Durangoko Hezkuntza Foroak bizikidetzarako «funtsezko» dekalogoa aurkeztu du

Orain dela bi urte hasi ziren proposamena lantzen, eta Durango «herri inklusiboa, segurua eta errespetuzkoa» izatea du xede.

DURANGOKO UDALA
Durangoko Hezkuntza Foroko kideak, uztailaren 3an, dekalogoaren aurkezpenean. DURANGOKO UDALA
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko uztailaren 15a
05:00
Entzun

«Durango herri inklusiboa, segurua eta errespetuzkoa izatea gura dugu». Helburu hori ezarri zuen Durangoko Hezkuntza Foroak 2022. urtean, eta, hiru urte igarota, hori lortzeko «funtsezko» dekalogoa aurkeztu du orain. Herritarren arteko bizikidetza hobetzea du xede, eta herriko ikastetxeak, guraso elkarteak, kirol klubak eta ordezkari politikoak aritu dira proiektua lantzen, elkarlanean. Hilaren 3an aurkeztu zuten.

Denera hamar puntu zehaztu dituzte. Durangok «edonorentzat» leku «abegikor eta segurua» izan behar duela esanez abiatu dute lehendabiziko puntua. Hortik tiraka osatu dute bigarrena ere: herriko ondarea, kultura, historia eta euskararen presentzia «zaindu eta bermatu» behar direla zehaztu dute. Baita pertsonen duintasuna ere: «Justizia sustatu eta jokabide desegokiak baztertu behar dira». Hori lortzeko, tratu onak bultzatu behar dira, dekalogoan diotenaren arabera. Besteak beste, inklusioa, enpatia, errespetuzko hizkuntza, tolerantzia, aniztasuna eta halako balioak errespetatu behar dira. Bosgarren puntua ere bide beretik doa, elkar babesteko beharra nabarmentzen baitu: «Behar dutenei laguntza eskaini behar zaie».

«Dekalogoaren bitartez, protagonismoa eman nahi zaio Hezkuntza Foroari herritarren sozializazioan. Urrats esanguratsua da, herritar guztiei eragiten die eta, eta ez bakarrik hezkuntzaren esparruari».

ASIER PERUGORRIADurangoko Hezkuntza zinegotzia

Herriko ekosistema du ardatz seigarren puntuak: «Jasangarritasuna eta ohitura osasungarriak sustatu behar dira». Eta hurrengo puntuak parte hartzeari egiten dio erreferentzia: «Parte hartze aktiboa eta lana sustatu behar dira». Horrekin lotuta, beharrak identifikatu eta etengabe hobetu behar direla zehaztu dute zortzigarren puntuan. Herritarrek Durangoz «harro» egon behar dutela adierazi dute bederatzigarrenean, eta gaineratu «komunitatearen lorpenak» elkarrekin ospatu behar direla. Amaitzeko, ondorioztatu dute dekalogoan aipatzen diren balio horiek guztiak herri barruan eta kanpoan errespetatu behar direla.

Beste bi proiektu martxan

Herriko erronkei elkarlanean erantzuteko eta eragileen arteko lankidetza sustatzeko asmoz sortu zuten Durangoko Hezkuntza Foroa, 2022an. «Durangon kohesioa eta ongizatea indartzeko estrategia integral baten parte da», adierazi dutenez. 

Zapatu goizetan egiten dituzte bilerak, eta bilkura horietako batean otu zitzaien dekalogo bat sortzea. Asier Perugorria Durangoko Hezkuntza zinegotziaren hitzetan, gainera, proiektua ez dagokio soilik hezkuntza alorrari: «Dekalogo honen bitartez, Hezkuntza Foroari protagonismoa eman nahi zaio herritarren sozializazioan. Urrats esanguratsua da, herritar guztiei eragiten die eta, eta ez bakarrik hezkuntzaren esparruari. Durango hobea izatea nahi dugu, finean». Iritzi berekoa da Arantza Arrazola Durangoko San Agustin kulturguneko arduraduna: «Etorkizuneko Durango nolakoa izatea nahi dugun pentsatzea oso garrantzitsua da datozen belaunaldiak hezteko». 

Oraingoz, dekalogoa idatzita badago ere, ez dute herritarren eskura jarri, baina, Perugorriak aurreratu duenez, planteatzen ari dira udalerrian nola zabaldu dezaketen: «Hurrengo bileran erabaki beharko dugu dekalogoa non jarriko dugun eta nola erabiliko dugun herritar guztiek haren berri izan dezaten». Durangoko hainbat «gune estrategikotan» plotter-ak jartzea da asmoa; ikastetxeetan, kasurako.

Dekalogoaz gainera, beste bi proiektu dituzte orain esku artean: Gaba Baltza eta Kirol Eguna. Urriaren 31n egiten dute lehenengoa. Iaz antolatu zuten lehenengoz, eta, arrakasta izan zuela ikusita, ekitaldiari eustea eta ohitura bihurtzea espero du Perugorriak: «Halloween delakoaren ordez, Gaba Baltza indartu gura dugu Durangon». Garai bateko jaia berreskuratzeko lantalde bat osatu zuten Hezkuntza Foroan, eta euskara, komunitatea eta kontsumismotik aldendutako eredua hartu zituzten oinarri. Kirol Eguna, berriz, herriko kirol elkarteak eta herrian jokatzen diren kirolak ezagutarazteko asmoz antolatu nahi dute. Herritarren eskura jarri nahi dituzte futbola, eskubaloia, errugbia eta xakea, besteak beste.

DEKALOGOA

  1. Herri segurua izatea.

  2. Natura eta nortasuna zaintzea.

  3. Pertsonen duintasuna sustatzea.

  4. Tratu onak sustatzea.

  5. Elkartasuna.

  6. Ekosistema zaintzea.

  7. Parte hartzea eta batera egindako lana bultzatzea.

  8. Beharrak hobetzea.

  9. Harrotasuna.

  10. Balioak bizitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.