Bizimodu baten ikurra

Bilboko Itsasmuseumen 'Nuevo Anchustegui. Gure señoriti' erakusketa dago ikusgai apirilaren 7ra bitarte. 1990eko hamarkadara arte itsasoan ibilitako itsasontziaren ondare material eta immateriala bildu dute.

(ID_13507834) Chillida Leku
'Nuevo Anchustegui' itsasontziaren maketa, Bilboko Itsasmuseumeko 'Nuevo Anchustegui. Gure señoriti' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Egunkari bateko albistea irakurri zuen Juan Antonio Apraiz merkataritzako itsasgizonen eta itsas kontuen dibulgatzaileak 2015ean: Eusko Jaurlaritzak Nuevo Anchustegui arrantzontzia zaharberritu zuen, ondare kulturala zelako. «Nik pentsatzen nuen itsasontzi haren atzean zer edo zer gehiago egon behar dela. Ontzia objektu bat da, baina familia bat zen jabea, han hamabost pertsona bizi izan ziren egunero, nora joaten ziren arrantzara... Ondare materialaz gain, ondare immateriala ere bazen, eta hori guztia ikertzea erabaki nuen». Gaur egun, Nuevo Anchustegui Bilboko Itsasmuseumeko dikean dago ikusgai, eta hantxe ari dira zaharberritze lanak egiten. Apraizek lortutako informazioarekin, erakusketa bat ondu dute museoko Carol Iglesias esparruan: Nuevo Anchustegui. Gure señoriti. Hamazortzi panel eta hainbat objekturen bitartez, Ondarroaren, arrantzaren eta Antxustegi-Badiola familiaren itsasontzi izandakoaren ibilbide historikoa kontatzen dute. Apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Apraizek hainbat iturritara jo zuen ikerketa egiteko: artxiboak, kapitaintzak, familia liburuak, egunkari eta aldizkarien hemerotekak, Ondarroako kofradia... Antxustegi-Badiola familiakoengana ere jo zuen, hasierako eta geroagoko belaunaldietakoak elkarrizketatzera. Kontatu duenez, grabazio ordu asko ditu. «Zaila izan da hori guztia erakusketa honetan islatzea. Espero dut luze gabe beste euskarri batzuetan plazaratu ahal izatea», esan du Apraizek.

1

Ondarroako portua

Erakusketaren abiapuntua Ondarroa da: hiribilduaren sorrera, portuaren garapena, arrantza sektorearen bilakaera... 1327an sortu zen Ondarroa, eta arrantza munduari lotuta egon da betidanik; hala ere, Artibai ibaiaren ertzean egoteak asko mugatu zuen haren bilakaera. 1930eko hamarkadatik aurrera, bi arrantzale kofradien bateratzearekin eta kanpoko portuarekin ireki zen Ondarroa itsasora.

Garai hartan agertu ziren arraste arrantzan aritzen ziren lehen ontziak. Apurka, bi flota garrantzitsu sortu ziren: baxurakoa eta alturako arrantza industriala.

Antxustegitarrak eta badiolatarrak estu lotuta zeuden arrantzarekin; kasu honetan, baxurakoarekin. Testuinguru horretan sortu zen Antxustegi-Badiola familia. 1922an ezkondu ziren Juan Antxusitegi eta Dominika Badiola. Urte berean, Juan Antxustegi aitaginarrebaren Badiola tar Jon lurrunontzian sugin hasi zen. Hura hil ondoren, haren alargun Rufina Etxaburuk ontzia desegitea eta Badiola motorra eraikitzea erabaki zuen, baina itsasoratu eta berehala frankistek konfiskatu zieten. Ieregi familiaren bitartekaritzari esker berreskuratu zuten, eta Juan Antxustegi bihurtu zen haren jabe bakar. Ordutik armadore lanari ekin zion. 1952tik 1954ra, Ondarroako kofradiako presidente izan zen.

2

Familia

1951n, familiako beste kide batzuekin, uretaratzear zegoen ontzi bat erosi zuen Antxustegik, eta bere izena ipini zion: Juan Anchustegui. Urte batzuetan bi ontziak erabili zituzten, Badiola tar Jon saldu zuten arte. Baxurako arrantza aldatzen ari zen, teknika eta material berriak agertu zirelako. Aurrerapenei esker, arrantza leku urrunagoetara joaten hasi ziren, eta urte osoan arrantzatu zezaketen. Ezinbestekoa zen garai berrietara egokitzea. Horregatik, 1956an, ontzi berria enkargatu zuten.

