Adimen artifizialeko tresnak frogatzen ari zela sortu zitzaion ideia Niko Vazquez grafistari. «Oso azkar ari dira garatzen, eta iazko urtearen amaieran kalitatea asko hobetzen hasi ziren. Niretzat argazki album bat egiteko ideia izan nuen, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan girotuta, orduan izan baitzen nire gaztaroa».
Irudi batzuk sortzen eta horiek sareetara igotzen hasi zen. Emaitza nahiko onak lortzen hasi zela ikusi zuen. «Zer ezusteko izan nuen? Bada, jendea iradokitzen hasi zitzaidala argazki horiekin libururen bat edota erakusketa bat egin beharko litzatekeela». Sare sozialetara argazkiak igotzen hasi orduko, berehala hasi zen gaia zabaltzen. «Argitaletxe bat etorri zitzaidan, Zorrotz, eta horri buruz liburu bat egin behar zela esan zidaten. Asko harritu ninduen, baina burutik ezin kenduta ibili nintzen, eta, azkenean, 160 irudi sortu nituen eskaera osatzeko». Egin du liburua: Make Bilbao GrAI Again.
Aldi berean, baina, Vazquezek aitortzen du jendeak behin eta berriz esaten ziola erakusketa bat egin beharko lukeela. Hori ere garatu du orain: TokyoStory gunea laga diote 56 irudi kokatzeko, Bilboko Olabeaga auzunean. Abenduaren 20ra bitarte egongo da ikusgai.
Bizi izan duen lekua da Olabeaga, txikitatik ezagutzen duena. Hari ez ezik, inguruko askori ere barruak mugitzen dizkiola esan du Vazquezek: «Jendeak asko gogoratzen du, eta barrutik mugitzen du. Azkenean, ni asko harritzen naiz 2023ko tresna batekin aurreko garaietako hainbeste sentimendu eta egiazkotasun sortzeko aukera izateak. Zoragarria da».
«Baten batek esan dit Josu Eskorbuto ikusi duela irudiren batean, eta nik erantzun diot hori ezin dela izan. Hori guztia pixelekin sortzen da; pertsonak ez daude islatuta». NIKO VAZQUEZ Grafista
Collage teknika erabiltzen du grafistak, eta azaldu du nola egin duen prozesua. «Lehenik, testuak sartzen dizkiot. Mekanismo nahiko anglosaxoiak dira, eta zaila da Euskal Herriaren antzeko irudiak lortzea, hala nola aurpegi zehatzak. Orduan, lantegiak egiazkoagoak dira. Testuen arabera irudiak sortzen ditut, eta, gero, gehien interesatzen zaizkidan zatiak erabakitzen ditut. Ondoren, Photoshopen eraikitzen dut argazki osatua. Akatsak zuzentzen ditut; gehienbat, begien eta eskuen posizioetan akats asko dituelako. Orain, ordea, nahikoa zuzendu dituzte akats horiek, bertsioka doalako. Azkena eguneratu da, eta teknika izugarri hobetu da».
Prozesu luze eta neketsua izan dela esan du: «Probak eta akatsak. Hori egiten eman dut denbora gehien; testuak aldatuz, bilatzen duzun hurbilpenera. Munduko ordu guztiak sartu ditut hor irudiak egiteko».
Emaitza, baina, gogoko duela esan du Vazquezek: «Etengabe iristen zait feedbacka. Aste honetan bertan elkartu naiz erretiratu batekin. Argazkiak nondik ateratzen nituen galdetu zidan, eta esan zidan ezagunak egiten zitzaizkiola. Argazkiak ikusten ari zela, zihoen: 'Hau Sestao da; ez duzu Erandioko bat ere?'. Jendeak pertsonak ere ezagutzen ditu. Baten batek esan dit Josu Eskorbuto ikusi duela irudiren batean, eta nik erantzun diot hori ezin dela izan. Hori guztia pixelekin sortzen da, eta pertsonak ez daude islatuta».
Liburuko argazkiak ordenatuta daude, binaka. Azaldu du orrialde bakoitzeko bakoitia eta bikoitia «erabat» lotuta daudela. Erakusketa fisikoan, lokaleko erakusleihoak berak markatzen duen ibilbideari jarraitu dio: «Lokal xelebrea da: altzari denda zaharra, eta vintage arropa saltzen dituena. Oso bitxia da. Nire lagun igerilari batena da. Eskaini egin zidan, eta ezin hobea iruditu zitzaidan. Muntaketa erabat autogestionatua izan da, eta horrela gelditu zaigu».
Bitxia bada ere, lokala galdategi zahar baten gainean dago eraikia. Lurzorua bereizita dago, zementuzko 40-50 zentimetrorekin, lurzorua poluituta baitago. «Zementu geruza bat bota zuten, eta pisuak egin ziren. Auzoko emakume bat oso hunkituta etorri zen; esan zidanaren arabera, urte askoan ikusi zuen galdategia errendimendu betean».
Argazkiek ez dute testurik; egin duen bakarra argazkiak sortzeko erabilitako zerrenda baten arabera ordenatzea izan da, Vazquezen hitzetan: «Alegia, argazki horiek sortzeko, garai hark iradokitzen zizkidan hitzen zerrenda egin nuen. Eta erakusketan horrela ordenatuta daude. Hitzak errepresioa, polizia, borroka eta estilo horretakoak dira. Eta termino bakoitzetik irudiak egin eta gero binaka jarri ditut».
Gai asko landu dituela esan du: «Seguru baten bat kanpoan utzi dudala, baina niri gehien axola zaizkidanak hor daude. Euskaldunaren itxieraren irudiak daude, baita punkarenak ere. Ni Vulpesen neba naiz; Loles eta Luperena, zehazki, eta gai horiek oso biziak ditut, lehen pertsonan bizi izan nituelako, eta irudi birtual bakoitzean nire bizipenak eta garai hartan ikusi nuena islatzen saiatu naiz. Ez nostalgia hutsarengatik, baizik eta erreibindikatzeko gogoarekin».
Orain, Bilbo postala dela salatu du, baina «lokatz asko dago azpian», haren ustez, eta asko dago aldarrikatzeko. Abenduaren 20ra arte, dendako arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostiralera, 16:30-20:00), erakusketa doan ikusi ahal izango da, eta edizio mugatuko argazkiak nahiz Make Bilbao GrAI Again liburua erosi ahal izango dira.