicako zuzendariak. Eta familientzat bereziki prestatutako emanaldiak ere emango dituzte Euskalduna jauregian. Musbika Ensemble taldeak eta Ana Simon Hinoko ilustratzaileak Emozioak eszenan zuzeneko musikaz eta irudiz osatutako ikuskizuna eskainiko dute bihar, 11:30ean, eta igandean, 16:00etan. Cor de Teatre konpainiak Operetta umorezko a cappella antzerkia interpretatuko du bihar, 16:30ean, eta igandean, 11:00etan. 

Amaitzeko, musikaz eta zinemaz aritzeko saioak izango dira aurten. Ander Marzana piano jolea, Cesar Coca kazetaria eta Patricia Sojo musikologoa izango dira saio horietako moderatzaileak, eta El corazón es un músico solitario eta Bach, la música de la perversión izendatu dituzte. Bihar izango da lehenengoa, 19:45ean, eta igandean bigarrena, 19:30ean. «Orain dela hainbat urte hasi ginen saio horiek egiten, eta izugarrizko arrakasta dute publikoaren artean», azaldu du Escribanok. «Izan ere, diziplina askotako adituak entzuteko aukera izateak publikoaren arreta pizten du».

Eskaintza orokorra

Programari dagokionez, Wagnerren Holandar alderraia, Txaikovskiren Beltxargen aintzira eta Borodinen Dantza polonesak interpretatuko dituzte jaialdiko lehenengo egunean Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak, Erick Nielsenen zuzendaritzapean. Galiziako Orkestra Sinfonikoak hartuko du ondoren Arriaga Antzokiko oholtza, 20:30ean, eta Andrew Litton zuzendariaren batutak markatuko du ikuskizunaren erritmoa. Ravelen hiru obra joko dituzte: Bals noble eta sentimentalak, Bals eta Bolero. Bien bitartean, OBNI, Iagoba Fanlo biolontxelo jolea, eta Miguel Ituarte piano jolea eta Casals laukotea arituko dira Euskaldunan. 19:30ean, 19:45ean eta 20:15ean joko dute, hurrenez hurren.

Meccore String Quartet-ek emango du bihar lehenengo kontzertua. Wojciech Koprowski eta Aleksandra Bryla biolin joleek, Michal Bryla biola joleak eta Marcin Maczynski txelo joleak osatzen dute taldea. 2007an elkartu zirenetik, Europako areto ezagunenetan jotzeko aukera izan dute —Londresko Wigmore Hallen eta Vienako Musikvereinen, esaterako—, eta hainbat aitortza jaso dituzte nazioartean. Noskowskiren eta Beethovenen obra bana interpretatuko dute bihar. Haien ostean joko duten artisten artean, Euskadiko Orkestra, Gaztela eta Leongo Orkestra, Johannes Pramsohler biolin jolea eta musika zuzendaria, Simply Quartet taldea, Cristina Gomez Godoy oboe jolea eta Signum Quartett taldea arituko dira oholtza gainean. Guztira, 27 kontzertu izango dira, eta Galiziako Orkestra Sinfonikoak itxiko du eguna, 20:45ean.

Meccore String Quartet taldea. Musika-Musica jaialdian joko du aurten. MUSIKA-MUSICA JAIALDIA
Meccore String Quartet taldea. Musika-Musica jaialdian joko du aurten. MUSIKA-MUSICA JAIALDIA

Igandeko eskaintzak ere asko eta askotarikoak izango dira. Cafe Zimmerman eta Simply Quartet taldeek emango diote hasiera egunari, 11:15ean, Euskalduna jauregian. Cafe Zimmerman taldea frantsesa da, eta 1998an sortu zen, XVIII. mendean Leipzig-eko (Alemania) izen bereko kafetegian egiten zuten artea berreskuratzeko helburuz. Simply Quartet taldea, berriz, 2008an eratu zen, Shanghain (Txina), eta hainbat belaunalditako artisten melodiak interpretatzen dituzte. Egunean zehar, Andrea Jimenez sopranoa, Pablo Barragan klarinete jolea, Signum Quartett taldea, Alfonso Gomez piano jolea eta beste asko ere igoko dira oholtzara.

Gainera, Musika-Musica jaialdiak 800 musikari gazte hartuko ditu aurtengo aldian, eta Euskalduna jauregiko kioskoanbiltzeko eta jotzeko aukera emango diete. Hainbeste ikasle jasotzeak esperantza pizten dio Escribanori: «Horrek esan nahi du musika klasikoa bizirik dagoela, eta erreleboa duela». Hain zuzen, duela hainbat urte horren inguruko eztabaida zabaldu zela gogoratu du Musika-Musica jaialdiko zuzendariak, baina haren ikuspegia positiboa da: ez du uste musika klasikoa arriskuan dagoenik. «Duela 23 urte, jaialdirako antolakuntza lanetan hasi nintzenean, gazteagoa nintzen. Jaialdia, publikoa eta ni elkarrekin hazi gara. Aurrerantzean ere hala bada, musika klasikoak publikoa izaten jarraituko du».

Alde horretatik, azpimarratu du garrantzitsua dela jakitea musika klasikoa ez dela «elitista»: «Musika-Musica jaialdiko sarreren prezioari erreparatu besterik ez dago». Hain zuzen, zortzi eta hamabost euro bitarte balio du kontzertu bakoitzak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.