Bilboko Udalak 74 hobekuntza egingo ditu hiriburuko zortzi barrutietan 2027ra bitarte

Kaleko irisgarritasuna eta argiztapena hobetzea eta espaloiak eta jolas parkeak egokitzea dira herritarren lehentasunetako batzuk. 56 milioi euroko inbertsioa egingo du udalak.

Bilboko Deustu auzoko Done Petri plaza, artxiboko irudi batean. BILBOKO UDALA
Bilboko Deustu auzoko Done Petri plaza, artxiboko irudi batean. BILBOKO UDALA
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Bilboko Udalak 2024-2027 aldirako Auzokide Plana onartu du. Haren bitartez, 74 hobekuntza egingo dituzte datozen lau urteetan hiriburuko zortzi barrutietan: Deustu, Uribarri, Otxarkoaga eta Txurdinaga, Begoña, Ibaiondo, Abando, Errekalde, eta Basurtu eta Zorrotza. Herritarrek askotariko proposamenak aurkeztu dituzte, eta horietako batzuk aukeratu dituzte.

Auzoetako irisgarritasuna eta argiztapena hobetzea dira herritarren artean gehien aipatu diren proposamenetako batzuk, Eider Inunziaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030eko Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak aurreratu duenez. Baina badaude bestelako proposamen batzuk ere: «Kaleak, espaloiak eta haurrentzako jolas parkeak hobetzea ere lehenetsi dute herritarrek, beste kontu batzuen artean».

Herritarrek Barrutiko Kontseiluen bitartez izan dute parte hartzeko aukera, eta, hainbat bileraren ostean, «lehentasunen araberako zerrenda bat» aurkeztu dituzte kontseiluek udalean. Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu duenez, herritarrek parte hartzeko duten «udal tresna garrantzitsuenetako bat» da Auzokide Plana: «Planaren kudeaketa osoa herritarrekin dugun hartu-emanean oinarritzen da; herritarrek eurek egiten dituzte proposamenak».

«Planaren kudeaketa osoa herritarrekin dugun hartu-emanean oinarritzen da; haiek egiten dituzte proposamenak»

KEPA ODRIOZOLABilboko Udaleko Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotzia

Benidorm kaleko espaloiak handitzea; Zurbarango, Txurdinagako eta Betolazako irisgarritasuna hobetzea; Bilbo eta Galdakao arteko espaloiak egokitzea; eta San Frantziskoko kaleak berritzea dira, oraingoz, udalaren lehentasunetako batzuk. «Hala ere, aurtengorako planifikatuta zeuden proiektuetatik hasiko gara, lehenengo», zehaztu dute bi zinegotziek.

32 bilera

Denera, 56 milioi euroko inbertsioa egingo du Bilboko Udalak. Barruti bakoitzeko 1,75 milioi euro urteko, alegia. Kopuru horrez gainera, baina, badira «bestelako zeregin batzuk», bereiz doazenak, Odriozolaren hitzetan, «eta eguneroko arazoei aurre egiteko erabiltzen da kopuru hori». 350.000 euro inguru jarriko dituzte urtero zeregin horietarako.

Udalak 2004. urtean jarri zuen martxan Auzokide Plana, eta, ordutik, bost agintaldi bete ditu. «Mugarria izan dela esango nuke», nabarmendu du Odriozolak. Lau urtean behin berritzen dute egitasmoa, eta, aurten, 32 bilera egin dituzte zortzi barrutietan.

HOBEKUNTZETAKO BATZUK

Deustu. Botikazarreko parkea hobetzea, Rafaela Ybarra kaleko tarte bat hobetzea, Kaputxinoen aldapa eraberritzea, Arangoiti parkearen bigarren faseari ekitea, Santa Maria Josefa parkea hobetzea eta Francesc Macia kaleko argiteria hobetzea.

Uribarri. Tiboli zeharkalea hobetzea, Moraza plazarako sarbidea hobetzea, Panerako jolasgunea estaltzea, Lezamako Trenbide Zaharreko bidea egokitzea, eta Uribarriko, Zurbaraneko eta Arabellako zenbait eremutan irisgarritasuna hobetzea eta espaloiak handitzea.

Otxarkoaga eta Txurdinaga. Anbulatorioaren atzeko plaza egokitzea, agertoki bat eraikitzea, Ugarte kaleko atzeko plazan estalkia jartzeko aukera aztertzea, oinezkoentzako ibilbide bat sortzea eta irisgarritasuna hobetzea.

Begoña. Garabi plazako jolas parkea berritzea, hainbat kaletan hobekuntzak egitea eta iristeko errazago bilakatzea —besteak beste, Santutxu, Kalamua eta Landaburu baserria—.

Ibaiondo. San Francisquito kalea hobetzea, Eretza Mendiko espaloiak handitzea, eta Ibaieder parkeko eta Gas plazako haurrentzako guneak hobetzea. 

Abando. Auzoko eskola ingurune batzuk hobetzea, Rodriguez Arias kaleko merkataritza korridorearen proiektua gauzatzen jarraitzea, Ibaigane jauregiko lorategia egokitzea, eta Casilda Iturrizar parkeko txakurrentzako eremua handitzea eta hobetzea.

Errekalde. Kirikiño plazako eta Artazu-Bekoako egonlekuak moldatzea, Uretamendiko eta Betolazako jolasguneren bat estaltzea eta auzoko irisgarritasuna hobetzea.

Basurtu eta Zorrotza. Haurrentzako hainbat jolasgune estaltzea —Garellano plaza, Masustegi, Altamira eta Zorrotzagane—, jolasgune berriren bat edo kalistenia espazioren bat eraikitzea eta Olabeagako Piraten parkea osorik eraberritzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.