Dena prest murrizketak indarrean sartzeko

Gehien kutsatzen duten ibilgailuek mugatua izango dute Bilbo erdigunera sartzea ekainaren 15etik aurrera. Legez, emisio gutxiko eremuek 2025erako martxan egon beharko lukete 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan.

Hainbat ibilgailu, eguaztenean, Bilbo erdigunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hainbat ibilgailu, eguaztenean, Bilbo erdigunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko ekainaren 8a
05:00
Entzun

Bilbon ibilgailuen zirkulazioa da kutsadura iturri nagusia, eta horrek, besteak beste, eragin zuzena du airearen kalitatean eta herritarren ongizatean. Egoerari irtenbidea emate aldera, gehien kutsatzen duten ibilgailuek sarbidea mugatua izango dute ekainaren 15etik aurrera Bizkaiko hiriburuan. Egun horretan sartuko da indarrean emisio gutxiko eremua (EGE). Bilboko Udalaren esanetan, hiriaren ezaugarriak kontuan hartzen dituen azterlan bat baliatu dute eredu gisa ordenantza diseinatzeko orduan: 100.000 neurketatik gora egin dituzte, hamahiru kontrol puntutan. Legez, 50.000 biztanletik gorako hiriek ezarri beharko dituzte emisio gutxiko eremuak 2025a baino lehen.

1

Zer da emisio gutxiko eremua?

Hirietako aire kalitatea hobetzeko asmoz zenbait ibilgailu kutsatzaileren joan-etorriak mugatzen dituen eremu geografiko bat da emisio gutxikoa.

2

Zer helburu ditu?

Hirietako airearen kalitatea eta osasun publikoa hobetzea da helburu nagusia. Hau da, herritarren bizi kalitatea hobetzea eta klima larrialdiari aurre egitea; baita kutsadura akustikoa gutxitzea ere. 

3

Bilbon noiz eta zer gunetan ezarriko da?

Bilbon ekainaren 15ean sartuko dira indarrean murrizketak. Alabaina, ez dira hiri osoan aplikatuko. Abandoko barrutia hartuko du; hau da, itsasadarrak mugatutako eremua, eta Sabino Arana, Trenbidearen etorbidea, Autonomia eta Bailen kaleak. Izan ere, horiek dira «trafiko handiena erakartzen duten guneak», udalaren esanetan.

Auto kutsagarrien zirkulazio muga. BERRIA
Auto kutsagarrien zirkulazio muga, Bilbon. BERRIA

Eremura sartzeko murrizketak indarrean izango dira astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 20:00etara. Debekutik salbuetsita geldituko dira eremuaren barruan bizi diren herritarren ibilgailuak, ordenantza indarrean sartu aurretik udaleko ibilgailu erroldan alta emanda badaude. 

Dena dela, sarbide eta zirkulazio murrizketak pixkanaka aktibatuko dituzte, ordenantza indarrean sartzen denetik 2029. urtearen amaierara arte. Irailaren 15era arte, gainera, ez dute isunik jarriko. 2030etik aurrera, berriz, kutsatze apaleko ibilgailuak baino ezingo dira sartu emisio gutxiko eremura: 0, Eko eta C etiketadunak. 

4

Zer ibilgailu sartu ahal izango dira?

Ibilgailu motaren arabera, lau etiketa bereizten dira: 

  • Zero emisioren etiketa urdina: bateria elektrikoentzat, autonomia hedatukoentzat eta 40 kilometroko autonomia duten hibrido entxufagarrientzat erabiltzen da.
  • Eko etiketa berdea eta urdina: 40 kilometrotik beherako autonomia duten elektriko entxufagarrientzat, hibrido ez-entxufagarrientzat eta gas naturalaren, gasaren edo petrolioaren gas likidotuaren bidez propultsatutakoentzat. 
  • C etiketa berdea: 2006ko urtarriletik aurrera matrikulatutako gasolinazko turismo eta furgoneta arinak eta 2015eko irailetik aurrera matrikulatutako dieselak katalogatzen ditu, baita zortzi toki baino gehiagoko ibilgailuak eta 2014tik matrikulatutako gasolina edo diesel ibilgailu pisutsuak ere.
  • B etiketa horia: 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera matrikulatutakoentzat eta 2006tik aurrera matrikulatutako diesel eta gasolinazko automobil eta furgoneta arinentzat da, baita zortzi toki baino gehiagoko ibilgailu astunentzat ere, gasolina zein dieselekoak, 2006tik matrikulatutakoak. 

