Eguneroko bidaiak

2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Aitortu behar dut. Badut plazer txiki bat; eta ziur baten batek gehiagok ere bizi duela. Autoan ordu asko egiten ditut, eta irratia izaten dut lagun joan-etorri horietan. Albisteak entzun eta tertulia sasoia heltzen denean, hortxe gertatu ohi da. Berba egiten du batek, berba egiten du besteak… eta sutzen nauen zerbait entzundakoan…Ttak! Irratia itzali egiten dut. Irribarre txiki bat ateratzen zait.

Jakin badakit, iritzi eta gertakizun horiek tarte batez ezkutatu arren, egon hor daudela, baina, segundo batzuetan, ahots hori isiltzearekin boteretsu sentitzen naiz, ezinegona aldendu egiten dut. Momentu batean baino ez bada ere.

Azkenaldian, lanpetuta izan naute euskararen inguruko elkarrizketa, eztabaida eta solasaldiek. Isildu dut euskaldunok edozein administraziorekin euskaraz egiteko arazorik ez dugun esan duen politikaria. Diskriminatuta norbait izatekotan, erdaldunak daudela, lanpostu publiko bat lortzeko baztertuta daudela... Ttak! Irratia itzali besterik ez zait geratzen. Hau bakea! Isilune horretan nahiko nuke adierazi eta zabaldu, hark duen indar eta irismen berdinarekin, euskaraz bizi nahi dugunok zenbatean egin behar izaten diogun uko euskarari. 

Kontu batzuk ekartzearren. Bi ekitaldi izan dira Bilbon azken aste hauetan: Bilbao Bizkaia Design Week eta Fair Saturday (100 eventos con impacto social; faroletako banderoletan irakurria); kostaldeko herri bateko musika eskolan ikastaro gehienak gaztelaniaz ematen dira; erakunde publiko batek ikastetxeetan eskaini dituen tailerrak gaztelaniaz izan dira (eta umeak euskaldunak); telefonoaren bestaldeko herri langileak gaztelaniaz egiteko esan dit; euskarazko testuak akatsez beteta ikusi ditugu. Eta horiek guztiek ez dute lekurik hartzen komunikabideetan; lerrobururik ez. Eta, horrela eraikitzen dira sinesmenak, egitate faltsuak. Euskaldunok eroso bizi gara, euskara gehiegi eskatzen dugu. Askok eta askok ez baitute beste aldea ikusten.

Ikusgarritasuna bilatu nahian, sarri pentsatu dut euskararen #MeToo bat behar dugula, masiboki agertzeko, ezetz, badela oraindik bidea egiteko euskararen normalizazioan. Eta era berean, euskara urrun dutenek ikus dezaten euskarara hurbilduz gero, mundu-ikuskera berri bat ezagutzeko aukera izango dutela, bizilagunarekin hobeto komunikatzeko hizkuntza bat eskuratuko duela, kanta eta liburu gehiagotan murgildu ahal izango dela; azken finean, euskal kultura eta identitatearen parte izango dela. Kultur aniztasuna.

Datorren astean izango da Euskararen Eguna; hainbat ekitaldi, komunikatu eta lelo plazaratuko dira aste osoan zehar. Aste horretan euskara kukia, atsegina, positiboa izango da. Hurrengo egunetan izango dugu lana. Ea irratia itzali gabe belarriak gozatu eta piztuta mantentzen dudan. Esperantzara kondenatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.