Eusko Jaurlaritzak duela bi urte onartu zuen Ingurumenaren Babesari eta Jasangarritasunari buruzko lege berria, Nazio Batuen 2030 Agendako helburuak betetzeko asmoz. Beste batzuen artean, hiru litro baino gutxiagoko botiletako tapoiek botiletara itsatsita egon behar dutela ezarri zuen Jaurlaritzak, Europako Batasuneko legedia betez. Urte hasieran jarri zuen martxan arau berria, eta, ondorioz, Etxebarriko Merkatari Elkarteak eta udalak bertan behera utzi behar izan dute 2019an sortutako Elkartasun bihotzak kanpaina. Izan ere, Etxebarrin urteotan ahalik eta tapoi gehien biltzeko helburua izan dute, eta 8 urteko Aingeruren bizi kalitatea hobetzera bideratu dituzte tapoi horiekin lortutako funtsak; mutiko horrek garuneko paralisia eta disfagia orofaringea du, epilepsia krisiak jasaten ditu eta farmakoei erresistentea da. «Etxeko ekonomia ez da nahikoa Aingeruren beharrak asetzeko. Kanpaina hori tratamenduak ordaindu ahal izateko bidea izan da», esan du Zuriñe Calero haurraren amak.
Calerok berak azaldu duenez, %75eko dependentzia gradua du Aingeruk, eta horrek esan nahi du laguntza behar duela eguneko 24 orduetan. «Horrez gain, ezin ditu elikagaiak ahoarekin jan, disfagia orofaringearen ondorioz, xurgatu bezain laster birikietara heltzen zaizkielako. Eta horrek pneumonia eta bronkiolitisa eragin diezazkioke». Hori saihesteko, zunda gastriko bat jarri behar izan diote. «Ez da egoera erraza, eta ezin gara behar baino gehiago arriskatu». Beraz, Etxebarriko Merkatari Elkarteak eta udalak Elkartasun bihotzak kanpaina abiarazi zutenean, umearen ama ez zen lotsatu, eta laguntza eskatu zien. «Funtsak jaso nahi zituzten boluntarioen bila zebiltzan hasieran, baina inork ez zuen bere burua aurkezten. Aukera aprobetxatu, eta nire kasua aurkeztu nien». Oso pozik dago jaso duten laguntzarekin: «Eskerrak eman nahiko nizkieke elkarteari, udalari eta Etxebarriko auzokideei: izugarri lagundu digute».
«Ezjakintasunak, nire semearen eta antzeko errealitateari aurre egin behar dioten umeen errealitatea zelakoa den ulertzeko zailtasunak eragiten ditu»
ZURIÑE CALEROEtxebarriko 'Elkartasun bihotzak' kanpainako onuraduna
Etxebarrin abenduaren 1ean egingo dute botila tapoien bilketa, baina gero ere Merkatari Elkarteak eta udalak laguntza ekonomikoa jasotzen jarraituko duela ziurtatu diote Calerori. «Oraindik ez dakigu nola», aitortu du Aingeruren amak. Alde horretatik, azpimarratu du oso garrantzitsua dela Aingeruk fisioterapia saioetan oinarritutako tratamenduak jasotzen jarraitzea, etorkizunean ere haren bizi kalitatea hobetzeko balioko baitute. «Aingeruren gaixotasunak ez du sendabiderik, baina fisioterapia saioak jasotzen hasi zenetik hobekuntza asko izan ditu. Txikiagoa zenean, ezin zituen eskuak, oinak edota burua mugitu, baina orain, bai». Eskuratutako mugimendu horiek hazten den heinean mantentzeko lagungarriak ere badira fisioterapia saioak.
Ezjakintasunaren aurreiritziak
Aingeruk gaur egun erabiltzen duen gurpil aulkia Etxebarrin bertan egindako lehiaketa baten bitartez lortutako funtsei esker erosi ahal izan zuen Calerok. Balkoiak ahalik eta hoberen dekoratzean zetzan lehiaketa, eta eurek irabazi zuten. «Poz handia eragin zigun». Izan ere, behar bereziak dituzten pertsonentzako aulkiak «oso garestiak» dira, eta, Calerok jakinarazi duenez, Osakidetzak eskaintzen duen dirua askotan ez da nahikoa aulkiok ordaindu ahal izateko. «Baina jendeak ez daki hori, eta diru eske dagoen pertsonaren kasua gertutik ezagutzen ez badute, laguntza emateko mesfidati dira askotan», aitortu du Aingeruren amak. «Ezjakintasunak, nire semearen eta antzeko errealitateari aurre egin behar dioten umeen errealitatea zelakoa den ulertzeko zailtasunak eragiten ditu». Alde horretatik, uste du oraindik ere gauza asko aldatu behar direla.
Aingeruren kasuari dagokionez, ordea, Calerok esan du ez dutela izan arazo handirik babes eta diru aldetik. «Antzeko gaixotasunak dituzten umeen gurasoak ezagutzen ditut, Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetan bizi direnak, eta haien egoera nirea baino kaskarragoa da. Osakidetzak eskaintzen dizkigun zerbitzu askotarako sarbiderik ez dute euren bizilekuetan, eta laguntza ekonomiko gutxiago jasotzen dituzte».