Bizkaitarren etxea eta ikurra

XX. mende hasieran inauguratu zuten Bilboko Foru jauregi berria. Estilo neoerrenazentistan egindako eraikin sendoa da, arranditsua eta oso apaindua. Bizkaiko industriak, merkataritzak eta finantzek zuten oparotasuna islatzen ahalegindu ziren.

Bizkaiko Foru jauregia
Bilboko Foru jauregia, artxiboko irudi batean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2024ko uztailaren 29a
05:00
Entzun

Bilboko Kale Nagusian du sarrera printzipala. Burdinazko hesiz itxita dagoen atarte ikusgarritik sartzen da eraikinera. Barruan, parez pare, eskailera nagusia dago. Gainean kupula bat dauka. Solairu nagusira igo eta atzera begiratzean, beirate nagusia dago. XIX. eta XX. mendeen arteko Bizkaia adierazi gura du. Erdigunean, herrialdearen ikur den andre bat dago, Gernikako arbolaren aurrean; harengana doaz bizkaitarrak: euren lana eskaintzen diote amari. Bilboko Foru jauregiaren altxorretako bat da.  

Jauregi berriak 1900eko abuztuaren 31n ireki zituen ateak. Estilo neoerrenazentistan egindako eraikin sendoa da, arranditsua eta oso apaindua. Foru gobernuaren egoitza izateko diseinatu zuten, baina baita herrialdeko industriak, merkataritzak eta finantzek garai hartan zuten oparoaldiaren ikur izateko ere. Euskal Herriko eklektizismo modenoaren lanik bikainetakoa da bizkaitarren etxea.

Bilboko Foru jauregiko eskailera nagusia eta solairu nagusia. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Bilboko Foru jauregiko eskailera nagusia eta solairu nagusia. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Beiratearen parean, eskailera nagusia igo eta, aurrez aurre, harrera aretoa dago. Ekitaldi garrantzitsuenetarako erabiltzen da. Bizkaiaren apoteosia izeneko hiru fresko alegoriko daude sabaian, eta bizkaitarren lorpenak, lana eta balioak irudikatzen dituzte.

Alboetako geletara joateko ateen gainean ere freskoak daude. Diputazio kalerantz dagoenean, Fernando II.a Aragoikoak Bizkaiko foruak zin egin zituenekoa ikus daiteke. Astarloa kalerantz dagoenean, Ganboa eta Oinaz leinuek Gernikako arbolapean sinatutako ituna dago irudikatuta.

Bilboko Foru jauregiko beirate nagusia. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Bilboko Foru jauregiko beirate nagusia. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Azken ate horretatik joanda, tronuaren aretoa dago. Kolore berdea eta zuria dira nagusi, eta ispilu handiak ditu. Monarkia izeneko alegoria dago sabaiko freskoan. Bizkaiko jaun eta andre tituluak dituen Espainiako koroa goresteko sortu zuten gela hori.

Historiaren isla

Hurrengo aretoa osoko bilkurena da. Foruak indargabetu eta Batzar Nagusiak desegin ondoren sortutako diputazio probintzialeko kideak batzartzen ziren lekua da. Gaur egun, Ramon Sota aretoan biltzen da eguenero foru aldundiko gobernu kontseilua. Eskailera nagusiaren eta osoko bilkuren aretoaren artean, kapera dago, San Ignaziori eta San Balendin Berrio-Otxoari eskainia.

Bilboko Foru jauregiko tronuaren arteoa. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Bilboko Foru jauregiko tronuaren aretoa. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Eskailera nagusitik ezkerretara joanda daude Bizkaitar Ospetxuen Aretoa eta ahaldun nagusiaren bulegoa. Areto horretan biltzen zen Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bere sailburuekin, 1936an, Jaurlaritza Bilboko Carlton hotelean ezarri aurretik. Ahaldun nagusiaren bulegoan, hainbat altxor baliotsu daude; nagusiak, Frantziako enperadore Napoleon II.aren emazte Eugenia de Montijok Bizkaiko Diputazioari 1857an oparitutako portzelanazko hiru pitxer dira.

Bilboko Foru Jauregia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.