Dantzak eta tradizioak batuz

Lekuz Leku dantza jaialdiari hasiera emango diote gaur, Bilbon. Asteburuan zehar, mundu osoko hamar konpainiak koreografiak eskainiko dituzte aire zabalean, dohainik. Dantza garaikidea publiko orokorrera hurbiltzea du helburu jaialdiak.

Paulina Espinosa eta Mariana Oliveira dantza sortzaileen 'Drauma' koreografia. Lekuz Leku jaialdian parte hartuko dute bihar. HIRUDIKA
Paulina Espinosa eta Mariana Oliveira dantza sortzaileen 'Drauma' koreografia. Lekuz Leku jaialdian parte hartuko dute bihar, Bilbon. HIRUDIKA
iraia vieira gil
Bilbo
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Guggenheim museoko armiarma, dantzari bi eta, atzeko aldean, egunsentiko lehenengo eguzki izpiak. Publikoz inguraturik daude artistak, interpretatu beharreko koreografia hasiko duten esperoan; askotariko emozioak dira nabari. Lekuz Leku Hiri Paisaietako Nazioarteko Dantza Jaialdiaren harira prestatutako emanaldia da, aurreko urteetako edizioren batean ikusleek doan gozatu ahal izan duten horietako bat. Aurten, zehazki, jaialdiaren 20. urteurrena ospatuko dute Bilbon bertan, eta, gaur eta bihar, dantza garaikidearekin lotutako koreografiak interpretatuko dituzte mundu osoko hamar dantza konpainiak. Doako erakustaldiak izango dira guztiak, eta aire librean eskainiko dituzte, Abandoibarra inguruan. Dantza tailerrak ere emango dituzte dohainik, hiriburuko Fundicion aretoan; dantzan ikasi nahi duen edonork eman dezake izena.

Lekuz Lekun parte hartzen duten artistak zorte handikoak direla uste du Luque Tagua jaialdiko zuzendariak. «Paregabea da dantza ikuskizunak Guggenheim museotik gertu egin ahal izatea, horrek bestelako interpretazio markoa eskaintzen baitie sortzaileei», azaldu du. «Era berean, dantza garaikidea zer den deskubritzeko aukera ematen dio publikoari, ohikoa ez den modu batean». Taguaren iritziz, hain zuzen, artistak eta haien koreografiak kalera ateratzea da dantza estilo hori publiko orokorrera hurbiltzeko erarik eraginkorrena. «Abandoibarra oso leku aproposa da horretarako. Oinezkoentzako gunea da, autoen zaratarik ez dago eta, gainera, eskultura asko daude». Paisaiak berak «zantzu artistikoak» ditu, eta, zuzendariak dioenez, denboraren inguruan hausnartzeko bidea irekitzen du.

«Jendeari jakinarazi nahi diogu aisialdian zinemara joatea eta dantza garaikidearekin lotutako emanaldi bat ikustera joatea antzeko aukerak izan daitezkeela».

LUQUE TAGUA Lekuz Leku jaialdiko zuzendaria

Eskaintzari dagokionez, askotariko dantza estiloak bildu dituztela aurreratu du Taguak. «Dantza garaikidearen barruan, hamaika estilo daude, eta guk aukera sorta handia eskaini nahi izan diogu publikoari, berak erabaki dezan zein gustatzen zaion gehien». Izan ere, dantza garaikidearekiko ezagutza eta zaletasuna hedatzea du helburu nagusi Lekuz Leku jaialdiak. «Jendeari jakinarazi nahi diogu aisialdian zinemara joatea eta dantza garaikidearekin lotutako emanaldi bat ikustera joatea antzeko aukerak izan daitezkeela». Taguak ohartarazi du dantza garaikidea ulertzea zaila izan daitekeela hasieran, eta whiskiarekin alderatu du segidan, lehenengo tragoa ez zaizula gustatuko, «baina gehiago edan ahala, zaporea gogoko» izango duzula.

Iragarkietako pertsonaiak

Lehenengo emanaldiak 19:00etan izango dira, baina aurretik Alemaniako dantza tradizionalak eta Euskal Herriko folklorea nahasten dituen dantza tailerra prestatu dute Dusseldorfeko (Alemania) Theater Der Klange dantza konpainiak eta Natxo Montero eta Eneko Galdos dantzariek. Jaialdiaren XX. urteurrenaren harira antolatu dute tailerra, Alemaniako tradizioak berreskuratzeko eta ezagutarazteko asmoz; Fundicion aretoan emango dute, gaur, 16:00etatik 18:00etara.

