Bilboko mapa bat turistentzat. Bertan, San Frantzisko auzoa ageri da borobilduta. Haren gainean, letra larriz, argi irakur daiteke «ez». Mapa hori eman zion San Frantzisko auzoko herritar batek Irene Muedra Garciari (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1999), Muedra master amaierako lana egiten ari zela izandako elkarrizketa batean. Segurtasun (eza) hiri espazioaren ekoizpenean: hurbilketa bat San Frantzisko auzotik lana ondu du Muedrak. Ondorioztatu duenez, espazioen «polizializazioarekin eta hiperzaintzarekin lotuta ez dagoen segurtasun bat» eraikitzeko, «komunitate seguruak eta sendoak» eraiki behar dira. Horretarako, ezinbestekotzat jo du San Frantziskoko mugimendu asoziatiboa egiten ari den lana. Ikerketarekin, auzoari buruzko azterketen Antuan Montecatine lehiaketa irabazi berri du Muedrak.
Zergatik aukeratu duzu Bilboko San Frantzisko auzoa?
Masterra egin bitartean bertan bizi izan nintzelako eta, horrez gain, gradu amaierako lanean ere segurtasunaren gaia landu nuelako. Atenasko Exarchia auzoan bizi izan nintzen, eta hura aztertu nuen. Antzekotasun ugari ikusi nituen bi auzoen artean: haiei buruzko segurtasun ezaren irudiak eta diskurtsoak eraikitzen dituzte, pertsona migratzaile ugari bizi dira... Gainera, ehun asoziatibo indartsua du San Frantziskok, baita Exarchiak ere. Nire asmoa da tesian gaia lantzen jarraitzea, eta ikusi nuen posible zela bien arteko konparazio azterketa bat egitea.
Zein da ikerketaren helburua?
Segurtasunik ezaren eta San Frantzisko auzoaren arteko harremana aztertzea, eta herritarren segurtasunari buruzko bestelako segurtasun kontzeptu baten oinarriak ezartzea. Uste dut erronka izugarria dela ezkerretik eta mugimendu autonomoetatik segurtasun kontzeptuari arreta jartzen hastea.
Ikerketan aipatu duzunez, oraindik Bilbon bizi ez zinenean eta hiriarekin zenuen kontaktu bakarra zure pisukideak zirenean, orduan hasi zinen entzuten San Frantzisko ez dela auzo segurua.
Gehienbat, Bilboko beste auzoetan bizi diren herritarrek dute diskurtso hori. San Frantzisko auzoan bertan, uste dut gehiago direla gunea segurua dela uste dutenak, segurua ez dela pentsatzen dutenak baino. Nik ez nuen sentitu segurua ez denik. Egia da hasieran deseroso sentitu nintzela nire kalean, oso kale maskulinizatua delako. Nire ohiko espazio gisa ulertuz joan eta etxeko sentitu nintzen heinean utzi nion deserosotasun hori sentitzeari. Halere, ulertu nuen jendeak zergatik uste duen ez dela segurua eta horren atzean zer aurreiritzi dauden.
Zer elementuk sustatzen dute auzoa segurua ez den diskurtsoa?
Besteak beste, komunikabideek. Gaizkilearen irudia auzoan bizi diren migratzaileekin lotzen dute; bereziki, magrebtarrekin. Horrez gain, espazio publikoan zer egin daitekeen eta zer ez ezartzen dute: hau da, ea egokia zer den eta zer lotzen dugun kriminalitatearekin. Horrek ez dauka zentzurik. Artikulu batzuek esaten zuten, adibidez, jendea toki jakin batzuetan pilatzen dela. Segurtasunik ezaren irudi faltsuak sortzen dituzte, pertsona batzuk gaizkiletzat joz eta espazio publikoaren erabilera batzuk kriminalitatearekin lotuz. Horrela, beldurra sustatzen dute.
Poliziaren presentzia eta bideozaintza nabaria dira auzoan. Zer diote auzokideek?
Orokorrean, auzokideak haserre daude Poliziaren presentziarekin. Auzokide batzuei ez zaie gustatzen Poliziaren presentzia bera, Poliziak ez dituelako babesten. Adibidez, auzokide arrazializatu bat elkarrizketatu nuen, eta hark esan zidan Poliziak beldur handia ematen ziola, Polizia baitzen segurtasun falta eragiten ziona. Beste auzokide batzuek esan zuten ez zirela babestuak sentitzen, Poliziak ez zuelako bere lana ondo egiten. Nolanahi ere, egin nituen elkarrizketa guztietan, Poliziarekiko atsekabea orokorra zen.
«Munduko Arrozak egitasmoa egun bakar batekoa da, baina komunitate sendo baten irudi utopikoa islatzen du»
Diskurtso horien aurrean, zergatik da garrantzitsua auzoko mugimendu asoziatiboa?
Gure espazioen polizializazioarekin eta hiperzaintzarekin lotuta ez dagoen segurtasun bat eraiki nahi badugu, komunitate seguruak eta sendoak eraiki behar ditugu, jendeak elkar ezagut dezan, loturak ezar ditzaten eta elkarri lagundu diezaioten. Hori lortzeko giltza mugimendu asoziatiboa egiten ari den lana da.
Adibidez, zer?
Munduko Arrozak [kulturen arteko harremana bultzatzen duen] egitasmoa adierazgarria dela iruditzen zait, elkarbizitza sustatzeko eta loturak ezartzeko espazio bat delako. Egun bakar batekoa da, baina komunitate sendo baten irudi utopiko hori islatzen du. Komunitatea sortzera bideratuta dago. Segurtasunaren alde lanean ari direla argi adierazi edo ez, horrelako ekimenek, komunitatea sortzea helburu duten heinean, segurtasuna ere lantzen dute.
Ondorio gisa, segurtasun (ezaren) kontzeptua planteatzeko beharra azpimarratu duzu, klase eta genero ikuspegiarekin, baita ikuspegi antirrazistarekin ere.
Komunitateek inklusiboak izan behar dute. Herritarren segurtasunaren diskurtsoa bakarrik onartzen badugu, zeina kalean hedatzen ari den eta modu basati batean guztion beldurraz elikatzen den, diskurtso batzuk onartuko ditugu, eta arrakala arrazista eta pauperofoboa handituz joango dira.