URTEKARIA: FEMINISMOA

Bultzada sendoa zaintza sistema publiko eta kolektibo baterantz

2023a urte garrantzitsua izan da mugimendu feministaren aldarrientzat: aurreneko greba feminista orokorra egin dute, zaintza negozio izan ez dadila exijitzeko.

(ID_13391048) (Monika del Valle/@FOKU) 2023-11-30, Bilbo. A30 greba feminista, piketeak Bilboko sarreran San Mamesen eta manifestaz...
Jende mordo bat Bilboko San Mamesko sarreran, azaroaren 30eko greba feminista orokorrean egindako piketeetako batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
amaia igartua aristondo
2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

Mugarria izango zela aurreikusi zuten, eta halakoa izan zen Denon Bizitzak Erdigunean plataformak azaroaren 30erako deitutako aurreneko greba feminista orokorra: mugarria, oroz gain, zaintzaren afera hizpidera ekarri zuelako. Greba baliatuta, zaintzaz luze eta zabal hitz egin zuten hainbat sektoretako eragileek, zaintza sistema publiko bat ezinbestekoa dela azpimarratuta eta zaintzarekin negozioa egiteko asmoez ohartarazita; grebaz mintzatu ziren ordezkari instituzionalak ere, adostasuna edo kontrakotasuna adierazteko... Aldez edo moldez, denen ahotan egon zen greba eta, ondorioz, zaintza.

2018ko eta 2019ko greba feministen lekukoa hartu zuen aurtengoak: andreak zeuden deituta orduko haietara, eta herritar denak oraingoan, hego Euskal Herrian. Sindikatu, erakunde eta eragileen zerrenda luzeak egin zuen bat deialdiarekin, eta Bizkaiko kaleak bete zituen jende andana batek, antolatu ziren jarduera mordoetan. Bilboko arratsaldeko mobilizazioan, esaterako, milaka pertsonak gaur egungo zaintza ereduaren kutsu arrazista salatu zuten, gizonezkoei inplikazioa eskatu zieten, eta instituzioei exijitu zieten zaintzaren gaiari «urgentziaz» heltzeko, «larrialdian» baitago. Durangon, Gernika-Lumon eta Markina-Xemeinen ere mobilizazioak egin zituzten arratsaldean.

Goizean goizetik mugitu ziren feministak. Bizkaian, eskualdeka antolatu zituzten ekintzak, tokian tokiko egoera kontuan hartuta, eta hiriburutik kanpoko jendeak errazago parte hartzeko. Baina, oro har, piketeekin hasi zuten eguna: denda eta fabrika andana baten inguruetan bildu ziren, eta errepideak ere moztu zituzten. Bilboko geltoki intermodalean, autobusen ibilia oztopatu zuten dozena bat emakumek: autobusen sarrerako eta irteerako tuneletan eseri ziren. Poliziak identifikatu egin zituen. Bestalde, autoz ere zaila izan zen hiribildura sartzea: pikete informatiboek lau sarbide nagusiak itxi zituzten, Juan Garai etorbidean, Enekurin, San Mamesen eta Salbeko zubian. San Mamesen, isunekin mehatxatu zituzten grebalariak. Nolanahi ere, auto ilara luzeak eragin zituzten.

Instituzioak jopuntuan

Instituzioak interpelatu zituzten. Bilbon, udaleko osoko bilkuran sartu ziren hainbat feminista, eta udaltzainek egotzi egin zituzten. Handik gutxira, ordea, udaletxe aurrean antolatu zuten euren osoko bilkura sinboliko eta parte hartzailea, hiri eredua gaitzesteko. Pribatizazioak, turistifikazioa eta azpikontratak deitoratu zituzten, eta gizarte gaietarako aurrekontu txikiagoa zegoela salatu zuten.

Goizean goizetik mugitu ziren feministak. Oro har, piketeekin hasi zuten eguna: denda eta fabrika andana baten inguruetan bildu ziren, eta errepideak ere moztu zituzten.

Bilkura bukatutakoan, Atzerritarren Bulegora lekualdatu ziren grebalariak: etxeko langileek —arrazializatuak edota migratzaileak dira gehienak— performance bat egin zuten, eta nabarmendu beren kide egoiliarrek ez zutela greba egiteko eskubiderik.

Zahar etxeetan ere bai

Zahar etxeetan ere mobilizatu ziren, zerbitzu publiko guztien publifikazioa eskatzeko: egoitza publikoetan dituzten lan baldintzak galdegin zituzten, zehazki, eta pribatizazioaren ondorioak salatu. Izan ere, bikoitza da GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen menpeko egoitzetako langile kopurua, eta horrek ondorioak ditu bai beharginen osasun fisiko eta mentalean, baita erabiltzaileei eskainitako zerbitzuan ere. Bizkaiko zahar etxeetako plazen %8,9k dute kudeaketa publikoa, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak aurten argitaratutako txosten baten arabera.

Langileek salatu zutenez, behargin gutxiegi daude egoiliarrak artatzeko, eta, hortaz, denbora oso gutxi eskain diezaiokete bakoitzari. Ainhoa Menendez zahar etxe bateko behargin eta ELAko kideak kontatu zuen nolakoa den ohiko goiz bat, azaroaren 24ko Bizkaiko Hitza-n: «Hamabost minutu izaten ditugu, gehienez, pertsona bakoitza esnatzeko, jaikitzeko, dutxatzeko eta janzteko. Galera kognitibo handia dute, jarrera nahasmenduak, mugitzeko zailtasunak... Batzuetan, laguntza teknikoak behar ditugu». Hala ere, legeak ezarritakoaren gainetik dago kopurua. Beraz, ratioa handitzeko ere eskatu zuten greban.

Mugimendu feministak egunean bertan egin zuen deialdiaren lehen balorazioa, eta nabarmendu zuten «oso arrakastatsua» izan zela: grebarekiko atxikimendua azpimarratu zuten, baita mobilizazioetako parte hartze «izugarria» ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.