Antxustegi-Badiola familiak erabaki zuen ontzia eurek bakarrik egitea. Kostuei aurre egiteko, milioi bat pezetako kreditua eskatu zion Itsas eta Arrantza Kredituko Kutxa Zentralari. Ondarroako Arriola ontziolan eraiki zuten. 1958an hasi ziren, eta urte bereko azaroaren 1ean uretaratu zuten Nuevo Anchustegui. Hamar egur mota erabili zituzten.

Arrantzarako tresnak eta informazio panelak, Bilboko Itsasmuseumeko 'Nuevo Anchustegui. Gure señoriti' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Arrantzarako tresnak eta informazio panelak, Bilboko Itsasmuseumeko 'Nuevo Anchustegui. Gure señoriti' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Familiaren asmoa zen bi ontziei eustea. Horregatik, Juan Antxustegiren bi seme baino ez ziren erroldatu Nuevo Anchustegui-n: Jon eta Sabiñ, patroia eta makinista, hurrenez hurren. Haiez gain, beste hamalau tostarteko zeuden. Familiako konfiantzazko inguruan hautatu zituzten, gehienak Ondarroakoak. Arrantzale izateaz gain, bestelako lanak egiten zituzten. Hemeretzi arrantzale ere izan zituen sasoi batean, nahiz eta azken urteetan bederatzi baino ez ziren izan. Ontzikoez gain, lehorreko langileria familiako andreek osatzen zuten gehien bat. Enpresa administratzen ez ezik, bestelako lanetan ere ibiltzen ziren: ontzia hornitzen eta sare konpontzen, berbarako.

1962an, Juan Anchustegui itsasontzia Cervora (Galizia) saldu zuten, eta, ordutik, Nuevo Anchustegui-ri eman zioten lehentasuna. Armadorea 1967an hil zen, eta itsasontzia Dominika Badiola alargunaren eta hiru semeen jabetzako bihurtu zen. Urteak pasatu ahala, belaunaldi berriak ere sartu ziren. 1997ko ekainean itsasoratu zen azken aldiz arrantzarako. Ostean, Ondarroako portuan amarratu zuten behin betiko. Bere ezaugarriak zirela eta, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa fundazioaren arreta piztu zuen, eta, Jose Luis Ugartek proposatuta, fundazioak bere bildumarako eskuratu zuen.

3

Antxoa eta hegaluzea

Nuevo Anchustegui espezie pelagikoak arrantzatzeko eraiki zen; batez ere, espezie pelagiko txikiak eta kostakoak: hala nola antxoa edo bokarta, sardina, txitxarroa eta berdela. Baita espezie pelagiko handiak edo ozeanikoak ere: hegaluzea eta hegalaburra. Hala ere, batzuetan hondoko espezieak ere harrapatzen zituzten: bisigua eta legatza.

Arrantza zikloa bi kanpaina handitan banatzen zen: bokartarena eta hegaluzearena. Hegaluzearen kanpaina udan egiten da, ekainetik urrira, eta astebeteko eta hiru aste bitarteko mareetan. Itsasaldi luze batekin hasten ziren Azoreetatik hurbil. Denborak aurrera egin ahala, hegaluzeak ipar-ekialdera egiten zuen; gero, Bizkaiko golkora sartzen zen eta han harrapatzen zen uda osoan. Urrian, hegaluzeak Kantauri itsasotik alde egiten zuen, eta kanpaina bukatutzat ematen zuten. Batzuetan beste bat egiten zuten, Gibraltar itsasartean, Kanarietan (Espainia) edo Sahara eta Kanariak artean.

Bi arrantza mota erabiltzen zituzten: tradizionala, kazakoa, eta berria, kanaberaz hiliki biziarekin egiten zutenak. Kazako arrantza denboraldi hasieran egiten zen; hurrengo itsasaldietan, berriz, ia-ia hegaluzeak aurkitzeko baino ez. Erakusketan bertatik bertara ikus daiteke arrantza mota bakoitzean zer aparailu erabiltzen zituzten.

Kanaberazko arrantza 1940ko hamarkada amaieran agertu zen, eta baxurako ontzi handien gogoko sistema bihurtu zen. Aldaketa hori izan zen Nuevo Anchustegui eraikitzeko arrazoi nagusietako bat. Gainera, Ondarroan eraikitako ontzietan haztegiak kroskoaren barruan zeramatzaten lehenengoetarikoa izan zen, lehena ez bazen izan.

