Emakumeak ahots eta hizpide

Amal Ramsis zuzendariak emakumeen sorkuntzei balioa emateko sortu zuen Zinemagileen Artean jaialdia. XIII. aldia egingo dute aurten, Bilbon, hilaren 27tik 31ra, Azkuna zentroan.

Lina Soualem zuzendari palestinarraren 'Bye Bye Tiberias' filma. Zinemagileen Artean jaialdian eskainiko dute aurten.
Lina Soualem zuzendari palestinarraren 'Bye Bye Tiberias' filma. Zinemagileen Artean jaialdian eskainiko dute. KGD ONGD
iraia vieira gil
2024ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun

Askotarikoak dira oraindik ere Mendebaldeko gizarteek emakume arabiarren inguruan dituzten aurreiritziak. Pentsamendu horiek deseraikitzen laguntzeko asmotan, Amal Ramsis abokatu eta zinema zuzendari egiptoarrak proiektu berritzaile bat abiatu zuen 2008. urtean: Zinemagileen Artean karabana ibiltaria. Mendebaldeko komunikabideek irudikatzen dituzten emakume arabiarren estereotipoak ezeztatzea helburu zuen orduan zinema jaialdiak; egun, gainera, edozein herrialdetako andreek sortutako obrei ikusgaitasuna eman nahi die. Karabana ibiltariak jada hogei herrialde baino gehiago bisitatu ditu; besteak beste, Bilbon izan da, eta 2010ean egon zen lehen aldiz. Aurten ere izango da Bilbon, hamahirugarrenez: hilaren 27tik 31ra egingo dute jaialdia, Azkuna zentroan. 17:00etan, 19:00etan eta 21:30ean izango dira zinema saioak, eta sarrera bakoitzak hiru euro balioko du. 

Aurreko urteen antzera, KCD Kultura Komunikazioa Garapena erakundeak antolatu du karabana ibiltaria. Duela hiru hilabete hasi zituzten prestakuntza lanak, eta, beste batzuen artean, Palestinako emakume zinemagilez osatutako kolektibo bat gonbidatu zuten. Israelek Gazaren aurka hasitako oldarraldiak, ordea, gonbidapena bertan behera uztera behartu zituen: ez zuten parte hartzeko baliabide nahikorik, eta, gainera, Israelgo armadak kideetako batzuk hil zituen. «Palestinan gertatzen ari dena salatu nahi genuen. Gerra guztiak dira latzak, baina Gazan gertatzen ari dena ez da batere bidezkoa: herritarrek ez dute ihes egiteko aukerarik. Kaiola batean bizi dira», adierazi du Carlos Vazquez KCDko eta Zinemagileen Artean karabana ibiltariko zuzendariak.

«Zorionez», Lina Soualem zinema zuzendari palestinarrak karabana ibiltarian parte hartzeko konpromisoa hartu zuen, eta hark emango dio hasiera jaialdiari. Amaia Goikoetxea Kazetarien Euskal Elkargoko eta Euskal Kazetarien Elkarteko zuzendariarekin batera irekiko du aurtengo aldia, eta Bye Bye Tiberias dokumentala aurkeztuko du, hilaren 27an. Veneziako Zinemaldian eman zuen estreinakoz, duela urtebete, eta Hiam Abbas bere amaren istorioa kontatzen du. Abbasek Palestina uzteko erabakia hartu zuen gaztetan, Frantzian antzezpen lanetan aritzeko; hainbat urte igaro eta ametsa bete ostean, jaioterrira itzuliko da, familiarekin elkartzeko gogoz. Lau belaunalditako andreen bizitzek bat egiten dute Soualemen obran.

«Soualem zinema zuzendaria gurean izatea Palestinaren aldeko erreibindikazio bide bat da».

CARLOS VAZQUEZ Zinemagileen Artean jaialdiko zuzendaria

Bye Bye Tiberias lana erakutsiz, Palestinari babesa helarazi nahi diote KCD erakundeko kideek. «Soualem gurean izatea Palestinaren aldeko erreibindikazio bide bat da», nabarmendu du Vazquezek. «Gizartearekin konprometitutako zinema eskaintzen dugu guk, eta hori adierazi nahi dugu dokumental horrekin».

