Txopet taldeko musikaria

Jon Fernandez: «Diskoan dagoen musika lasaiagoa edo poperoagoa da, eta zuzenekoetan zaratatsuagoak gara»

Txopet musika taldea
Ezkerretik eskumara, Iñigo Guemes, Jon Fernandez eta Andoni Barinaga-Rementeria, Txopet musika taldeko kideak.
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko abenduaren 4a
05:00
Entzun

Aurretik beste musika talde batzuetan ibilitako hiru lagunek sortu zuten Txopet, 2021ean: Jon Fernandez gitarra jotzaile eta abeslaria (Bilbo, 1995), Andoni Barinaga-Rementeria bateria jotzailea (Bilbo, 1996) eta Iñigo Gueñes baxu jotzailea (Bilbo, 1994). Nahiz eta jausi lehen diskoarekin izango dira Durangoko Azokako Ahotsenean, abenduaren 8an. «Gogotsu» daudela esan du Fernandezek. «Gazte guna izango da, eta joko dugu Silitiakoekin, TOCekoekin, eta horrekin ere gustura». Berak erantzun ditu galderak.

Nahiz eta jausi lehen diskoa Ahotsenean aurkeztu ahal izatea berezia izango da, ezta?

Ilusio handia egiten digu. Aukera oso ona da proiektua erakusteko. Beti egoten da jendea berdin zaiona nor den jotzen duena, han egoten dena entzuten, ea zer deskubritu ahal duen.

Egunotan asko pasatuko zarete Ahotsenetik. Hainbeste aukeraren artean zailagoa da jendearengana iristea?

Era batean edo bestean, egia da eskaintza oso zabala dela. Baina arlo askotakoak gara, estilo ezberdinak egiten ditugu, eta zaleek badute gauza ezberdinak eta berriak deskubritzeko aukera. Formatua oso erakargarria da musikariontzat.

Iaz, Gaztea maketa lehiaketa irabazi zenuten. Horri esker, uztailean, BBK Live jaialdian jo zenuten. Talde gaztea izanagatik, indartsu hasi zarete.

Gu harrituta gaude, egia esan. Ez genuen pentsatzen gure proiektuak horrenbesteko harrerarik izango zuenik, eta diskoarekin berdin gertatzen ari da. Pretentsio handirik gabeko proiektua da, eta iruditzen zaigu eskuetatik joan zaigula. Zirkuituan sartuta gaude; etengabe gabiltza kontzertuak eskaintzen. Diskoa azokan aurkeztea beste salto bat izango da.

«Diskoan ikus daiteke zelan ibili garen 'Txopetsoinua' izan daitekeen horren bila, edo zelan lortu dugun».

BBK Livek nazioartean sona du, baina, agian, zuen entzule izan daitezkeen jende askorik ez zen egongo. Baina Durangora azalduko direnak, ostera, izan daitezke, ezta?

BBK Liven lehen egunean jo genuen, 17:30ean: ez zen jende askorik egon. Aurretik ere bagenekien horrela izango zela. Gure proiektua euskalduna da, gure kantak euskaraz dira, eta, printzipioz, Durangoko Azokan egongo direnak gehiago izan daitezke gure entzuleak, gureganako interesa izan dezaketenak.

Kontzertu asko ematen ari zarete, batez ere, areto txikietan eta gaztetxeetan. Betetzen ari dira. Nondik nora lortu duzue halako konexioa entzuleekin?

Zuzenekoetan erakargarria izan daitekeen taldea gara. Ekoiztuta dagoena, diskoan dagoen musika lasaiagoa edo poperoagoa da, eta zuzenekoetan zaratatsuagoak gara, rockeroagoak, eta, agian, hori erakargarria da jendearentzat. Jendeari gustatzen zaio egiten duguna. Jo dugun lekuetan giroa oso ona izan da, eta hori harrigarria da guretzat.

Nola aurkeztuko zenuke diskoa?

Oso era naturalean sortu da. Agian proiektua dago Txopet soinua den hori bilatzen. Nik uste naturala dela. Autotunea beti dago, soinu digitalagoa eta elektronikoagoa ere badago, pop musika sustatzen. Esperimentazio prozesuan ibili gara. Bi momentutan egin da diskoa: hasieran grabatu genituen hiru abesti eta gero beste guztiak. Gure ustez, ikus daiteke zelan ibili garen Txopet soinua izan daitekeen horren bila, edo zelan lortu dugun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.