Bizkaiko bederatzi ikastetxetan sokatira landuko dute, Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak sustatutako Bizkaian sokatira landuz proiektuari esker. 12-18 urte arteko ikasleentzat pentsatua dago, eta, guztira, 1.530 neska-mutilek hartuko dute parte. Federazioko presidente Juan Miguel Ranerok azpimarratu duenez, nazioarteko txapelketetan ohartu dira beste herrialde batzuek Bizkaiak ez duen harrobia dutela sokatiran. «Proiektu honen bitartez, gazteak sokatirara lotu nahi ditugu. Hurbil daitezela, teknika uler eta ikas dezatela, institutuan praktika dezatela, eta, gustuko badute, talderen batean tiratzera batu daitezela», azaldu du Ranerok.
Federazioko kirol zuzendari Joseba Etxebarriak esan duenez, orain arte ez da lan handirik egin sokatira sustatzeko, eta egin den guztia federazioko teknikariek egin dute. Programa honi esker, Bizkaiko sokatira talde nagusiek hartuko dute ardura. «Haiek baino hobeto inork ez du transmitituko zeintzuk diren euren taldeko balioak eta filosofia», adierazi du Etxebarriak.
Laukizko Gaztedi sokatira taldekoak, Erandioko Goiherrikoak eta Abadiñoko taldekoak euren inguruko hiruna ikastetxetara joango dira: Gaztedikoak, Mungiako Larramendi ikastolara, Mungiako institutura eta Loiuko Lauro ikastolara; Goiherrikoak, Erandioko Ategorri eta Astrabudua institutuetara eta Leioako Betiko ikastolara; eta Abadiñokoak, Abadiñoko institutura, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutura eta Durangoko Kurutziaga ikastolara. Ikastetxe bakoitzean aste biz arituko dira, eta Gorputz Hezkuntzari dagozkion orduetan landuko dute sokatira. Astelehenean hasiko dira Durangoko Kurutziagan, eta maiatzera arte, gainontzeko eskoletara joango dira txandaka. Materiala zentroetara eroateko laguntza ekonomikoa Laboral Kutxak emango die, proiektuaren babeslea da eta.
«Nahi genuke programan parte hartuko duten gaztetxoekin talde bat sortu, 2027an GENSB txapelketan lehiatzeko»
JOSEBA ETXEBARRIA Euskal Jokoen eta Herri Kirolen Bizkaiko Federazioko kirol zuzendaria
Bizkaiko federazioaren asmoa da hurrengo ikasturte bietan ere proiektuari eustea. Gainera, eremu geografikoa ere handitu gura dutela esan du kirol zuzendariak. Hurrengo pausoa izango da egitasmoa Bilboko ikastetxeetara eta Busturialdekoetara hedatzea, baina, oraingoz, ez dute zehaztu noiz egingo duten hori. Busturialdean, Sustabiz fundazioari esker, herri kirolak sustatzeko lanean dabiltza azken bizpahiru urteetan.
Lehiarako taldea
Federazioko kirol zuzendariaren esanetan, ez da kasualitatea programarako adin tarte hori aukeratu izana. GENSB izeneko txapelketa txandaka antolatzen dute Alemanian, Ingalaterran, Herbehereetan, Suitzan eta Belgikan. 12 eta 18 urte arteko sokatiralariek hartzen dute parte. Etxebarriak gogoratu du 2019an Ingalaterrara hiru talde bidali zituztela Bizkaitik: Erandioko Goiherri taldeak osatutako bi eta Mungian azken orduan osatu zuten bat. «Nahi genuke programa honetan parte hartuko duten gaztetxoekin talde bat sortu, 2027an Belgikan lehiatuko den GENSB txapelketan lehiatzeko. Eta luze gabe, zergatik ez, txapelketa bera hemen Bizkaian antolatu nahiko genuke».
Etxebarriak azaldu du herri kirolek gaitz daukatela adin horretako gazteek dituzten beste aukeren artean. Oro har, transmisioa familian edo lagun taldean egin izan da. Aspaldian beste kirol batzuetan ibilitakoak ere batu zaizkie. Bizkaian sokatira landuz-ekin, kirol horretatik aparte dauden gazteek ezagutu dezatela lortu nahi dute. Hori bakarrik lortzea arrakasta izatea da federazioarentzat. «Hortik aurrera, bost gazte badira ere, bakar batzuk taldeetara sartzea lortuko bagenu itzela izango litzateke».