Antxoa eta kostako gainerako espezie pelagikoak neguan, udaberrian eta udazkenean harrapatzen ziren. Horretarako, traina izeneko sarea erabiltzen zen. Gutxi gorabehera, laukizuzena zen, eta goiko aldean kortxozko flotagailuak zituen, hondoratu ez zedin; baita lasta plomu txikiak ere, bertikal mantentzeko. Horrez gain, uztai batzuk daude, eta horietan zehar, soka bat; horri esker, sarea itxi ahal da, poltsa baten modura, arrain multzoa inguratu ondoren.

4

Ontzian eta portuan

Baxurako arrantzan bizitza oso leku txikian eta erosotasunik gabe egiten zen. Nuevo Anchustegi-m bederatzi eta hemeretzi lagun artean bizi ziren, 21 metro luze zen itsasontzian. Sukalderako gunea txikia zen, eta ohikoa zen bizkarrean jatea. Eguraldiak uzten bazuen, hainbatek nahiago izaten zuten kanpoan lo egin.

Trainarekin arrantza gauez nahiz egunez egiten zuten. Kanaberaz, ordea, egunez baino ez. Otorduetarako ordutegia bazuten, baina askotan ez zen betetzen: arrantza zuten lehentasuna.

Lan gogorra ez zen amaitzen arrantzarekin batera. Portura iritsitakoan, arrantzatutakoa deskargatu behar zen, eta kudeatu, ontzia hornitu, sareak konpondu. Emakumeen lana funtsezkoa zen.

Irrati transmisore bat, Bilboko Itsasmuseumeko 'Nuevo Anchustegi. Gure señoriti' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irrati transmisore bat, Bilboko Itsasmuseumeko 'Nuevo Anchustegi. Gure señoriti' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Nuevo Anchustegui Ondarroako Santa Klara kofradiako parte zen, eta egiten zituen harrapaketak haren egoitzan merkaturatzen ziren, beheranzko enkante batekin. Fresko kontsumitzeko edo kontserbak egiteko saltzen zen.

Baxurako arrantza ontzietako tripulazioak harrapaketen araberako soldatagatik egiten zuten lan. Irabaziak honela banatzen ziren: %55 armadorearentzat eta %45 langileentzat. Elikadura erdibana ordaintzen zuten. Kontuak Antxustegitarren etxean egiten ziren: asteburuetan antxoa kanpainan, eta Andra Mari jaietan, irailean edo hegaluze kanpainaren bukaeran.

5

Zaharberritzea

2003tik Bilboko Euskalduna ontziola zaharreko dikeetan dago. Itsasmuseumeko bilduma iraunkorra osatzen du. Dikean hamar urte egindakoan, asko hondatu zen. Esan zuten ezin zela konpondu. Baina familiak zaharberritzea eskatzeko kanpaina abiatu zuen. 2016an, hainbat proposamen aztertu ondoren, Itsasmuseumek eta Bizkaiko Foru Aldundiak Erain proiektua sortu zuten museoan: Bizkaiko erriberako arotzeria lanen ezagutzarako gunea da. Patronatuaren oniritziarekin, Nuevo Anchustegui zaharberritzeari ekin zioten.

Erain proiektuko kide Jon Ispizuak azaldu duenez, hasieratik erabaki zuten euren baliabideekin egitea. «Museoak bazeukan tailer bat, eta proiektu honek balio izan zuen tailerrari beste dimentsio bat emateko». Diziplina anitzeko talde bat sortu zuten. Boluntario talde handia dabiltza beharrean. 2018an ekin zioten.«Lehen urtea ez zen eraginkorra izan. Segurtasun lanak egiten ibili ginen, eta estalkia eraiki genuen. Boluntario taldea formatu genuen, eta batel bat ere egin genuen». 2025a amaitzerako bukatu nahi dute. Oraingoz epeak betetzen ari direla esan du.

Ispizuak azpimarratu du kontserbazio irizpideak betetzen dituztela: «Gutxieneko esku hartzea, itzulgarritasuna eta balio historikoa errespetatzea». Nabarmendu duenez, Nuevo Anchustegui-k ia 65 urte ditu. «Halako itsasontziak batez beste hogei urte irauteko eginda daude. Argi geratu da eraiki zutenean sekulako lana egin zutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.