Garaiekin batera aldatu dira mendekotasunak. Heroina zen buruhauste nagusia orain dela berrogei urte, eta bestelako kezkak loratu dira azken hamarkadetan. «Nerabeek asko kontsumitzen dituzte edari energetikoak eta zigarreta elektronikoak, baina gizarteak ez ditu hain arriskutsutzat hartzen», ohartarazi du Eider Hormaetxeak (Leioa, 1979), Etorkintza elkargoko adikzioen prebentziorako zerbitzuaren koordinatzaileak. Etorkintzak berrogei urte bete zituen abenduan.
Etorkintza elkargoa 1984an sortu zen, batez ere heroinaren inguruko kezkagatik. Zer arrasto utzi du garai hark?
1980ko hamarkadaren hasieran, egoera dramatikoa zen. Heroinak, gazteen belaunaldi oso bat markatu, eta hildako kopuru kalkulaezina eragin zuen garai politiko eta sozial oso gorabeheratsu batean. Heriotzak ez ziren izan ondorio bakarra: GIBa ere hedatu zen heroinaren eraginez. Osasun arloko arazo bat ez ezik, gizarte arloko arazo bat ere bilakatu zen, neurri handi batean baliabide ekonomiko gutxiagoko kontsumitzaileek delinkuentziara jo zutelako heroinaren premia asetzeko.
Egoera zertan da orain?
Gaur egun, heroinaren kontsumoa bakana da. Euskadiko adikzioen 2023ko inkestaren arabera, %0,46k kontsumitu dute heroina bizitzan behin.
Halere, aipatu izan duzu drogen normalizazio prozesu bat egon dela hamarkada hauetan. Non igartzen duzue?
Legezko drogei dagokienez, oso normalizatuta eta zabalduta dauden drogak badaude aspalditik, eta oso garrantzitsuak dira gure kulturan eta gizarteratzeko prozesuan: tabakoa eta alkohola. 1980ko urteetan, orain baino askoz gehiago kontsumitzen ziren: txikiteoan, bazkarietan eta afarietan beti izaten zen ardo botila bat, eta edonon erre zitekeen —besteak beste, ospitaleetan eta eskoletan—. Baina, orain, droga ilegal batzuen kontsumoa ere normalizatu eta hedatu egin da: adibidez, kalamuarena —dena den, gero eta gutxiago kontsumitzen da; ez gaude duela hamar urte bezala—. Arrazoi asko egon daitezke horren atzean: kontsumoak dakarren arriskua apaltzea, droga eskuratzeko erraztasuna, eta gaur egun drogek duten irudi positibo, atsegin eta erakargarria.
«Teknologien gehiegizko erabileraren sintomatologia beste mendekotasunek eragindakoaren oso antzekoa da. Antsietatearekin eta depresioarekin erlazionatuta dago»
Teknologia digitalekin beste mendekotasun batzuk sortu dira: jokoa, sareko erosketak, bideojokoak... Teknologiak nola eragin dio buru osasunari?
Esan beharra dago ohiko parametro batzuk gainditzen ez dituen edozein jokabide patologikotzat jotzen dela, eta hori arriskutsua da. Psikologian, bi tresna erabiltzen ditugu diagnostikoak egiteko: AEBetako DSM [Buru Asalduren Eskuliburu Diagnostiko eta Estatistikoa] eta Europako CIE [Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena]. Gaur egun, gida horiek oraindik ez dute jasotzen pantailei lotutako mendekotasunik. Baina oso litekeena da hurrengo eguneratzeetan sartzea, ikusten baitugu teknologien gehiegizko erabileraren sintomatologia beste mendekotasunei lotutakoaren oso antzekoa dela. Ikerketa batzuetan egiaztatu dute nerabeen eta gazteen kasuan bereziki lotura duela antsietatearen eta depresioaren igoerarekin, eta lo egiteko arazoak ere sor ditzakeela.
Ondorioz, jaitsi egin da adikzioren bat dutenen batez besteko adina?