Taguak azaldu duenez, ondoren, egunaren amaieran eta konpainien emanaldien ostean, zuzeneko erakustaldi bat egingo dute dantzariek eta tailerreko parte hartzaileek, eta nahi duen edonork haiekin bat egiteko aukera izango du. «Oinarrizko pausoak erakutsiko dizkiete, guztiek dantzatzeko aukera izan dezaten». Bal moderne izendatu dute emanaldia.

Angel Duran Performing Art konpainiaren Clinch koreografiak irekiko du gaur jaialdian, 19:00etan, Guggenheim museoaren inguruetan. Kataluniako talde horren proposamenak maskulinitateen inguruan hausnartzera gonbidatu nahi du publikoa, gorputzen arteko elkarrizketa moduko bat antzeztuz. «Gizon sendoen arteko harremanak ditu hizpide: nola erlazionatzen dira oso gihartsuak diren gizon horiek euren artean?», esan du jaialdiko zuzendariak. Galdera horri erantzun nahi dio Clinch lanak, maskulinitate toxikoa, horrek dakarren lehia eta sentimenduen ukazioa plazaratuz.

(ID_17193047442525) Theater del Klange dantza konpainia alemaniarra. Lekuz Leku jaia
Theater del Klange Alemaniako dantza konpainia. Lekuz Leku jaialdian parte hartuko du aurten. HIRUDIKA

Ordubete geroago, 20:00etan, En cuclillas lana aurkeztuko du Andaluziako (Espainia) Premohs kolektiboak. Taguak aurreratu duenez, euren lurraldeko egoerari buruz hausnartuko du koreografian Premoshek: «Sentsazioa dute Andaluzia oporretan joateko lurraldea besterik ez dela. Jendea bisitan doa, baina inork ez du han bizi nahi. Zergatik?». Paloma Ramos, Isaac Suarez, Antonio Leon eta Marta Reguera dantzariek flamenkoari eutsiko diote hasieran, eta erritmo modernoagoak landuko dituzte ondoren, euren lurraldeko memoriaren inguruan aritzeko. 

Horren segidan, 20:30ean, Mario Gonzalez koreografoaren txanda izango da. La Tarde izeneko dantza aurkeztuko du, David Eusse eta Nicolas Martinez dantzariekin batera. Gozamenerako koreografia izango da, dibertigarria eta alaitasunez beterikoa. «Telebistan ikusi nahiko zenukeen iragarki horren antz handia du: hiru gizon ari dira dantzan, inolako kezkarik gabe, eta publikoa dantzarazteko helburuarekin», azpimarratu du Lekuz Lekuko zuzendariak. Gorputzen mugimendu askea aldarrikatzen dute, baita norberak nahi duen moduan dantzatzeko eskubidea ere. «Oso proposamen ikusgarria da. Ez du ezer kontatu nahi, gozamena sentiaraztea besterik ez du xede».

Egunaren amaieran, artisten, sortzaileen eta publikoaren arteko harremanak eraiki ahal izateko luntxa antolatu dute jaialdiko koordinatzaileek. Fundicion aretoan egingo dute, 21:30ean, eta sarrera librea izango da.

EGITARAUA

  • Gaur.
    • 16:00-18:00, Fundicion aretoa. Dantza tailerra, Theater Der Klange, Natxo Montero eta Eneko Galdosekin.
    • 19:00, Guggenheim museoa. Angel Duran Performing Art konpainiaren Clinch dantza erakustaldia.
    • 19:30, Aita Arrupe pasabidea. Laura Lopez Muñoz eta Pablo Perez Alonso artisten Bailaban las perolas lana.
    • 20:00, Txurruka kaia. Colectivo Premohs taldearen En cuclillas koreografia.
    • 20:30, Guggenheim museoa. Theater Der Klange dantza konpainiaren West-Land-Tanze dantza emanaldia.
    • 21:00, Guggenheim museoa. Alemaniako dantza tradizionalak erakusteko dantza eta tailerra, Theater Der Klangerekin.
    • 21:30, Fundicion aretoa. Artistak ezagutzeko luntxa.
  • Bihar.
    • 19:00, Guggenheim museoa. Mutis Espazioa konpainiaren Gorputzen bulkada erakustaldia.
    • 19:30, Aita Arrupe pasabidea. Virginia Gimeno eta Rober Gomez dantzarien Punteggio per due corpi koreografia.
    • 20:00, hainbat toki. Mariana Oliveira eta Paula Espinosa sortzaileen Drauma lana.
    • Guggenheim museoa. Raquel Jara Dominguez eta Cris Marin artisten Mur koreografia.
    • 20:45, Guggenheim museoa. Theater Der Klange dantza konpainiaren West-Land-Tanze dantza emanaldia.
    • 21:00, Guggenheim museoa. Alemaniako dantza tradizionalak erakusteko dantza eta tailerra, Theater Der Klangerekin.
    • 21:30, Fundicion aretoa. Artistak ezagutzeko luntxa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.