Bilboko Udalak herri kiroletan trebatzeko zentro bat zabalduko du

Txurdinaga auzoko udal kiroldegian egongo da, eta 846 metro koadroko azalera izango du. Proiektua datorren urterako martxan egotea aurreikusten dute.

Sustabiz fundazioko emakume bat harria jasotzen, 2024ko martxoan, Busturian. ANE REKALDE / SUSTABIZ
Sustabiz fundazioko emakume bat harria jasotzen, martxoan, Busturian. ANE REKALDE / SUSTABIZ
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Herri kirolei bultzada emateko asmoz, Bilboko Udalak herri kirol zentroa martxan jartzeko lanak abiatu ditu Txurdinaga auzoko udal kiroldegian. 846 metro koadro izango ditu, eta datorren urterako zabalik egotea aurreikusten du. Herri kiroletan trebatzeko estreinako tokia izango da Bizkaian.

Herri kirolak «baserritik hirira» eramatea izango da zentroaren helburuetako bat, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez: «Gure aberastasun kulturalaren eta euskal nortasunaren parte dira herri kirolak, eta horien balioa indartu gura dugu». Herri kirolen inguruko komunitatearentzat «erreferentziazko leku bat» izango dela esan du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak: «Instalazio berri honekin, Bizkaiko bihotzean zentralizatuko ditugu kirolarien prestakuntza eta herri kirolen modalitateak: herri kiroletako askotariko modalitateak espazio berean biltzeko balioko du».

«Gure aberastasun kulturalaren eta euskal nortasunaren parte dira herri kirolak, eta horien balioa indartu gura dugu»

JUAN MARI ABURTOBilboko alkatea

Erabilera askotarako pista bat, komunak, aldagelak, fisioterapia gela bat, harrera bulegoak eta gela teknikoak izango ditu zentroak, baita oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbideak ere.

Bi erabilera izango ditu. Batetik, eskola kirolaren bitartez, Bilboko zenbait ikastetxetako ikasleak joango dira zentrora. Harrobia lantzea izango da programaren helburua. Bestetik, "kirol federatuan dabiltzanentzako entrenamendu espezifikoak eskainiko dituzte, kirol teknikari kualifikatuekin», azaldu du Aburtok.

Bilboko Txirrika herri kirol klubak kudeatuko du espazioa, eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izango dute. Udalak 1.367.621,50 euroko aurrekontua izango du proiektua gauzatzeko, eta aldundiak, 229.675 eurokoa.

Pluraltasuna helburu

Halako zentro bati esker herri kirolak profesionalizatzeko aukera egongo dela uste du Arrizabalagak: «Herri kirolarien arreta eta lan baldintzak hobetzea eta zerbitzuak haien beharretara egokitzea lortuko du zentroak». Horrez gainera, uste du publiko zabalago batengana heltzea ere lortuko dutela: «Herri kirolak oso maskulinizatuta egon izan dira beti. Errealitate hori aldatzen ari da pixkanaka, baina, oraindik ere, lan asko dugu egiteko. Zentro honek publiko berriarengana heltzeko balioko duela iruditzen zaigu: geroz eta gazte eta emakume gehiago erakartzea espero dugu».

Barikuan aurkeztu zuten proiektua, eta, ekitaldiarekin batera, erakustaldi bat eskaini zuten Gernika-Lumoko Sustabiz fundazioko bi kidek Bilboko herri kirol zentroa egongo den eremuan. Halako proiektuen garrantzia nabarmendu zuen Joseba Etxebarria Sustabizeko zuzendariak: «Crossfit-aren kontu honegaz, neurri batean modan jarri dira herri kirolak. Asko dira crossfit-etik eratorritako kirolariak, eta hori oso pozgarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.