Pandemia garaitik hona sekulako gorakada izan dute mendi lasterketek. Gero eta jende gehiago hasi da mendian korrika, eta batean eta bestean antolatzen diren probetan ere nabarmen egin du gora parte hartzaileen kopuruak. Horren erakusgarri da Urkiolako Parke Naturala. Aurten hiru mendi lasterketa igaroko dira inguru horretatik: Sorginen Lasterketa, Mañaritik Atxetarakoa eta Aramotz mendi lasterketa. Aukera baliatuz, hiru lasterketek Urkiola Kopa Trail txapelketa antolatu dute elkarlanean.
Inguruko lasterketak sustatzea eta Urkiola Parke Naturaleko txokoak ezagutaraztea dira ligaren helburu nagusiak, Xabier Etxabe Aramotz mendi lasterketaren antolatzaileak kontatu duenez: «Aukera oso ona da Urkiolako txoko sekretu asko ezagutzeko. Jendea beti antzeko bideetatik joaten da, eta lasterketetako ibilbideek leku desberdinak erakusten dituzte. Hiru lasterketetako antolatzaileak lankidetzan aritzeak ere asko erraztu ditu gauzak».
Ekaitz Goenaga Mañaritik Atxetara lasterketako antolatzaileak aitortu du «apur bat berandu» hasi zirela txapelketa prestatzen, baina pozik daude ligak hartu duen itxurarekin: «Hasieran, hiru lasterketen antolakuntzan elkarlanean aritzea zen asmoa, baina, hori adostu ostean, ligaren ideia otu zitzaigun». Jon Aranburu Sorginen Lasterketako antolatzaileak bat egin du Goenagarekin: «Pentsa, ideia bururatu zitzaigunean, gure lasterketako izen ematea zabalik zegoen jada. Azken orduan ibili gara dena egiten: txapelketaren formatua pentsatzen, arautegia zehazten, sariak erabakitzen… Lantaldeak sortu ditugu, eta hala errazagoa izan da batak besteari laguntzeko moduak aurkitzea».
Ikusi gehiago
Txapelketan parte hartu ahal izateko, ez da inon izenik eman beharko, Goenagak jakinarazi duenez: «Hiru lasterketetako batean parte hartuz gero, sailkapenean sartuko dira zuzenean. Ez da beharrezkoa izango hiru lasterketak egitea, baina hala puntu gehiago biltzeko eta sariren bat irabazteko aukera gehiago izango dute parte hartzaileek».
Lasterketaz lasterketa eskuratutako emaitzaren arabera osatuko dute puntuazioa, eta azkenengoa jokatu ostean egingo dute sari banaketa. Lasterketa bakoitzean bildutako puntuak gehituko dira, eta puntuazio handiena duten hiru horiek eskuratuko dute saria. Emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriak bereiziko dituzte.
Antzeko ezaugarriak
Urkiola Kopa Trail txapelketako hiru lasterketek antzeko ezaugarriak dituzte. «20 kilometro inguruko lasterketak dira denak, oso gogorrak. Proba bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina hirurak dira antzekoak: aldapa asko, mendi asko, harri asko…», azaldu du Goenagak.
Bihar izango da lehenengoa: Sorginen Lasterketa. Atxondoko Axpe auzoko plazatik hasita, 21 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek, 1.700 metroko desnibel positiboarekin. Hamazazpigarren aldiz egingo dute aurten.
Izen ematea zabaldu eta berehala betetzen da toki kopurua, Aranburuk esan duenez: «350 korrikalariko kupoa jartzen dugu, eta beti betetzen da. Antolatzaile gisa, lasaitasuna ematen du urtero toki kopurua betetzeak, ez baita azken unera arte esperoan egon behar». Alabaina, horrek ez du lan karga murrizten: «Urtean zehar lantalde txiki batek eramaten ditu aurrera antolakuntza lanak, eta gauza asko egin behar izaten ditugu: baimenak eskatu, babesleekin hitz egin, inskripzioak martxan jarri, sare sozialak kudeatu… Hala ere, egia da lasterketaren eguna hurbildu ahala Atxondo osoa egoten dela lanerako prest. Eskertzekoa da oso herritarren inplikazioa».
