Duela hilabete bat —maiatzaren 2an—, 1.200 pertsonak baino gehiagok Bilboko Zorrotza auzoko kaleak zeharkatu zituzten Sader eta Profersa enpresen leku aldatzea aldarrikatuz. Hondakinen kudeaketa jarduera nagusitzat duten bi lantegi horiek, gauero, Zorrotza inguruko eta ibaiaren beste aldeko auzoetako airea kutsatzen dute. Hori dela eta, Zorrotzan, Altamiran, Masustegin, Olabeagan, Basurtun, Deustuko Erriberan, San Ignazion, Elorrietan eta Deustun jasangaitza den usaina eta arnasezina den airea jasaten dute zenbait gautan.
Udalak eta bi enpresek behin baino gehiagotan adierazi dute lantegiek isuritako gasak ez direla arriskutsuak, baina, badaezpada, maiatzaren 11n, Profersak izandako sutea zela-eta, arestian aipatutako auzoetako auzokideei leihoak itxi eta airea sartzen ez uzteko gomendioa helarazi zitzaien. Horren berri izan zutenei behintzat; izan ere, abisuak sare sozialetatik egin ziren, berriz ere, arrakala digitala kontuan hartu barik. Larrialdi zerbitzuek mezu hori zabaldu bazuten auzokideen artean, argi dago airearen kalitatea ez dela batere ona eta arrisku bat dakarrela.
Horren harira, aipatutako auzoetako auzo elkarteek denbora daramate Bilboko Udalari airearen kalitatearen neurketak eskatzen. Neurketa horiek San Ignazioko IDOM enpresaren alboan dagoen airearen kalitate neurgailuak egin ahalko lituzke, baina hilabeteak daramatza apurtuta, eta, ondorioz, zaila da datuak eskuratzea.
Zein hiri eredu sustatzen du lantegi kutsagarriak bere auzoetan mantentzen dituen udalak?
Bitartean, auzo mugimenduak kutsagarriak diren bi lantegiak hirigunetik kanporatzea aldarrikatzen jarraitzen du, bizi kalitatea eta segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa den neurria eskatuz. Gogoratu beharra dago 2015. urtean udal gobernuak hartutako konpromisoa: hitzeman zuen 2018. urterako Saderren lantegia hiritik kanpo egongo zela, HAPO berriaren barruan lantegia hirigintza proiektutik at baitzegoen. Modu berean, Zorrotza muturreko zonaren hirigintza diseinuan ere, ez da 6.000 metro koadro baino gehiago betetzen dituen lantegi horren arrastorik agertzen. Hala ere, ia hamar urte geroago, HAPO berria indarrean dagoelarik, Saderrek eta Profersak hirian jarraitzen dute, etxeetatik gertu eta hainbat auzokideren eguneroko bizitza kaltetuz.
Guggenheim museoa edo Euskalduna jauregia, desindustrializaioaren eraginez hiriak izan duen eraldaketaren eredu moduan azaltzen dira beti. Hobeto esanda, hiriaren zati batek izan duen eraldaketaren eredu izango liratekeela esan beharko litzateke, metro eskas batzuetara bi lantegien aire kutsatua arnastu daiteke eta.
Egoera hau kontuan hartuta, nola hitz egin dezake udal gobernuak jasangarritasunari buruz? Zein hiri eredu sustatzen du lantegi kutsagarriak bere auzoetan mantentzen dituen udalak? Bilbotarrok merezi dugun airea eta hiria aldarrikatzen jarraitu beharko dugu. Sader-Profersa Kanpora plataformak manifestaziorako deialdia egin du ekainaren 6rako.