Partekatzea, bizikidetza eta enpatia: horiek dira hiriaren erabilera egokia egiteko gakoak, Esther Marti DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritza Orokorreko Bizkaiko buruaren arabera. Europako Mugikortasunaren Astearen barruan, Martik hitzaldi bat eman zuen asteazkenean Bilboko Errekalde auzoko Jubilatuen eta Pentsiodunen Zentroan, eta argi utzi zuen mugikortasuna ezinbestekoa dela zahartzaro aktibo bat edukitzeko, baina arduraz jokatu behar dela. «Ez utzi inoiz ikasteari: garrantzitsua da formatzea eta sentsibilizatzea».
Ikusi gehiago
Martiren hitzetan, Europako biztanleen %70 hiri eremuetan bizi dira, eta kontzentrazioa areagotu egingo da datozen hamarkadetan; gainera, joera demografikoari erreparatuta, gero eta zahar gehiago egongo dira hirietan. Segurtasunari dagokionez, azken urteetako joera positiboa izan da, datuen arabera: beherantz egin du hirietan ibilgailu batek harrapatu eta hildako pertsonen kopuruak, baina handitu egin da istripu horietan zendutako pertsona zaurgarrien portzentajea —adinekoei dagokienez, biztanleen %20 inguru dira, baina hildakoen laurdenak, gutxi gorabehera—. Hildakoen beherakada trafikoa baretzeko neurriei egotzi die Martik: autoen gehiegizko abiadura, esaterako, orduko 30 kilometrokoa da Bilboko hirigune osoan.
Gidari arduratuak
Adinekoak, ordea, ez dira oinezkoak bakarrik: gehienek mugikortasun eredu hori erabiltzen dute, baita garraio publikoa ere; baina badaude autoa erabili ohi dutenak ere. Martiren azalpenei erreparatuta, adin batetik aurrera ez da desegokia gidatzen jarraitzea, baina komeni da egokitzapen batzuk egitea. Gidari gisa esperientzia handia badute ere, erabaki arriskutsuak saihestu behar dituzte, jada ez dutelako lehen bezala ikusten, ezta entzuten ere. «Inportantea da osasun azterketak egitea; batez ere, ikusmena eta entzumena aztertzeko. Eta osasun zentroan gomendioak eman ditzakete: ez gidatzea gauez, baldintza meteorologiko kaskarrekin edo ikusgaitasun txikia dagoenean; gidatzea 30 kilometroko eremu batean...».
«Osasun zentroan gomendioak eman ditzakete: ez gidatzea gauez, baldintza meteorologiko kaskarrekin edo ikusgaitasun txikia dagoenean; gidatzea 30 kilometroko eremu batean...»
ESTHER MARTIDGT Espainiako Trafiko Zuzendaritza Orokorreko Bizkaiko burua
Medikamentuekin ere adi egon beharra dago, Martiren esanetan, albo kalteen eraginpean gidatzea bereziki arriskutsua bihur baitaiteke: esaterako, batzuek logura eragiten dute, eta arreta mantentzeko ahalmenari eragin diezaiokete. Halako botiketan, hain zuzen, kutxetan adierazia dago gidatzeko debekua, Martiren berbetan. Eta, medikamentua aldatuz gero edo berri bat hartu behar izanez gero, komeni da lehen egunean autoa ez hartzea.
Era berean, teknologia ere kontuan hartzeko aldagaia da. Martiren arabera, adinekoek auto zaharragoak erabili ohi dituzte, eta horiek babes txikiagoa eskaintzen dute istripuak eta talkak gertatuz gero. Edonola ere, gaur egungo autoetan ohikoa da gidatzeko laguntza, gogoratu duenez: abiadura mugatzeko sistema, larrialdi balazta…