Mañaritik Atxetara lasterketa, berriz, aurten egingo dute estreinakoz, irailaren 21ean. «Aspalditik genuen buruan Mañari inguruan halako lasterketa bat egiteko ideia. Euskal Herriko lasterketa dezente egin izan ditugu, baina faltan sumatzen genuen gure inguruan halakorik egitea», azaldu du Goenagak. Mendizaleak diren sei bat lagun elkartu dira lasterketa antolatzeko, eta Mañariko Udalaren eta Kafraga elkartearen laguntza izan dute.
Eguna zehaztea izan da zailtasunetako bat, Goenagaren ustez: «Urkiola gune babestu bat denez, martxotik irailera debekatuta dago mendi lasterketak antolatzea. Baimena eskatu behar izan genuen, eta, hori lortu ostean, martxan hasi ginen: sare sozialak eta webgunea sortu behar izan genituen, izen emateak zabaldu, babesleak lortu… Lasterketen atzean lan asko dago egiteko, baina apurka-apurka ari gara guztia aurrera eramaten».
Txapelketarako 22 kilometroko ibilbidea prestatu dute, 2.000 metroko desnibel positiboarekin. Horrez gainera, baina, lasterketa luzeago bat —42 kilometrokoa— eta mendi martxa bat egingo dituzte. Gehienez ere, bostehun parte hartzaileren langa jarri dute, baina, aurten behintzat, ez dute espero kopuru hori betetzea: «Lehenengo aldia izanda, ez dugu espero izen emateak beteko direnik, baina oso gustura gaude jendea ematen ari den erantzunarekin. Egun osoko jai bat izatea gura dugu».
Urriaren 6an amaituko da Urkiola Kopa Trail txapelketa, Aramotz mendi lasterketarekin. Lagun talde batek 2007an antolatu zuen estreinakoz, baina, bost aldiren ostean, gehiagotan ez egitea erabaki zuten. Sei urtez geldi egon eta gero, Zornotza mendi taldeak hartu zuen lekukoa 2017an, eta, ordutik, haiek dabiltza lanean, Etxaberen hitzetan: «Mendi taldekoek erreleboa hartzeko erabakia hartu genuen, lasterketarekin jarraitu ahal izateko».
Ibilbide bakarra egingo dute: 22 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboa izango du. «Hasieran, 30 kilometro inguruko lasterketa antolatzen genuen, horixe zelako Aramotz mendilerroa ezagutzeko erarik politena. Lasterketa luzea eta laburra antolatzen hasi ginenean, baina jende askok ere gehiagok ematen zuen laburrean, eta, ondorioz, bakarrera mugatzea erabaki genuen». Hirurehun parte hartzailek eman ahal izango dute izena: «Urkiola Kopako azken lasterketa izango da gurea; erabakigarria izango da», adierazi du Etxabek.
Lasterketa amaitu eta segidan hasten dira datorren urtekoa antolatzen: «Bestondoa pasatuta, urteko balorazioa egiten dugu, eta hurrengo urtekoarekin hasten gara. Dena dela, azken hilabetea izaten da estresagarriena, zalantzarik gabe».
Hiru horietaz gainera, aurrerantzean txapelketa beste eremu batzuetara zabaldu ahalko dela uste dute antolatzaileek: «Aukera polita izango litzateke txapelketa Urkiolatik Durangalde osora hedatzea». Alabaina, aurtengo esperientzia oinarri hartuta egin beharko dute balorazioa, Aranbururen esanetan: «Ikusi beharko da aurtengoa nola doan, eta horren arabera erabakiko dugu lasterketa zabaltzea edo berdin uztea».
TXAPELKETAKO HIRU LASTERKETAK
- Sorginen Lasterketa.
- Bihar, Atxondoko Axpe auzoan.
- 21 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa.
- Mañaritik Atxetara.
- Irailaren 21ean, Mañarian.
- 22 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboa.
- Aramotz lasterketa.
- Urriaren 6an, Zornotzan.
- 22 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboa.