Balea, arrantzaleak, pinaza eta legenda: Bermeo caput Biscaiae. Hori ikusten da gaur egunera ailegatu den Bermeoko Kontzejuaren —udalaren— zigilurik zaharrenean. Nafarroako Artxibo Orokorrak gordeta daukan XIII. mendeko agiri batean dago. «Dokumentu zibila da. Bermeoko Kontzejuak eman zuen baimena Bermeoko hiru prokuradore Hondarribira [Gipuzkoa] joateko, bilera garrantzitsu batera», azaldu du Asier Romero historialariak. Bermeo caput Biscaiae; hau da, Bermeo Bizkaiko buru edo hiriburu. Udalerria Bizkaiko herrietan lehena izan zen garai hartako historia aztertu eta ezagutarazteko, Bermeo Erdi Aroan erakusketa ondu dute Romerok berak, Bitor Uriarte historialariak eta Rober Garai ilustratzaileak. Ekainaren 16ra arte Bermeoko Arrantzale Museoan egongo da ikusgai.
Lehenagotik ere caput izendapena erabiltzen zuen arren, ofizialki 1476ko uztailaren 31n eman zion ohore hori Fernando VII.a Bizkaiko jaun eta Aragoi eta Gaztelako erregeak Bermeori. 1602ko abuztuaren 21ean galdu zuen. Bien bitartean, botere politiko, ekonomiko eta sozial nabarmena izan zuen hiribilduak. Besteak beste, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Gernika-Lumoko batzar etxean, lehen eserlekua izateko pribilegioa zeukan. Bizkaiko jaun-andreen bizilekua ere Bermeon egon zen, hiribilduko gotorlekuan. Garrantzi hori adierazi gura izan dute erakusketaren bitartez. Batez ere, dokumentuek eta Garaik egindako ilustrazioek osatzen dute.
Erakusketaren abiapuntua Romerok 2007an egindako doktoretza tesia da: Bermeoko Erdi Aroko dokumentazioa ikertu zuen. «Hiribilduko artxiboa suntsituta geratu zen 1504ko sute izugarrian, eta baita gero ere, 1722ko sutean. Ondorioz, Bermeon ez zegoen Erdi Aroko dokumenturik. Nire helburua izan zen Espainiako artxibo garrantzitsuetan aurkitzea». Besteak beste, Valladolideko Errege Entzutegi eta Kantzelaritzan, Gaztelako Erresumako agiriak dituen Simancasko Artxibo Nagusian (Valladolid) eta Indietako Agiritegi Nagusian (Sevilla) ibili zen ikertzen. Bermeori buruzko 35 dokumentu topatu zituen. «Kanpoan, halako artxibo garrantzitsuetan, Bermeori buruzko hainbeste agiri topatzeak erakusten du zer esanguratsua izan zen Erdi Aroan».
Bermeoko Udalak argitaratu zion tesia Romerori. Harrezkero, gaia bazterrean utzita izan du, baina duela urte bi erakusketa osatzea bururatu zitzaion, eta ordutik ibili da Uriarterekin eta Garairekin elkarlanean. Historialari bien helburua izan zen dokumentu horiek eskatzea artxibo horiei. Batzuk lortu dituzte, eta Arrantzale Museoan daude ikusgai. Gainontzekoen faksimileak egin dituzte. «Ikusten badituzu, badirudi originalak direla, oso ondo eginda baitaude». Guztira, hamazazpi dokumentu daude. Romerok azpimarratu duenez, gehienak Derion dagoen Bizkaiko Elizaren Historia Artxibokoak dira. Besteak beste, Bermeoko lehen bateo liburua ekarri dute erakusketara.
«Bermeori buruzko hainbeste agiri topatzeak erakusten du zer esanguratsua zen Erdi Aroan».
ASIER ROMEROHistorialaria
Pedro Zarateri buruzko agiriak ere badaude. XVI. mendeko bermeotar bat izan zen. Besteak beste, Vatikanoan egon zen, Julio III.a aita santuaren laguntzaile lanetan. Madrilen, Felipe II.a Espainiako erregearen aholkulari izan zen. «Gizon boteretsua zen. Harreman horiei esker lortu zuen, adibidez, Bermeorako ospitale bat: Sancti Spiritus. Talan zegoen, Santa Maria Talakoa elizaren ondoan». San Ignazio Loiolakoaren (Azpeitia, Gipuzkoa) laguna ere bazen Zarate, eta Bermeon Jesusen Lagundiaren ikastetxe bat sortzeko baimena lortu zuen. Hala ere, azkenean ez zuten sortu.
