Bilboko Udalak turismoa sustatzen jarraitzeko asmoa du. Iaz, 1.240.007 bidaiari izan ziren hiriko ostatuetan, hoteletan eta apartamentuetan, eta ia 2,5 milioi gaualdi egin zituzten. Bilbok Bizkaiko turismoaren %67,8 erakartzen du dagoeneko, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «hirietan liderra» da; %28,4ko merkatu kuota du. Eta, hala ere, herritar gehienek begi onez ikusten dute jarduera ekonomiko hori. Izan ere, udalak egin duen inkesta baten arabera, turismoa «onuragarritzat» jotzen dute biztanleen %95ek, tokiko ekonomian duen garrantzia aitortzen diote %96k, eta %84k kultur turismoaren sustapena babesten dute. «Bilbon ez dago arazorik turismoarekin», ondorioztatu du Kontxi Claver Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak.
Claverrek astelehenean aurkeztu zituen datuok, Bilbon, udalak turismoaren sektoreko profesionalekin urtero egiten duen topaketan. Ñabardura bat, ordea: bisitari kopuruaren datua Eustatena da, eta erakunde horrek ez ditu jasotzen etxebizitza turistikoei dagozkionak. Hortaz, altuagoa da benetako kopurua. Mercedes Rodriguez Larrauri Bilbao Turismoko zuzendariaren hitzetan, «kontua oreka bat lortzea da, baina ukaezina da etxebizitza turistikoek bide ematen dutela hirian bestelako mugimenduak eta publikoa egon daitezen, baldin eta ondo araututa badaude».
«Nazioarteko turismoa [Espainiako] estatukoa baino jasangarriagoa da, bidaiari horiek luzaroago geratzen direlako, gehiago gastatzen dutelako eta ez dutelako bidaiatzen urteko garai bakar batean»
KONTXI CLAVERBilboko Udaleko Ekonomiaren Garapenerako, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotzia
Agerikoa da goranzko joera, iazko datuek apur bat gainditu baitzituzten 2023koak. «Hazten ari gara, bai», zinegotziaren berbetan. «Baina helburua ez da bolumenean haztea, baizik eta turismo jasangarria izatea, eta urte osoko fluxu bat sortzea». Hori erdiesteko, nazioarteko turismo kultural eta hirikoa sustatzeko asmoa dute aurten. «Nazioarteko turismoa [Espainiako] estatukoa baino jasangarriagoa da, nazioarteko bidaiariak luzaroago geratzen direlako, gehiago gastatzen dutelako eta ez dutelako bidaiatzen urteko garai bakar batean». Horren ondorioz, aurreikusi dute hemendik gutxira turismoa ez dela urtaroen araberakoa izango.
Hego Euskal Herritik, Espainiatik, Galiziatik eta Herrialde Katalanetatik kanpokoa izan da Bilbok iaz jaso zuen turismoaren %50,8: Frantziatik etorri ziren gehienak —70.000—, eta Alemania, AEBak eta Erresuma Batua izan zuten jatorri beste askok —leku horietako bakoitzetik 50.000 baino gehiago etorri ziren—. Horiez gain, Herbehereak eta Italia lehentasunezkotzat jo ditu Bilboko Udalak aurtengo turismo planean. «Kalitatea eta oreka nagusi izango dituen turismoaren alde lan egiten jarraituko dugu, nazioarteko eta urrutiko merkatu berrietan aliantza berriak bilatzeko», Claver zinegotziaren arabera.
8,32Zer nota ipini dioten turistek Bizkaiari Bizkaia ederto baloratu zuten iazko bisitariek: 8,32ko kalifikazioa lortu du, batez beste. Gomendio indizea 8,62koa da, eta segurtasuna onetsi dute bereziki: 8,28ko nota eman diote. Eskaintza turistikoak 8,08 bat jaso du, eta irisgarritasunak, 8,01.
Loiuko aireportua da horretarako giltza. Alde horretatik ere, datuak positiboak izan dira, zinegotziaren irudiko. Batetik, aireportuak inoiz ez bezalako emaitzak lortu zituen iaz: 6,77 milioi bidaiari, hain justu. Bestetik, ibilbide berriak gehitu dira, hala nola New Yorkerako hegaldi zuzena, maiatzean; eta ugaritu egingo dira Kopenhage, Stockholm, Berlin, Basilea (Suitza), Palermo (Italia) eta Cork (Irlanda) helburu dituztenak. Gainera, beste helmuga batzuk lortzear daude: Dubai (Arabiar Emirerri Batuak), Casablanca (Maroko), Edinburgo, Helsinki eta Budapest, kasu baterako.
Kulturak erakarrita
Kulturarekiko eta ekitaldiekiko interesa dute Bilbo bisitatzen duten gehienek. Helburu hori duten turistei dagokienez, batez besteko adina 51 urtekoa da; bikotearekin bidaiatzen dute askok —%52k—; lau egun baino gehiago egiten dituzte hirian; 705 euro gastatzen dute laguneko; eta, batik bat, gastronomiarekin lotutako jardueretan parte hartzen dute —%95ek—, baita hiriko eta kultur eskaintzetan ere —%82k eta %77k, hurrenez hurren—.
«Ukaezina da etxebizitza turistikoek bide ematen dutela hirian bestelako mugimenduak eta publikoa egon daitezen, baldin eta ondo araututa badaude»
MERCEDES RODRIGUEZ LARRAURIBilbao Turismoko zuzendaria
Hala, udalak lanean jarraituko du hiria «ekitaldi handien egoitza» izan dadin: aurten, esate baterako, Bilbok Europako Ligako finala hartuko du maiatzean, eta Espainiako Vuelta irailean. Izango dira, halaber, dagoeneko egonkortuta dauden beste hainbat ekitaldi: Bilbao Basque Fest apirilean, BBK Live jaialdia uztailean, Aste Nagusia abuztuan eta BIME topaketa urrian, besteak beste. Kulturari dagokionez, Guggenheim museoa ere pizgarria da turistentzat, eta, gainera, Arte Ederren Museo eta Euskal Museo handitu berriak zabalduko dituzte aurten, Claverrek nabarmendu duenez.