Duela gutxi lagun bat eta biok oporretan izan gara atzerrian. Eta atzerrira joatea bezalakorik ez dago, euskal herritarrontzako behinik behin, identitate ariketa sakon bat egiteko. Ezin konta ahala aldiz galdetu digute gure jatorriaz, «spanish?» esanez. Horrekin zabaldu zaigu erantzunen katalogoa, «Basque Country» erantzun, buruaz bai-ez egin... Baina guztiek ala guztiek ulertu gaituzte «Bilbau» erantzun diegunean —Bilbau, bai, u-rekin—. Galdetzaileak pozik geratzen ziren Athleticen pare bat kontu esanda, eta gu ere pozik, mapan nolabait kokatu gintuztela eta. Berdin du, guk, Bilbotik ordubetera bizita, gure hiriburuak dakarren irudi metropolita eta kosmopolitatik gutxi badugu ere: atzerrian ez ditugu behar matiz horiek.
Kontua aldatzen da, ostera, gure herrian bertan ere horrelakoak gertatzen direnean, eta ea zelan esaten dudan hau jendearen sentsibilitateari kili-kili larregirik egin barik. Nik nahiko nukeen baino gehiagotan entzun dut «Eta hoi nun dao?» —uler bedi erdialdeko euskalki estandar gisa— galdera Bizkaiko herri eta eskualdeei buruz berba egiterakoan. Edota askotan kalkulatu dizkidate etxera bueltako denbora eta bidesaria Bilbo erreferentzia hartuta. Bizkaia Bilbo eta Bilbo bakarrik balitz bezala. Karrantza edo Etxebarria gauza bera eta homogeneoa balira bezala.
Ez naiz ni izango geografia eskolak ematen hasiko dena, Bizkaiko mapan eta errepideetan hainbestetan galdu ostean. Eta ez naiz ari, hain zuzen ere, ezjakintasunaz soil-soilean, ezjakintasunaren harrotasunaz baino. Alegia, Bizkaia ezagutu ez eta horretaz harro daudenez ari naiz, «Niri Bizkaian zer galdu zait ba?» dioten horietaz.
Badirudi Bizkaia dela gaitz guztien lurra, kapitalaren etxea eta erdaldunen erreinua, askorentzat. Baina, egiari zor, gaitz hori guztia Bilbon bakarrik balego, gaitz erdi!
Ez gara inozoak, badakigu utzikeria eta bazterkeria horiek nondik datozen. Badirudi Bizkaia dela gaitz guztien lurra, kapitalaren etxea eta erdaldunen erreinua, askorentzat. Eta onartu beharra daukat Bilboaldetik urrun gauden askok ere izan dugula pentsaera hori noizbait gure bizitzan. Baina, egiari zor, gaitz hori guztia Bilbon bakarrik balego, gaitz erdi! Hala ere, kontziente naiz Bizkaiarekiko dagoen uste hori ez dela hain muturrekoa. Zer esango dute arabarrek edo zuberotarrek...
Baina, Bizkaira itzulita. Ez naiz hasiko esanez Bizkaian bizi dela euskal herritar gehien, edota bertan dagoela Hego Euskal Herriko eskualderik euskaldunena, ez baitut hasi nahi herrialdeak irizpide kualitatibo edo kuantitatiboekin neurtzen. Hau mezu bat besterik ez da gure herrikideontzat, gure herriaren ñabardura, gako eta testuinguruak uler ditzagun, eta utz diezaiogun elkarren artean katalogatzeari.
Ze Bilbo ez da Bizkaia izango, bere ulerkerarik metaforikoenean. Baina Bizkaia bada Euskal Herria, gainontzeko sei herrialdeen gisan, eta bere lekua eta bere eremua behar ditu, Euskal Herria defendatuko badugu, behinik behin.