Gauero, 573 pertsonak egiten dute lo kalean Bizkaiko hiriburuan, hainbat elkarteren kalkuluen arabera. Elkarteok salatu dutenez, euria, hotza eta segurtasunik eza pairatu behar dituzte, harrera sistemak funtzionatzen ez duelakoan. Hala, Erribera Harrera, Irala Harrera, Atxuri Harrera, Asetu Herri Biltegia, Bizkaiko SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek sinadura bilketa bat antolatu dute egoera salatzeko. Arazoaz ez arduratzea leporatu diote Bilboko Udalari: «Exijitzen diogu ez dezala beste alde batera begiratu, bere erantzukizuna bere gain har dezala eta arduraz aurre egin diezaiola gizarte larrialdi honi». Haien ustez, udala ahal baino gutxiago egiten ari da egoera konpontzeko.
Bilboko Udalak bere webguneab dioenez, «Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak (GLUZ) berehala ematen die arreta larrialdi edo presa handiko egoera indibidual, familiar edo kolektiboetan dauden pertsonei». Hala ere, elkarteok deitoratu dute kalean bizi direnek hiru hilabete itxaron behar dituztela hitzordu bat izateko: «GLUZeko lehen hitzordurako itxaronaldia ia hiru hilabetekoa da, jantokirako txartela edo aterpetxe batean plaza bat eskatzeko». Sinadura bilketa abiatzean, elkarteek adierazi dute itxaronaldi hori ez dela onargarria: «Zazpi aste ez da zentzuzkoa. Ezin da defendatu gizarte larrialdi batean dagoen pertsona batek ia hiru hilabete itxaron behar izatea arreta jasotzeko».
537Bilbon gauero 537 pertsonak egiten dute lo kalean, hainbat elkartek egindako zenbatekaren arabera. Hala ere, elkarteek uste dute jende gehiago bizi dela kalean.
«Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuko gizarte langileek egoera baloratzen dute, eman beharreko urratsak definitzen dituzte eta beste zerbitzu batzuetara bideratzea erabakitzen dute, egoki baderitzote», dio udalak. Dena den, elkarteen esanetan, irizpideak ez daude oso argi: «Aterpetxean plaza lortzea espero dutenek ez dute modurik aterpetxe batean sartzeko erabiltzen diren irizpideen berri jakiteko. Ezta hirugarren sektoreko elkarteek ere. Irizpideetan, gardentasun falta horrek defentsarik eza eta frustrazioa eragiten die eskatzaileei».
Bilboko Udalaren arabera, GLUZek «ostatua, janari eta arropa zerbitzua ematen du, horiek gauzatzen dituzten zerbitzuekin beharrezko koordinazioa edukita». Elkarteek kontrakoa iritzi diote: «2023ko udatik ez dago jantokirako txartelik behar duten pertsona guztientzako».
«Hau erabaki politiko bat da, eta argi daukagu langile klasea antolatu behar dela bere kabuz, autodefentsa lortzeko».
MARIO FERNANDEZ Asetu Herri Biltegiko kidea
Egoerari irtenbidea aurkitzeko, elkarteek zortzi eskaera aurkeztuko dizkiote udalari. Besteak beste, indarrean dagoen sistema mantentzea, baina «zentzuzko» itxaron zerrenda batekin; Bilbon bizi diren pertsona guztiek egunean hiru otordu izatea; GLUZen zerbitzuetara sartzeko irizpideak argitaratzea eta kontsultatzeko aukera izatea; WhatsApp bidezko abisu sistema bat ezartzea; eta prestakuntza zentroen, hirugarren sektoreko elkarteen eta GLUZen arteko komunikazio bideak irekitzea.
«Erabaki politikoa»
Elkarteek argi dute arduraduna nor den: Bilboko Udala. Mario Fernandez Asetu Herri Biltegiko kideak uste du GLUZeko funtzionamendua apropos okertu dutela: «Gure iritziz, hau erabaki politiko bat da, eta argi daukagu langile klasea antolatu behar dela bere kabuz, autodefentsa lortzeko». Fernandezek azaldu du sinadura bilketarekin indar egin nahi dutela: «Gure ustez, sinbolikoa da, presioa egiteko daukagun tresna».