Eremu horretan, ezingo dira sartu B ingurumen etiketa duten ibilgailuak eta etiketarik ez dutenak. Dena den, B etiketadunak debekutik salbu geldituko dira urtebetez, araudia indarrean sartzen denetik aurrera kontatuta. Talde horietakoren batean sartzen ez diren autoek ez dute eranskailu bat jasotzeko eskubiderik, «ibilgailu garbi gisa etiketatua izateko baldintzak betetzen ez dituztelako», eta erdigunean sartuz gero, zigortu egingo dira.

5

Nola kontrolatuko dute sarrera?

Sarbide guztiak kamera bidez kontrolatuko dituzte. Kamerek automatikoki irakurriko dituzte ibilgailuen plakak, eta pasatu ahala baieztatuko dute eremura sartzeko baimenak dituzten ala ez.

6

Bizkaiko zer beste udalerritan aplikatuko dira murrizketak?

Espainiako Gorteek 2021ean onartu zuten Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legearen arabera, Hego Euskal Herrian 50.000 biztanletik gorako udalerriek ere ezarri beharko dute neurri hori datozen hilabeteetan. Bizkaian, horien artean daude Barakaldo eta Getxo.

ESKOLA GARRIOA - AUTOBUSAK
Auto pilaketak Getxon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bi hiriotan, airearen kalitatea aztertzen ari dira une honetan, baina ez batak ez besteak ez dute aurkeztu emisio gutxiko eremua ezartzeko proposamenik. Legez, 2025a baino lehen ezarri beharko dituzte bi proiektuak.

7

Zein da ekologisten iritzia?

Ekologistak Martxan elkartearen arabera, Bilboko Udalak hartutako neurriak «onak» dira aire kutsadura, kutsadura akustikoa eta atmosferara isurtzen diren berotegi gasak murrizteko, baina kezka batzuk ere plazaratu dituzte. «Errebote efektua» da horietako bat: «Gerta daiteke emisio txikiko eremuan trafikoa murrizteak zirkulazio bera lekualdatzea beste auzo batzuetara». Gaineratu dute oinarrizko baldintzetako bat dela autoentzako aparkalekuak murriztea, eta kalitatezko garraio publikoa eta bizikleta sistema publikoak indartzea.

Etxebizitza politikak txertatu beharra ere aipatu du Ekologistak Martxan-ek. Izan ere, emisio apaleko eremuak gentrifikazio prozesuak susta ditzakeela uste dute etxe politikekin uztartzen ez bada: trafiko mugatuko eremua ongizateko leku bihurtzen bada eta etxeen eskaria asko handitzen bada, errenta apaleneko herritarrak eremu horretatik kanpo geldituko dira esku hartze politikorik ez baldin badago.

Era berean, ordenantza bere horretan 2029ra arte ez aplikatzea «epe luzeegia» dela iruditzen zaie. Elkartearen hitzetan, «ibilbide garrantzitsua» egin beharra dago oraindik.

8

Zer iritzi dute auzo elkarteek?

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak hainbat alegazio aurkeztu dizkio emisio gutxiko eremua arautzen duen araudiari. Salatu zuten udalak ez zituela ezagutarazi eremua diseinatu aurretik egindako ikerketako neurketak. Eremua txikiegia dela iruditzen zaie, bilbotarren %85 handik kanpo bizi baitira. Uste dute Bilbok politika «ausartagoak» behar dituela: besteak beste, oinezko eta bizikleta bidezko garraioa lehenetsiko duten azpiegiturak eta neurriak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.