Amaia Arenal
Iritzia

Eguneroko iraultza

2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Matrikulazio epea hasi berri da, eta, horrekin batera, Bilboko hainbat familiaren hausnarketa ere hasi beharko litzateke. Izan ere, euskal hezkuntza sisteman agerian dagoen segregazioa, orain dela gutxi Eusko Legebiltzarrean bozkatutako Hezkuntza Legeak berriz mahaigaineratu duen segregazioa hain zuzen, present dago Bilboko auzoetan ere.

Bizkaiko hiriburuan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 33 ikastetxe publiko daude hainbat auzotan banatuta, 29 itunpeko ikastetxe eta ikastetxe pribatu bat. Horietaz gain, hiritik kanpo dauden beste hainbat itunpeko ikastetxeen edo ikastetxe pribatuen autobus geltokiak ditugu hainbat auzotan. Gure seme-alabak matrikulatzeko orduan Eusko Jaurlaritzak familien esku jartzen duen kontsultarako aplikazioak gure kalea sartu eta zentro bakoitzean familiak ditugun puntuak adierazten dizkigu, balizko gertutasun bat kontuan hartuta. Puntuazio horretan, lehentasuna dugun zentroetan zazpi puntu esleitzen dizkigu, bigarrenean bost eta beste guztietan bi. Zerrenda horren barnean ikastetxe publiko, itunpeko eta pribatuak agertzen dira; hots, lehiaketa berean parte hartzen dute, baina ez aukera eta baldintza berberekin, ezta arau berekin ere.

Bilboko auzoetako bizilagunek argi utzi dituzte haien aldarrikapenak: euskal eskola publiko eta inklusiboaren alde daude.

Ezagunak dira itunpeko ikastetxeek dituzten ageriko pribilegioak, baina badirudi badaudela beste pribilegio batzuk hain agerian ez daudenak. Urteetan zehar gure auzoetako eskola publiko jakin batzuek bazterkeria egoeran zeuden ikasleen gehiengoa hezitu dute, eta itunpeko ikastetxeek eta ikastetxe pribatuek, berriz, oztopoak, batez ere ekonomikoak, jartzen zituzten, profil horretako ikasleek euren ikastetxeetan ez matrikulatzeko. Azken egun hauetan jakinarazi dute Bilboko eskola publikoetako bat zarratzeko zorian dagoela: Irala auzoan dagoen HLHI Tomas Camacho. Azaldu dutenez, orain arte bere gain hartu dituen ikasle gehiengoa bazterkeria egoeran zegoen, eta, lege berriaren arabera, ikasle horiek zentro ezberdinetan sakabanatuta egon behar dira. Baina badirudi, Hezkuntza Legearen arabera, maila ekonomiko eta sozial egokia duten ikasleek ez dutela zentro ezberdinetan sakabanatuta egon behar; beraz, homogeneotasuna ikastetxe batzuetan onartuta dago, betiere, familia pribilegiatuetatik datozen ikasleen homogeneotasuna bada, noski.

Lehendik ere bagenekien EAEko Hezkuntza Lege berriak ez duela eskola publikoaren alde egiten, baina, ikusitakoak ikusita, harritzekoa da Eusko Legebiltzarrean onartu eta aste batzuk pasatuta eskola publikoaren aurka egiteko tresna moduan erabiltzea. Bilboko auzoetatik bizilagunek argi utzi dituzte zeintzuk diren haien aldarrikapenak: euskal eskola publiko eta inklusiboaren alde daude. Irakasleok hezkuntzaren bidez gizartea eraldatu dezakegun moduan, gurasook ere, matrikulazioaren bidez, segregazioarekin bukatzeko giltza dugu eskuartean. Beraz, egin dezagun iraultza egunerokotasunetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.