Inguruko bizilagunek beste esangura bat eman zioten Ereñozarri (Ereño), Mikel Neira arkeologoaren arabera: «Jaunaren eta botearen ikur izatetik herriaren sinbolo izatera pasatu zuten». Izan ere, duela hamarkada bat pasatxo egindako indusketetan topatu zutenez, XI. mende hasieratik XIII.era arte gaztelu bat egon zen tontorrean, baina, XIV. mendean ereñarrek euren eliza nagusia eraiki zuten leku hartan, eta euren hildakoak ere han ehortzi zituzten, harik eta XVI.ean Elizaldeko San Migel parrokia eraiki zuten arte. «Euren hildakoak lurperatu nahi zituzten. Non? Ordura arte enblematikoa izandako lekuan; inguruko garrantzitsuenean. Han goitik zaintzen eta hertsatzen zituzten zergak ordaintzeko. Hutsik geratu zenean, eurena bihurtu zuten, gaztelua eraitsita». Garaiko gizartean eliza eta nekropolia ziren lekurik garrantzitsuenak. Gaur egungo San Migel ermita XIX. mendean eraiki zuten. Azkenekoz, 1980ko hamarkadan berritu zuten, 1978an leherketa batek eraikina suntsitu ondoren.
Mitologikotik asko du lekuak, halako mendi bereziek izan ohi duten legez. Ereñozar Historiaurretik da sakratua haren barrunbeetan baitago Santimamiñeko kobazuloa. Elezaharraren arabera, San Migel eta deabrua ere inguruko horretan borrokatu ziren, eta lehia haren aztarna dira haitzetan dauden arrakalak. Neirak eta bere taldekideek, ostera, zientziaren begietatik begiratu nahi izan zioten Ereñozarri.
«Euren hildakoak lurperatu nahi zituzten. Non? Ordura arte enblematikoa izandako lekuan; inguruko garrantzitsuenean».
MIKEL NEIRA Arkeologoa
2008tik 2012ra bitartean egin zituzten indusketa lanak. Dokumentuei esker bazekiten leku hartan gaztelu bat egon zela. Esaterako, Gaztelako Anfonso XI.aren kroniketan aipatzen da Sant Miguel d’Erencho izeneko gazteluan babestu zela Juan III.a Nuñez Larakoa Bizkaiko jauna —Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andrearen senarra—. XIV. mendean izan zen hori, eta erregeak idatzi zuen arren babeslekua gaztelu bat izan zela, Neirak zehaztu du ordurako Ereñozarren zegoen eraikina eliza izan zela. «Haren inguruan eraiki zuten babesleku moduko bat, eta han egon ziren Bizkaiko jauna eta haren kideak gordeta».
Lehen zundaketetan lehen sorpresa topatu zuten: lehenengo nekropoli bat agertu zitzaien, eta ondoren, gazteluaren elementuak. Erromaniko aurreko kapitel bat eta zeramika zati batzuk topatu dituzte, eta Neirak uste du VII. edo VIII. mendeko tenplukoak izan daitezkeela. Hori ikusita, inguru guztian indusketa lanak egitea erabaki zuten. Gaur egungo ermitaren burua eta elizpea utzi zituzten aztertu barik, baina ez du uste han ezer «berezirik edo adierazgarririk» topatuko luketenik.
Feudalizazioa
Arkeologoak azaldu duenez, gaztelua eraiki zen garaian gizarte feudala sortzen ari zen. «Ordura arte, Goi Erdi Aroko herrixkek ez zeukaten erreferente politikorik. Orduan, feudalizazioarekin, lurraldea kontrolatuko zuten jauntxoek behar zuten gaztelu bat adierazteko inguruko bizilagunei, nekazariei, kontrolatuko zituen jauntxo bat izango zutela». Horregatik, Ereñozarko gazteluaren funtzioa lurraldea defendatzea baino gehiago zen botearen ikur izatea. Neirak adierazi duenez, praktikoki ere ezinezkoa zen defentsarako erabiltzea, han goitik haranera jaisteko denbora behar zutelako. XIV. menderako, gizarte feudala ezarrita zegoen eta herritarrek ondo baino hobeto ezagutzen zituzten herrialdeko ezaugarri politiko-ekonomikoak; beraz, jauntxoek ez zuten gaztelurik behar, eta erabilgarri izateari utzi zion.
Ereñozar edonoiz bisita daiteke, eta handik Urdaibaiko paraje zoragarriez gozatu. Udan, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Ibilbide historikoak programari esker gidari baten laguntzarekin ezagutu daiteke. Horrez gainera, irailaren 29an San Migel eguneko erromeria ospatzen dute. Neiraren esanetan, lekuak oraindik ere sinbolo izaten jarraitzen du inguruko biztanleentzat, eta jai garrantzitsua izaten da haientzat.
ereñozarko ermita
- Helbidea. Ereñozar. Ereño.
- Bisitak. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibilbide historikoko programari esker bisita daitezke, egun hauetan: uztailaren 5, 8, 15, 20 eta 27an, eta abuztuaren 1, 10, 15, 18, 22 eta 30ean.
- Izena emateko. 688-85 66 89 telefono zenbakian edo [email protected] helbidean.
- Webgunea.Bizkaikoa.bizkaia.eus.