Birziklapena, uste baino grisago

Lea-Artibain herriz herriko foroak egin dituzte hondakinak kudeatzeko plan berria prestatzeko. Gaur egun, errefusaren edukiontzira botatzen dutenaren %80 birziklatu edo berrerabili ahalko lukete.

Hondakinak gaika biltzeko edukiontziak Lekeition, artxiboko irudi batean / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
Hondakinak gaika biltzeko edukiontziak Lekeition, artxiboko irudi batean / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
irene baranano
2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Lea-Artibain, errefusaren edukiontziak zabaldu eta barruan dagoena ikertu dute. Mankomunitatearen hondakinak kudeatzeko plana hurrengo urtean amaituko zaie, eta abagunea aprobetxatu dute euren hondakinei begiratu eta egoerari buruz hausnartzeko, hurrengo plana adostu aurretik. Horretarako, herriz herriko foroak egin dituzte jasangarritasun aholkulari baten laguntzarekin. 

Prozesu parte hartzailean, edukiontzi grisen barruko datuei erreparatu ostean, ondorioztatu dute sortzen duten errefus guztitik batez beste %20k soilik joan beharko luketela errauskailura. Gainontzeko %80a sailka lezakete, birziklatzeko, baina, horren ordez, erretzera bidaltzen dute. 

Foroaren helburu nagusiak bi izan dira. Alde batetik, bileretan parte hartu duen jendeari euren herriko errealitatea erakutsi nahi izan diote. «Harritu egiten dira ohartzean oraindik zenbat jendek ez duen sailkatzen, zenbat beira, paper, plastiko eta arropa doan edukiontzi grisera», esan du Gorka Egia jasangarritasun aholkulariak.

Egiak aitortu du aurretik bazekiela bilketa jasangarriarekin sentsibilizatutako herritarrak joango zirela foroetara. Azaldu duenez, foroen bidez hondakinen kudeaketarekin sentsibilitatea duten pertsonak «ahaldundu» nahi izan dituzte. Besteak beste, iruditzen zaio garrantzitsua dela pertsona horiek euren herriko errealitatea ezagutu dezaten eta jakin dezaten herrian zenbat milaka euro erretzen diren. 

Milioi erdi bateko gastua

Lea-Artibain, iaz, milioi erdi bat eurotik gora gastatu zituzten errefusaren edukiontzira botatako ia 5.000 tona zabor erretzen, baina, ikertutakoaren arabera, ondo sailkatuko balute, «milaka edo milioika euro aurreztu ahalko lituzkete», Egiaren arabera. «Ez da justua sailkatzen duenak eta sailkatzen ez duenak berdin ordaindu behar izatea», deitoratu du. 

«Jendea harritu egiten da ohartzean oraindik zenbatek ez duen sailkatzen, zenbat beira, paper, plastiko eta arropa doan edukiontzi grisera»

GORKA EGIAJasangarritasun aholkularia

Baina arazo bakarra ez da alderdi ekonomikoa. «Errautsa oso ona da baratzerako; lurra egituratzen laguntzen du», esan du Egiak, «baina errauts horren %25 erabat toxikoa da». Errauskailua izateak ez du balio zabortegirik ez izateko. Tona bat errautsetik, 250 kilo eraman behar dira zabortegira; «zabortegi berezi batera, gainera». 

Eskualdeko herrietako foroen beste helburua plan berrirako proposamenak aurkeztea izan da. Hondakinen kudeaketaren inguruko lege berriak daude aurreko plana onartu zenetik. Arau horietako bat Europako Batasunak onartutakoa da. EBren arabera, datorren urterako hondakinen sailkatze tasak %55 izan behar du, gutxienez; eta 2030erako, %65. Lea-Artibain badute lanik; izan ere, gaur egun, soilik hondakinen %44 botatzen dituzte dagokien edukiontzian. 

Erraza dena aldrebestea

Foroetan, aholkularitzak eramandako proposamen teknikoak eztabaidatu dituzte, datorren urtean adostu behar duten planerako kontuan har daitezen. Proposamen horien helburua da, funtsean, hondakinak sailkatzea errazagoa egitea. 

Edonola ere, Egiak aitortu du sailkatzeak esfortzu bat eskatzen duela. Edukiontzi grisa egunero irekita dago, aho handia dauka, palanka bat du, eta poltsak handiak dira. Horren alboan, gainontzeko edukiontziek «zailtasun gehiago» dakartela azaldu du Jasangarritasun aholkulariak, poltsak txikiagoak eta biodegradagarriak direlako, edukiontzien ahoak estuagoak direlako, plastikozko gortinatxoak dituztelako, eta abar. «Orain arte, askoz errazagoa izan da gaizki egitea, ondo egitea baino». 

Horri buelta emateko, errefusaren edukiontziari trabak jartzea proposatu dute; adibidez, errefusa botatzekoa astean behin edo birritan soilik irekiz. Sistema horrek «arrakasta handia» izan du Gipuzkoa erdialdeko Sasieta Mankomunitatean. Hondakinak biltzeko sistema ugari daude Egiak eredugarritzat jo duen mankomunitate horretan, eta, azaldu duenez, «sailkatze tasa %40tik %77ra igarotzea lortu zuten edukiontzi grisa itxi zutenean».

Horri lotuta, edukiontziak irekitzeko txartel bat ezarri eta etxe bakoitzak sailkatzen duenaren araberako tasa kobratzea ere proposatu dute. Negozioek hondakin gehiago sortu ohi dute, eta, hori dela eta, haien hondakinak negozioz negozio biltzea da beste proposamen bat. Horrez gain, edukiontziak dauden gune guztietan sailkatzeko aukera izatea proposatu dute, eta herri txikietan konposta egiteko aukera indartzea.

Proposamenak jarraitu eta aldaketak egiten badira, azkenik, Egiaren aholkularitza zerbitzuak aldaketen jarraipena egitea iradoki du, gauzak ondo egiten ari direla bermatzeko. Hondakinak sailkatzea derrigorrezko bihurtzea ere jo du erronka interesgarritzat Egiak. «Gizartearen %25ek ez badu sailkatzeko aukerarik, kexatu egiten da, eta beste %25ek, gehienez, sailkatuko du erraztasunak jartzen badizkiozu. Europak laster eskatuko digun %65eko sailkatze tasara iristeko, sailkatzen ez duen jendeak sailkatzen hasi behar du». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.