Gizarte gatazkak nagusi

Gainerako ikus-entzunezko edukiei dagokienez, «urtero bezala, askotariko gaiak eta estiloak» jorratuko dituztela aurreratu du Vazquezek. Alde batetik, Luana Bajrami aktore eta zuzendariaren Phantom Youth filma emango dute, hilaren 28an. Zoe eta Volta izeneko unibertsitate ikasleen bitartez, 2008an independentzia lortu aurretik Kosovon izandako tentsio politikoak eta identitate krisiak gogora ekarriko ditu fikziozko film horrek. «Kosovoko unibertsitate ikasleek barne gatazka handiak izan zituzten garai hartan: ikasteak zertarako balio zuen galdetzen zieten euren buruei, herrialde horretan izango zuten etorkizunaren beldur zirelako. Ez zekiten herrialde berri bat eraikitzeko gai izango ziren», esan du karabana ibiltariko zuzendariak. 

Jaialdiko hirugarren egunean, Herbehereen eta Surinamen arteko gatazka uztartuko du Mother Suriname-Mama Sranan dokumentalakTessa Leuwsha zinemagileak zuzendu du lana, eta bere amonaren istorioa kontatzen du. Aita beltza eta ama zuria zituen Leuwshak, baina, kolonialismoak eragindako zailtasunek bultzatuta, adopzioan eman behar izan zuten. «Esklabotzaren eta kolonialismoaren inguruan hausnartuko du dokumentalak; agerian utziko du kolonialismoak utzitako aztarnak ezin direla ezabatu», azaldu du Vazquezek. Aitortu du emango dituztenen artean obrarik artistikoena dela: «Antzinako irudiak eta bere amonaren istorioa bateratuko ditu Leuwshak».

Familiarteko arazoak ditu oinarri Asmae El Moudir zinemagilearen The Mother Of All Lies dokumentalak ere. El Moudir bera da protagonista, eta bizipen propioez baliatuko da 1981ean Marokon izandako matxinadak azaltzeko. Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako neurri ekonomikoengatik eta oinarrizko elikagaien inflazioagatik, greba orokorrak egiteko erabakia hartu zuten Marokoko herritarrek. Protesten aurkako erantzun modura, gobernuak setio egoera ezarri zuen. «Ezkutatu nahi izan duten historiako pasarte horietako bat da filma, jende askok ezagutzen ez duena», kontatu du Vazquezek. «Oso aldi gogorra izan zen; mila pertsona baino gehiago hil zituzten, eta hobi komun batean hobiratu». Hilaren 30ean emango dute Moudirren lana.

Gainera, aurten lehen aldiz, zinemarekin, emakumeen egoerarekin eta egungo gatazkekin lotura duten gaien inguruan eztabaidatzeko saioak egingo dituzte emanaldi bakoitzaren ostean. Goikoetxeaz gain, Alicia San Juan, Teresa Aguilo eta Adela Ucar kazetariek gidatuko dituzte saio horiek.

EGITARAUA

  • Maiatzak 27 (17:00, 19:00 eta 21:30). Lina Soualemen Bye Bye Tiberias dokumentala. 
  • Maiatzak 28 (17:00, 19:00 eta 21:30). Itxaso Diazen Zaintzen duten emakume baserritarrak bideo laburra eta Luana Bajramiren Phantom Youth fikziozko filma.
  • Maiatzak 29 (17:00, 19:00 eta 21:30). Tessa Leuwsharen Mother Suriname-Mama Sranan dokumentala.
  • Maiatzak 30 (17:00, 19:00 eta 21:30). Asmae El Moudirren The Mother Of All Lies dokumentala.
  • Maiatzak 31 (17:00, 19:00 eta 21:30). Lea Fehnerren Sages-Femmes fikziozko filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.