Bilboko Udalak Segurtasun Ituna berritu du. Astelehenean sinatu zuten ituna babestu duten udal taldeetako ordezkariek, udaletxeko Arabiar aretoan egindako ekitaldian. 2028ra arte egongo da indarrean. Lehen ituna 2018koa izan zen, eta orduan ordezkaritza zuten alderdi guztiek ondu zuten. Oraingoan, PP kanpoan geratu da: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Bilbok sinatu dute. Juan Mari Aburto alkatearekin batera, lau alderdietako bozeramaileak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua izan ziren. 33 neurri adostu dituzte: besteak beste, auzoetan polizia gehiago ibiliko dira, delinkuentziari buruzko ikerketa lan bat egingo du aditu talde batek, poliziei kamera pertsonalak jartzeko prozesua amaituko dute, eta udaltzainen eta herritarren prestakuntzan lan egingo da. Hizkuntz eskubideei eta Udaltzaingoa euskalduntzeari buruzko neurririk ez dute jaso.
Alkateak akordioa lortzeko egin duten lana eskertu die ituna sinatu duten lau alderdiei: «Akordio plurala lortu dugu, guztion ekarpenak jasota, ez bakarrik gureak». Aburtok adierazi duenez, «errespetuz» hartu du PPk sinatzeari uko egin izana: «Ez dut pentsatu gura PPk ez egoteak esan nahi duela ez garela elkarrekin lan egiteko gai; elkarlanerako gai izango garela espero dut, segurtasuna lehentasuna delako guztiontzat».
Desadostasunak egon dira, bai aurreko ituna sinatu ondoren, bai oraingoa eztabaidatzean. Udaltzaingoak jarduera batzuetan izan duen jokabideak eta EAJ-PSE udal gobernuak udaltzainen grebarekiko izan duen jarrerak piztu ditu gatazkarik esanguratsuenak, EH Bilduko Maria del Riok eta Elkarrekin Bilboko Ana Viñalsek kontatu dutenez. Del Riok ohartarazi du ituna martxan jartzeak adostasun gehiago eskatuko dituela: «Gizarte politiketan egin beharko da lan, etxebizitza politiketan eta birbanaketan: horiek ere segurtasun politikak dira». «Kriminalitateari justizia sozialetik egin behar zaio aurre», gehitu du Viñalsek.
Elkarrekin Bilboko bozeramaileak uste du akordioarekin saihestuko dutela «herritarren beldurra manipulatzea helburu politikoak lortzeko». Hain zuzen, Viñalsi deigarri egin zaio PPren absentzia, esan baitu estatistiken arabera aurreko ituna sinatu zenean baino segurtasun egoera hobean dagoela Bilbo. Udaletik kanpo, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak beste herri batzuentzat eredugarri iritzi dio itunari.
Beste premia batzuk
PPko zinegotzi Esther Martinezek ez zuen ekitaldian parte hartu, baina iritzia plazaratu du, eta esan itunak jasotako 33 neurriak ez direla eraginkorrak. Hiru proposatu ditu: Ertzaintzarekin koordinazioa hobetu, udaltzainek eskatutako baliabideak eman eta polizia gehiago atera kalera, eta «Poliziaren autoritatea indartu».
33 neurriak
- Aurreko ituneko ekintzak finkatu.
Delinkuentziari buruzko azterlana.
Prebentzio sareetan parte hartu.
Auzo ikuskaritza zabaldu Santutxu-Boluetan.
Aurrez aurreko arreta protokoloa sortu.
Telefono arreta hobetu.
Polizia lan prebentiboa indartu, polizia gehiagorekin.
Bide segurtasunean prebentzioa sustatu.
Polizia koordinazioa indartu.
Epaitegiekin koordinazioa indartu.
Bideozaintza sistema ikuspegi bermezale batetik berrikusi.
Ziberdelituei hobeto erantzun.
Herritarrentzako prestakuntza bultzatu.
Bizikidetzarako polizia lana indartu.
Polizia komunitarioa indartu.
Abian diren delituen erantzuna hobetu.
Herritarren kexen kudeaketa hobetu.
Polizia Buruordetza Nagusiaren egitura berrikusi.
Neurrien eraginkortasuna berrikusi.
Udaltzaingoaren Prestakuntza Plana zabaldu.
Barne prestakuntza hobetu.
Udaltzaingoaren egitura orokorra eta lidergo egitura finkatu.
Online arreta eta informazioa hobetu.
Kamera pertsonalak ezartzen amaitu.
Estrategia Digitalaren Plana sortu.
Herritarren parte hartzea bultzatu.
Merkataritza eta turismo segurtasun planak finkatu.
Berdintasun Plana garatu.
Jasangarritasun Plana bultzatu.
Bizikidetza Behatokiarekiko koordinazioa bultzatu.
Gardentasuna hobetu, baina agenteen segurtasuna arriskuan jarri gabe.
Udaltzaingoaren barne araudia eguneratu.
Kode deontologikoaren aurkako jokabideak ikertzeko araudia sortu.