Erakusketako ibilbidea XIII. mendean hasten da, arestian aipatutako Nafarroako Artxibo Orokorreko agiriarekin. Balea ehizari lotutakoa da. Garai hartan berebiziko garrantzia zuen Bermeon eta Bizkaiko kostaldeko beste hainbat portutan. XVI. mendera arte, mende bakoitzeko dokumentu bat edo agiri sorta bat hartu dute, Bermeo mende horretan zelakoa zen islatzeko. Horrez gain, Garaik egindako ilustrazioek adierazten dute agirietan ikus daitekeena. «Ez genuen zerbait aspergarria egin nahi; dokumentuz betetako erakusketa huts bat. Gainera, nahi dugu herriko gazteek Bermeoko historia ezagutu dezatela, eta ilustrazioekin erakargarriagoa da». Helburu horrekin, datozen asteetan herriko DBH eta Batxilergoko ikasleak Arrantzale Museotik pasatuko dira, eta Romeroren eta Uriarteren azalpenak entzungo dituzte.
Romerok azaldu duenez, ilustrazio bakoitzak bi atal ditu. Alde batetik, testutxo bat dute, mende horri dagokion azalpenarekin. Bestetik, irudia bera dago, baina ez bakarrik. QR bat ere ipini diote, eta, hura sakelakoarekin eskaneatuta, irudia errealitate areagotuaren bidez ikusi ahal izango dute. Gainera, erakusketarako sarreran, Erdi Aroko Bermeoko eskribau baten ilustrazioa dago, tamaina errealean, burua kenduta duela. Gura duenak han sar dezake bere burua, eta argazkia egin. «Historia gazteentzat erakargarria izatea nahi dugu», azpimarratu du Romerok.
Ekonomia, gerra eta suteak
XIII. mendean balea ehizarekin hasitako bideak itsasoan jarraituko du XIV. mendean, itsas merkataritzari esker: horri erreparatu diote hurrengo ilustrazioan. «Europako bide komertzial garrantzitsuetan zegoen Bermeo. Esaterako, harreman estuak zituen Flandriarekin, Frantziarekin eta Ingalaterrarekin. Hainbat agirik erakusten dute hori. Esaterako, Bermeoko merkatariak zeuden Brujasen eta Ganten. Bermeoko alde zaharrean bazegoen La Rochelle izeneko kale bat, Frantziako Arroxela bezala».
XV. mendean leinuen arteko lehiak baldintzatu zuen guztia Bizkaian, eta baita Bermeon ere. Dorretxeen garaia zen, guduena. Garai hartatik dorretxe bakarra geratzen da hiribilduan: Ertzilla. Eraikin hartan dago, hain zuzen, gaur egun Arrantzale Museoa. Izan ere, XVI. mendean sute garrantzitsu bat gertatu zen Bermeon. 1504an izan zen, eta herria asko suntsitu zuen; besteak beste, agiritegia. Bermeoko Kontzejuak hainbat gutun bidali zizkion Juana I.a Bizkaiko andre eta Gaztelako erreginari. Badituzte 1506an, 1507an eta 1508an idatzitakoak. «Kontatzen zioten Bermeo zelan zegoen sutearen ondorioz, hark jakin zezan. Dokumentu horietan oso ondo islatzen da zein zen egoera eta zer nahi zuten erreginak egitea. Dirua nahi zuten Bermeo berreraikitzeko».
Romeroren arabera, sute haren ondorioz Bermeok indarra galdu zuen. Ostera, garai hartan, Bilboko portua sendotzen ari zen, merkataritza bideetan nagusitasuna lortzen. Hala, Bermeok caput Biscaiae izendapena galdu zuen, eta Bilbo bihurtu zen jaurerriko hiriburu.
Hain zuzen ere, Bermeotik Bilbora mugituko dute erakusketa, Ondare aretora. Ordura arte, hainbat hitzaldi egingo dituzte Bermeon. Martxoaren 14an, Isabel Mellenek azalduko du Behe Erdi Aroan andreek zer garrantzi izan zuten ekonomian. Apirilaren 25ean, Jesus Muñiz historialariak eta Romerok berak Santa Maria Talakoa elizaren inguruan egingo dute berba. «Ia-ia katedral bat izan zen, baina XVIII. mendean, 1722ko sutearen ondorioz, erabat suntsitu zen», azaldu du Romerok. Maiatzaren 30ean, Garaik erakusketako ilustrazioak sortzeko prozesua kontatuko du.