Bilboko gazteei lehen lan esperientzia eskainiko diete

Udalak eta Jaurlaritzak 2024tik 2025erako Enplegu Plana ondu dute hiriburuan 505 lanpostu sortzeko. 30 urtetik beherako gazteei 101 lanpostu eskainiko dizkiete.

Herritar batzuk Lanbideren bulego batera sartzen, Bilbon, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Herritar batzuk Lanbideren bulego batera sartzen, Bilbon, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2024ko azaroaren 16a
05:00
Entzun

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2024tik 2025erako Enplegu Plana ipini dute martxan Bilbon. Ohi den legez, langabe guztiei begira onduta egongo da plana, baina, oraingoan, bereziki gazteengan ipini dute arreta, «kalitatezko» enplegua eskaini nahi diete eta, Juan Mari Aburto alkateak iragarri duenez. Horretarako, Lehen Lan Esperientzia izeneko programa indartu dute planaren aldi honetan. Programan parte hartzeko baldintzak hauek dira: unibertsitate ikasketak edo erdi mailako edo goi mailako Lanbide Heziketa ikasi izana, ikasketa horiek orain dela hiru urte baino gutxiago bukatu izana, eta 30 urte baino gutxiago izatea. «Prestakuntza plan indibidualizatuak eta pertsonalizatuak izango dituzte gazteek, eta lan merkatuaren benetako beharrei erreparatuko zaie. Gazteen oztopo nagusietako bat esperientzia falta izaten da, eta programa espezializatuen bitartez gazteei laguntzeko lan egingo dugu, eta, hala, tokiko talentua fidelizatu», adierazi du Aburtok.

Enplegu planaren bitartez, osotara, 505 lanpostu sortuko dituzte Bilbon. 404 lanpostu Enplegu Plan Arruntekoak dira, eta horietatik 246 hiriko enpresa pribatuek egindako kontratazioak izango dira, Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez eta Bilboko Udalak ematen dituzten laguntzekin egindakoak; gainontzeko 158 lanpostuak lotuta daude udalak berak edo udal erakunde eta sozietateek erabilgarritasun edo interes publikoko jardueretarako egindako kontratazioekin.

%3,8

Aurtengo urtarriletik irailera, Bilboko enpresetako langileen afiliazioa 192.350 pertsonakoa izan da. Iazko aldi berarekin alderatuta, %3,8 handitu da Bilboko lanpostuen zenbatekoa.

Gazteen Enplegu Planean, 46 lanpostu sortuko dituzte, eta Lehen Lan Esperientziak Planean, berriz, beste 55 enplegu. Azken proiektu hori aurreko planean Gazteen Enplegu Plana indartzeko sortu eta probatu zuten, eta, aurten, programa bereizi modura finkatu da, aurreko aldian baino hamazortzi lanpostu gehiago dituela. Hala, gazteei 101 lanpostu eskainiko dizkiete guztira. 

Askotariko ezaugarri profesionalak dituzten gazteak kontratatuko dituzte; besteak beste, arlo hauetako ikasketak egin dituztenak: administrazioa, teknologia berriak, proiektuen kudeaketa, komunikazioa, giza baliabideak, web proiektuak, arlo juridikoa, arkitektura, ingeniaritza, ekonomia, hezkuntza, kultura programazioa, turismo sustapena, diseinua, marketina, hirigintza, ingurumena eta gizarte lana. 

Planaren aurrekontua ia 9,4 milioi eurokoa da. Gehiena (7,3 milioi) Eusko Jaurlaritzak ipini du, Lanbideren bitartez. Hala ere, Bilboko Udalak «nabarmen» handitu du planari egindako ekarpena aurten, milioi erdi bat gehiago jarrita, tokiko erakundeek badutelako «zer esana» enplegu politiketan, Aburtoren iritziz: «EAEko Enplegu Plan berriak aukera ematen du udalen lana indartzeko, eta, gure ustez, oso garrantzitsua da, Bilbon gobernantza kolaboratzailean sinisten dugu eta».

«Arrakastatsua»

Aburtok jakinarazi du planaren aldi guztietan lortu dutela eskaini diren lanpostu guztiak betetzea. Planaren helburua da langile berri horiek enpleguari eustea planak diruz lagundutako hamabi hilabeteko kontratazioa bukatutakoan. Alkateak esan du %60 inguruk lortzen dutela hori. Kopuru «handia» dela iruditzen zaio, plana «arrakastatsua» izan dela. «Enpleguetako asko udalak berak eskainitakoak dira, publikoak, eta horietan kontratatuko direnek ez dute jarraitzeko aukerarik. Enpresa pribatuetan kontratatzen dituztenek, aldiz, aurrera jarraitu dezakete; eta, hain justu, gehienek aurrera jarraitzen dute behin urtebete igarota». 

Udalak egindako inkestaren arabera, aurreko enplegu planetan parte hartu zutenen %89,6 pozik zeuden bukatutakoan. Gainera, %92k esan dute parte hartzeko gomendatuko lieketela beste batzuei. Laguntzak jaso zituzten enpresei dagokienez, %95ek kontatu dute «oso pozik» daudela programarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.