Lasterketa bat baino gehiago da Lasterbidean: euskal presoei zein iheslariei elkartasuna adierazteko modu bat da. Urtero herriz herri lekualdatuz joaten da egitasmoa, eta Abadiñon egingo dute aurten, gaur eta bihar. Hamargarren aldia izango da, eta, horrekin batera, amaiera emango diote ekinaldiari.
Kirola eta elkartasuna uztartzea ditu helburu egitasmoak, Oihana Azkorbebeitia Lasterbidean-eko kideak zehaztu duenez: «Elkartasun ekintza bat da, bai babes sozialaren eremuan, bai kirolean». Alabaina, urteurren biribilarekin batera, «zikloa bete» dutela iruditzen zaio: «Orain dela hamar urteko egoerak eta gaur egungoak ez dute zerikusirik: gauzak aldatuz joan dira, eta zikloa ixteko unea iritsi zaigu».
«Orain dela hamar urteko egoerak eta gaur egungoak ez dute zerikusirik: gauzak aldatuz joan dira, eta zikloa ixteko unea iritsi zaigu».
OIHANA AZKORBEBEITIALasterbideaneko kidea
Estreinako aldiz, bi eguneko egitaraua prestatu dute. Arratsaldeko seietan abiatuko da eguna, gaur, dortsal banaketarekin, eta, 20:30etik aurrera, Anje Duhalderi esker ona adierazteko ekitaldi berezia prestatu dute zenbait gonbidaturekin. Lasterketa, berriz, larunbatean egingo dute. Bi lasterketa prestatu dituzte: luzea, hamar kilometrokoa, eta laburra, hiru kilometrokoa. Aurten, gainera, oinezko martxa ere egingo dute aurreneko aldiz: hamar kilometrokoa izango da. «Jendea animatzea da helburua, zenbat eta jende gehiago azaldu Abadiñora, hobeto», esan du Azkorbebeitiak. Arratsalderako ere ekitaldi andana antolatu dituzte. Tartean, herri bazkaria, elektrotxaranga, umeentzako ikuskizunak eta kontzertuak.
Etxerat elkarteak herriko beste zenbait elkarterekin lankidetzan ondu du aurtengo egitaraua. «Herritarrak lan asko egiten ari dira, ilusio berezi bat antzematen da, azken aldia baita». Abesti bat ere sortu dute propio, egitasmoaren hamargarren eta azken aldia borobiltzeko: Anboto magalean. Amets Arzallus bertsolariak idatzi du letra, Antton Uriartek konposatu du abestia, eta Haize Arrosak taldeak musikatu. Igor Galarzak, Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar), Eneritz Gorrotxategik eta Edurtzeta Aniak (Haize Arrosa), eta Gaizka Jareñok (Iheskide) kantatu dute.
Lanean jarraituko dute
Lasterbidean ekinaldia 2013an egin zuten lehen aldiz, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta ordutik beste bederatzi biderrez egin dute —2020koa bertan behera utzi behar izan zuten pandemiaren eraginez—. Horietatik bi izan dira Bizkaian, aurtengoaz aparte: Larrabetzun (2014) eta Ondarroan (2018), hain zuzen ere.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, baina, atea erdi irekita utziko dute aurrera begira: «Agian, aurrerago beste bat etorriko den itxaropenarekin, herri honetan preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkartasunak ez duelako etenik izango». Eskerrak eman dizkiete ekinaldiaren aldi guztietan ondoan izan dituzten guztiei, milaka kilometroko bidaiak egin dituzten senideei, Mirentxineko boluntario guztiei, eta kartzeletan egon diren eta oraindik bertan dauden euskal presoei. «Denon artean urrunketa gainditzeko gai izan gara, eta etxerako bidea egiteko gai izango gara».
EGITARAUA
- Gaur, barikua.
- 18:00-20:00. Izen ematea eta dortsalen banaketa, probalekuan.
- 19:30. Parrillada, probalekuan.
20:30.Anje Duhalderi esker onez ekitaldi berezia, Amnistia plazan. Gonbidatuak: Xabier eta Miren Amuriza, Antton, Eñaut Elorrieta, Tapia, Ines Osinaga, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala, Onintza Azkarate, Manex Pagola, Itziar Navarro eta Teresa Jareño.
- Bihar, zapatua.
- 07:30-12:00. Izen ematea eta dortsalen banaketa, probalekuan.
- 09:00. Oinezko martxaren irteera, Txanporta plazan.
11:00. Lasterketa luzearen irteera, Txanporta plazan.
11:30. Pary & Tiza DJa, Txanporta plazan.
12:30. Lasterketa laburraren irteera, Txanporta plazan.
13:30. Sari banaketa eta ekitaldia, Txanporta plazan.
14:30. Herri bazkaria, Zelaietan herri eskolan.
16:00. Umeentzako ikuskizuna, Zelaieta herri eskolan.
18:00. Ixtaklok elektrotxaranga, Zelaieta herri eskolatik hasita.
21:00. Kontzertuak: Haizea Arrosa, Los Zopilotes Txirriaos eta L Punto DJa, Txanporta plazan.