Danspirenaikak «dantza tradizionalaren hiriburu» bihurtuko du Areatza mundu zabalean

Apirilaren 4tik 6ra egingo dute jaialdia: dantza ikastaroak eta dantzaldi parte hartzaileak izango dira. Ikastaroetan parte hartzeko, izena eman behar da, eta 50 euro ordaindu.

Aiko taldeak gidatutako dantzaldia, Otxandion, artxiboko irudi batean. AIKO
Aiko taldeak gidatutako dantzaldia, Otxandion, artxiboko irudi batean. AIKO
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gure herrian, dantzarako zaletasuna eta mendizaletasuna lotuta egon dira betidanik», esan du Aiko taldeko Sabin Bikandik. Harreman horretatik abiatuz sortu zen Danspirenaika egitasmoa, Iruñeko Anaitasuna klubak antolatzen duen Transpirenaikaren bidetik. Aikokoen asmoa, baina, Pirinioak oinez barik dantzan zeharkatzea da. Bikandiren esanetan, egitasmoa martxan jartzeko denbora eta baliabideak behar dituztenez, bien bitartean hainbat lekutan Danspirenaika izeneko dantza egotaldiak antolatzen ari dira azken urteetan. Aurtengoa Areatzan egingo dute, apirilaren 4tik 6rako asteburuan. «Dantza tradizionalaren hiriburu bihurtuko da herria mundu zabalean». 

Ohi legez, bi ardatz izango ditu apirileko lehen asteburuko egitarauak: batetik, dantza ikastaroak, eta, bestetik, dantzaz eta kantuaz gozatzeko ekintzak. Ikastaroetan parte hartzeko, izena eman behar da astelehena baino lehen, eta 50 euro balio du matrikulak. Sei irakasle izango dira, eta bakoitzak ikastaro bat emango du. Transmisio lana egiteaz gain, dantza kalera atera gura dute. Horregatik, besteak beste, afalosteko dantzaldiak antolatu dituzte bariku eta zapatu gauerako. «Mazurka klandestinoa ipini diogu izena. Europan zabaldu den dantzakera bat da: formatu akustiko txikian eta leku berezietan dantzatzean datza. Dantzaldi informala eta gozoa izango da». Horrez gainera, apirilaren 5ean dantza-poteoa egingo dute Iruñeko Jarauta 69 fanfarrearekin eta Bizkaiko Gaiteroekin; domeka eguerdian, Aikokoak eurak arduratuko dira girotzeaz. Jarduera biotan parte hartzeko ez da izena eman beharko, eta doakoak izango dira. 

DANSPIRENAIKA

  • Apirilak 4.
    • 16:30. Ongietorria.

       

    • 17:00. Mutil dantzak.

       

    • 18:30. Dantzari dantza.

       

    • 22:30. Mazurka klandestinoa.

  • Apirilak 5.
    • 10:00.Jauziekin jolasten.

       

    • 11:30. La Jota del Echo.

       

    • 13:00. Dantza-poteoa.

       

    • 15:00. Bazkari herrikoia. Bazkalondoan, kantaldia eta dantzaldia.

       

    • 19:00. Erromeria.

       

    • 22:30.Mazurka klandestinoa.

  • Apirilak 6.
    • 10:00.Formulas rítmicas para bailar mejor.

    • 11:30. Jotak nahieran.

       

    • 13:00. Dantza-poteoa.

Areatzan erromeria ere izango dute zapatu arratsaldean, herriko udal musika bandarekin. «Aspaldi moldatu genituen gure errepertorioko piezak bandek jotzeko», esan du Bikandik. Aiko taldeko kideak gogoratu du herrietako musika bandak, berez, herritarrek dantzan egiteko sortu zirela, baina azken urteetan hori galdu egin dela, eta bandek, oro har, ikuskizunak emateko joera hartu dutela. «Jada ez dituzte egiten kontzertu parte-hartzaileak, dantzatzeko horiek, eta entzutekoak egiten hasi dira. Uste dugu polita izango dela berriro banda batekin dantzan egiteko aukera izatea».

Datorren astean egingo da, bada, Danspirenaika jaialdia Areatzan, baina, Bikandiren esanetan, ez dute Arratiara «paraxutista moduan» joan gura: «Pentsatu genuen eskualdeko jendearentzat zerbait egin behar genuela, eta horregatik antolatu genuen Arratiako jota ikastaroa» . Martxoko domeka arratsaldeetan ematen dituzte saioak Aikoko kideek, aste bakoitzean Arratiako herri batean. Domeka honetan bukatuko da ikastaroa, Areatzan. Doakoa da, eta 18:00etan hasiko da, herriko eskoletan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.