Trafiko pantailetan kutsadurari buruz egunero agertzen den informazioa kentzeko eskatu dio Ekologistak Martxan taldeak Bilboko Udalari. Euskarri haien bitartez herritarrei helarazten dieten mezua «ez dator bat» Europako araudiarekin, talde ekologistak dioenez. Izan ere, neurtutako bost kutsatzaileek —NO2, SO2, PM10, PM2,5 eta O3— kontzentraziorik apalenak emanda ere, horrek «ez du inolaz ere adierazten» airearen kalitatea «oso ona» denik. Pantailetan, ordea, hori adierazten da, taldeak txarretsi duenez.
Ekologistak Martxan-en arabera, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak AKI airearen kalitatearen indizerako zehaztutako kantitateak ere ez datoz bat 2019an Espainiako Gobernuak ezarritako mugekin. «Halaber, [OME] Osasunerako Mundu Erakundeak emandako gomendioak ere ez dira kontuan hartzen AKI ezartzerakoan, eta, herritarrei helarazten zaien informazioari dagokionez, ez du zerikusirik iazko abenduaren 11tik indarrean dagoen Airearen Kalitateari buruzko Europako Zuzentarau berrian aurreikusitakoarekin».
«Interes ekonomikoengatik desinformazioa erabiltzea» leporatu die Ekologistak Martxan-ek erakunde publikoei
Kutsadura atmosferikoarena gai garrantzitsua izanik, «gutxienez informazio fidagarria emateko eta airearen kalitatea hobetzeko ekintzak atzeratzen ez jarraitzeko» eskatu die talde ekologistak erakunde publikoei. Haren ustez, instituzioak «emaitzez kezkatuago daude herritarren osasunaz baino, eta desinformazioa erabiltzeko ohitura dute, interes ekonomikoengatik». Erakundeek plazaratzen duten informazioa «inoiz ere ez da egokitzen jakintza zientifikoetara, ezta araudira ere», esan du Ekologistak Martxan-ek.
2022an, 766 heriotza
Taldeak gogorarazi duenez, EIA Europako Ingurumen Agentziaren arabera, 2022an Bizkaian 766 lagunen heriotza eragin zuten airea kutsatzen duten partikula finek, nitrogeno dioxidoak eta ozonoak. Horietatik, PM2,5 partikulen ondorioz izan ziren heriotzen %65. Hain zuzen ere, «kutsagarri haien jarraipena ez da egon Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen artean», ekologistek salatu dutenez. Taldeak uste du Eusko Jaurlaritzak 2020ra arte ez zuela neurtu gas kaltegarri haien maila. «Mendearen hasieratik jakina zen oso arriskutsuak direla».
Kutsadura atmosferikoak 2022an 2.655 lagunen heriotza eragin zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EIAren arabera. Haietatik, partikula finek, nitrogeno dioxidoak eta ozonoak 1.270 gizon-emakume hil zituzten. Ekologistak Martxan-ek nabarmendu du garai hartan OMEk kutsadura maila txikiagoak —2021eko jarraibideetakoak— hartzen zituela erreferentziatzat kutsadura atmosferikoak eragindako osasun arazoak neurtzeko. «Kantitate horiek aise gainditzen dira gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan».