Bizkaian gero eta indartsuago dago ikus-entzunezkoen sektorea: azken hamarkadan, ia lau halakotu egin da lurraldean osatutako ikus-entzunezko ekoizpenen kopurua. 2015ean, 44 ikus-entzunezko grabatu zituzten, eta, iaz, berriz, 168 ekoizpen hartu zituen Bizkaiak, 2023an baino hamazazpi gehiago. Proiektu horietako batzuk bertakoak badira ere —Zeru ahoak telesaila, esaterako— , gehienak nazioarteko produkzioak dira —adibidez, Spicy Will film luzea 36 egunez filmatu zuten Bizkaian—. «Tokikoak izan arren, film batzuek nazioartean izango dute eragina», esan du Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak. Euskarazko ekoizpen kopuruarengatik galdetuta, adierazi dute ez dutela horren inguruko daturik.
Gero eta enpresa eta langile gehiagok parte hartzen dute produkzioetan, eta gero eta eragin handiagoa dute. «Esan dezakegu Bilbon eta Bizkaian industria indartsu bat dagoela, eta azkar hazten ari da», adierazi du Kontxi Claver Bilboko Garapen Ekonomikoko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak. Lorpen hori Bizkaiko lokalizazio «erakargarriekin» lotu du, baita 2023az geroztik Bizkaiak ikus-entzunezkoen sektorearentzat eskaintzen dituen onura fiskalekin ere.
Zalantzarik gabe, Bilbo izan da proiektu gehien hartu duen udalerria, baina beste 73 udalerrik ere hartu zuten ikus-entzunezko ekoizpenen grabaketaren bat. Era berean, Getxon, Urduñan, Leioan, Zeanurin eta Portugaleten izandako filmaketa kopurua ere nabarmendu dute BBFC Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuaren 2024ko balantzean.
«Tokikoak izan arren, film batzuek nazioartean izango dute eragina»
AINARA BASURKOBizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua
Ekoizpen guztien artean, film luzeek izan dute bilakaerarik oparoena: aurreko hamar urteetan, batez beste zazpi film ekoizten zituzten urtean, eta iaz, 28 egin ziren. Horietako batzuk estreinatu dituzte jada. Soy Nevenka, Azken erromantikoak eta ¿Es el enemigo?, adibidez. Beste batzuk, berriz, laster helduko dira pantailetara; besteak beste, Campamento Garra de Oso, La regla de Osha, eta euskaraz ekoizten ari diren hiru lan: Maspalomas, Gaua eta Karmele.
Telesailen kasuan ere markak hautsi dituzte: 11 ekoitzi zituzten 2024an, aurreko urtean baino lau gehiago. Goranzko joera nabarmena izan dute azken hamarkadan: 2019ra arte urtean ez ziren bi baino gehiago ekoizten. Horietaz gain, 43 iragarki, 28 dokumental, 25 telebista programa, hamasei film labur, zortzi bideoklip eta bi websail egin dituzte. «Bilbon eta Bizkaian zerbait filmatu duena berriro etortzen da filmatzera, eta horixe da gure bermerik onena», esan du Claverrek.
Eragin ekonomikoa
Sektoreak 50,7 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen Bizkaian 2023an. Joan den urteko datua ez dute oraindik eskura, baina, filmaketa lan gehiago izan direnez, Bilboko zinegotziak espero du eragin ekonomiko handiagoa izatea.
Ikus-entzunezkoen inguruko lan merkatu bat ere badagoela aipatu du Claverrek, «eta sortutako lanpostu kopurua batezbestekoaren oso gainetik» dagoela.
1.941Zenbat lanpostu sortu ziren iaz Bizkaian ikus-entzunezkoen sektorean. Azken hamar urteetan, nabarmen handitu da ikus-entzunezkoen sektorea Bizkaian. Iaz, arlo horretako 1.941 lanpostu sortu ziren lurraldean, 2014an baino % 50,5 gehiago, hain zuzen ere.
Horrez gain, ikus-entzunezkoekin lan egiten duten enpresen kopurua %57,7 igo da. Duela hamar urte 284 enpresa ziren, eta iaz, berriz, 448.
Joera horrek lan kopuruan ere badu isla. 2024an, 1.294 filmaketa egun antolatu ziren guztira. Nabarmen igo da datu hori; izan ere, 2018an 508 izan ziren. Urtez urte handituz joan da zenbateko hori, batez ere 2023an pizgarri fiskalak eskaintzen hasi zirenetik Bizkaian ikus-entzunezkoak ekoizteko. Ordutik, herrialdean ekoizten diren proiektuen ekoizpen gastuen, publizitatearen eta sustapen kostuen kenkaria %35 eta %60 bitartekoa da, eta %70erainokoa ere izan daiteke baldin eta produkzioa euskaraz sortu bada.
Bilbao Bizkaia Film Commission 2014an sortu zuten, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean. Zerbitzu publiko bat da, European Film Commission Network sarearen barrukoa, eta haren helburua da Bizkaira ikus-entzuneko ekoizpenak erakartzea, horiek kudeatzea eta laguntzea. Zerbitzuak, gainera, Jardunbide egokien gidaliburua argitaratu berri du, Bizkaian ikus-entzunezkoekin lan egiten duten profesionalei laguntzeko asmoz.