Bilbo bizipozez betetzeko prest

Bilbo Hiria irratiak eta Bizipoza elkarteak ‘Bilbo Hirria’ goizpasa antolatu dute biharko, Pio Baroja plazan, 10:30etik 13:30era arte.

JON URBE / FOKU
Bizipoza egunaren aurkezpena, apirilaren 16an, Hernanin (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Elkartasuna abiapuntu hartuta, Bilbo Hirria elkartasun irratia goizpasa antolatu dute lankidetzan Bilbo Hiria irratiak eta Bizipoza elkarteak. Bihar egingo dute, 10:30etik 13:30era bitarte, Bilboko Pio Baroja plazan, eta irratiari eta elkarteari ikusgaitasuna ematea izango du helburu. Publiko zabalarentzako jarduera ugari antolatu dituzte.

«Elkartasuna eta irratia erdigunean jarrita, musikaren inguruan elkartuko gara», azaldu du Nerea Godoy Bizipoza elkarteko kideak. Elkarteen elkarte bat da Bizipoza. Euskal Herri osoko haurren eta familien 38 entitatek osatzen dute. Bilbo Hiria, berriz, Bilboko euskarazko irratia da. Zenbat Gara Bilboko euskaltzaleen elkarteak jarri zuen martxan, 1997ko udaberrian.

«Elkartasuna eta irratia erdigunean jarrita, musikaren inguruan elkartuko gara».

NEREA GODOYBizipoza elkarteko kidea

10:30ean ekingo diote jaiari: elkarteen postuak eta haur eta helduentzako tailerrak egongo dira. Haren ondotik, musika izango da protagonista: Eingo musika taldea eta Repercusion Feminista batukada arituko dira, hurrenez hurren. «Egitaraua, berez, ez da oso luzea, baina bai mamitsua», esan du Godoyk.

Goiz osoan, irratsaioa zuzenean emango du handik Bilbo Hiria irratiak: Bizipoza elkartearen barruko elkarteak ezagutzeaz gain, lau artista gonbidatuko dituzte zuzeneko emanaldiak egiteko. Tartean, Haizea Larrosa, Gaualdeko Hasperena taldea, Erlantz Artigue eta Nico Sarrbojand. Amaia Arostegi Bilbo Hiria irratiko kazetariak gustura hartu du erronka, eta euren lana eta elkartearena ezagutarazteko balioko duela uste du: «Bizipoza elkarteko kideei eta irratiari ikusgaitasuna emateko modu bat izango da».

«Bizipoza elkarteko kideei eta irratiari ikusgaitasuna emateko modu bat izango da».

AMAIA AROSTEGIBilbo Hiria irratiko kazetaria

Jaialdia amaitzeko, berriz, «Zer da zuretzat bizipoza?» galderari erantzuten ahaleginduko dira denen artean. Leire Bilbao idazleak idatzitako olerki bat izan da abiapuntua, Godoyren hitzetan: «Leirek olerki bat idatzi zuen esanez bizipoza hitzaren bila jo zuela hiztegira, baina horren kontzeptu zabala denez, ez zuela hiztegian esanahi osaturik topatzen. Inguruko jendeari galdezka hasi zen, eta ohartu zen pertsona bakoitzarentzat zerbait desberdina adierazten duela: banilla zaporeko izozkia, amamaren bizkotxoa, euripean abestea…». Alabaina, ondorio jakin batera iritsi zen. «Beti egiten duela bide bera: bihotzetik bihotzerainokoa». Papel handi bat jarriko dute plazaren erdialdean, eta edonork itsatsi ahal izango du bere erantzuna post-it batean. Egunaren amaieran, erantzun guztiak irakurriko dituzte. «Ikusiko dugu ea zer ateratzen den».

Euskara ardatz

Joan den urteko Bilboko Aste Nagusian sortu zen elkarlanean zerbait egiteko ideia, Godoyk oroitu duenez: «Ane Zabalak elkarrizketa bat egin zidan Bilbo Hiria irratirako, eta hala hasi ginen martxan pixkanaka». Arostegik aitortu du hasieran «pixka bat» kostatu zitzaiela jaialdiari forma ematea, baina helburu hori lortuta «prozesu polita» izan dela gaineratu du. 

Euskara da hala Bilbo Hiria irratiaren nola Bizipoza elkartearen ezaugarri nagusietako bat, eta horixe izango da goizpasaren ardatz nagusia: «Euskaratik eta euskaraz egingo dugu».

Euria eginez gero, jaialdia bertan behera geratuko zela adierazi dute bi antolatzaileek, baina, Godoyk aurreratu duenez, aurkakoa da biharko eguraldiaren iragarpena «zorionez»: «Eguraldi ona eta beroa omen datoz. Goiz ederra igaroko dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.