Gerediaga elkartearen zereginetako bat da Durangaldeko historia eta ondarea ikertzea eta hedatzea. Helburu hori abiapuntu hartuta, lan asko egin du elkarteak urte hauetan guztietan. Oraingo honetan, beste pauso bat eman du: duela 52 urteko Abadiñoko San Blas azokako irudiak berreskuratu ditu. Ikus-entzunezkoa datozen egunetan Garaia izeneko Interneteko atarian jarriko dute ikusgai, baina aurrez Abadiñoko Txanporta plazako kultur etxean proiektatuko dute: gaur, 19:30ean.
Hemeretzi minutuko bideo bat da, editatu gabekoa eta giro soinurik gabekoa. Askotariko irudiak tartekatzen dira, eta, bereziki, garai hura nolakoa zen irudikatzeko balioko duela iruditzen zaio Izaskun Ellakuriaga Gerediaga elkarteko komunikazio arduradunari: «Sasoi horretako Abadiño eta inguruko paisaia agertzen dira, baita San Blas eguneko irudiak ere: Zelaieta auzoko kaleak eta eraikin zaharrak identifika daitezke, ferialekua nola antolatzen zen, nolako erakusleak eta saltzaileak joaten ziren, idi proben saioetako irudiak...».
Ordutik, aldatu egin da San Blas azoka. «Gaur egungo leku berean egiten zen azoka, baina autoak aurrera eta atzera zebiltzan jendearen artean. Orduan normaltzat hartzen zena irudikatzeko gaitza da gaur egun». Erakusmahaiei dagokienez ere, igarri du aldea Ellakuriagak: «Jendea bozgorailuekin etortzen zen; adibidez, ezkaratzerako zartaginak-eta saltzeko».
Azoka berritua
Ellakuriagak nabarmendu duenez, 1973koa «modernizatutako» azoka zela erakusten du ikus-entzunezkoak. Izan ere, Gerediaga elkarteak bultzatuta, 1967. urtean berritu egin zuten ordura arteko San Blas eguneko azoka: «Ordura arte araudi larregirik gabe antolatzen zuten azoka, eta, urte hartatik aurrera, sariak ematen hasi ziren. San Blas azoka hutsa izatetik, modu antolatuan egitera igaro ziren». Hiru kategoria bereizi zituzten sariak emateko: abelgorriak, ortuari eta frutak, eta auzolanak. Guztira, 60.000 pezeta banatu zituzten.
Halako ikus-entzunezkoek Durangaldeko memoria historikoa lantzeko balio dezakeela dio Gerediaga elkarteko kideak: «Aukera ematen dute zer izan garen eta gure gizarteak nola eboluzionatu duen ikusteko, eta horri balioa emateko». Eskualdearekin lotura duten hainbat ikus-entzunezko bilduak dituzte Garaia atarian, eta, aurrerantzean, artxiboa handitzeko asmoa dute.
SAN BLAS AZOKA EGINGO DUTE ASTELEHENEAN, ABADIÑON
Urtero legez, San Blas eguneko azoka egingo dute astelehenean Abadiñon. 130 ekoizlek jarriko dute erakusmahaia Zelaieta auzoko trinketeko aparkalekuan. Ortuariak, fruta, gazta, eztia, gozogintzako produktuak, ogia, kontserbak, sagardoa eta txakolina erosteko aukera egongo da, besteak beste. Zalantzarik gabe, baina, erroskillak, San Blas opilak eta koloretako kordelak erosiko dira gehien, egun horretan oso ohikoak izaten baitira. Abereei dagokienez, 180 abelburu izango dira ikusgai. Artisautza azoka bat ere jarriko dute, Txanporta plazan.