Bai. Azken urteetan, nabaritu dugu gazteagoak datozela Etorkintzaren nerabeentzako eta haien familientzako arreta zerbitzura; batez ere, teknologiak, bideojokoek, ausazko jokoek, apustuek eta kalamuak eragindako arazoak direla eta. Nerabezaroak baditu berezko ezaugarri batzuk: arriskuak hartzen dituzte, aldaketa askori erantzuten diote, eta heldutasuna falta izaten dute. Horri gehitzen badiogu mendekotasun potentzial gero eta handiagoko elementuak sortzen direla eta gazteek gero eta eskuragarriago dituztela, arriskua areagotu egiten da.
Psikofarmakoen kontsumoak gora egin du emakumeen artean. Populazio hori bereziki zaurgarria da?
Bai. Baina zer dago horren atzean? Arrazoiak askotarikoak dira, egiturazkoak, eta genero desberdintasunarekin lotuta daude: lan prekaritatea, pobrezia, zaintza lanak, karga mentala eta soziala... Faktore horiek aldatu ezean, emakumeok osasun mentaleko arazoak izateko arrisku handiagoa izango dugu beti.
Zer harreman dago droga kontsumoaren eta indarkeria matxistaren artean?
Erasotzailearen ikuspuntutik, ez dago loturarik: indarkeria matxistaren kausa matxismoa da, ez mendekotasuna. Hala ere, mendekotasun arazoak dituzten emakume askok genero indarkeria jasan dute, eta binomio hori arriskutsua da. Batzuetan, indarkeria izan ohi da mendekotasunen kausa, eta, horregatik, emakumeekin lan egitea oso konplexua da askotan, oso minduta etortzen dira eta.
«Adikzioak eta osasun mentaleko bestelako arazo batzuk dituztenentzat, kartzela ez da aproposa, ez mendekotasunak tratatzeko, ezta gizarteratze prozesuetarako ere»
Presoekin ere lan egiten duzue. Kartzelan egotea arrisku faktore bat da drogazaletasuna sortzeko eta indartzeko?
Urte asko daramatzagu Basauriko eta Zaballako [Araba] kartzeletan preso dagoen jendearekin lan egiten. Nagusiki, adin ertaineko gizonezkoak dira; mendekotasun arazoak eta, neurri handi batean, osasun mentaleko beste arazo batzuk dituzte, bazterketa sozialeko giro batean ibiliak dira, eta ondasun delituengatik edo osasun publikoaren aurkako delitu txikiengatik zigortu dituzte. Emakumeak askoz gutxiago dira, baina zaurgarriagoak. Beraz, delituen prebentzioan, herritarren arteko berdintasun eraginkorra bermatuko duten politika sozialetan inbertitu beharra dago. Adikzioak eta osasun mentaleko bestelako arazo batzuk dituztenentzat, kartzela ez da aproposa, ez mendekotasunak tratatzeko, ezta gizarteratze prozesuetarako ere. Espetxeak salbuespenezko irtenbide bat izan behar du, kasu larrietan bakarrik aplikatzekoa.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrekin emozioak lantzeko materialak ere badituzue. Arazoak sumatzen dituzue haurren eta gaztetxoen artean ere?
Fundazioa sortu zenetik, prebentzioa eta osasunaren sustapena izan dira zutabeetako bi. Haurrak eta nerabeak kolektibo ahulak dira. Gaur egun, osasunaren sustapena eta mendekotasunaren prebentzioa lantzen ditugu Euskal Herriko 24 udalerritan, eta prebentzio programak garatzen ditugu Bizkaiko 120 ikastetxetan. Baina prebentzioa eraginkorra izan dadin, garrantzitsua da programek denbora batez irautea, globalak eta integralak izatea, baita dauden beharretara egokitzea ere. Horri eustea ez da erraza, mendekotasunen prebentzioa ez baitago erantzukizun publikoko inolako sailetan sartuta, eta beraz, programen garapena borondate teknikoaren, politikoaren edo aurrekontuen araberakoa da. Prebentzioa ez dago bermatuta.