Bilboko udal gobernutik Balioen Hiria izenlaguna maiz erabili ohi da, gurea balioak sustatzen dituen hiri moduan azalduz. Hiztegian balio hitza bilatzen badugu, «pertsona edo talde baten moral eta etikaren printzipioak»da ematen zaigun definizioa. Hori kontuan hartuta, ba al da etikoa gure hirian kale gorrian dauden ehundaka pertsonei irtenbiderik ez ematea?
Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, berriz ere, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuaren utzikeria salatu du. Gure kaleetan modu kaxkarrean bizirauten duten pertsonen kopurua urtero igotzen da; haien oinarrizko beharrak eta arreta bermatzeko baliabideek, berriz, urteak daramatzate beharrezkoa den aldaketa estrukturala izan gabe. Aterpetxeetan logela lortu eta horretan mantentzeko baldintzak ez dira malguak, eta ez diete egungo hainbat etxegabeko pertsonaren errealitateei erantzunik ematen. Horren aurrean, hiria nazioartera zabaltzeko bidean data esanguratsu bat dagoenean, gure eguneroko bizitzan kaleetan present dagoen pobrezia ezkutatzen saiatzen da Balioen Hiriaren gobernua, biziraun besterik egiten ez duten pertsonen kontrako jazarpena bultzatuz. Bilboko kaleetan «bizitzen» ari diren pertsona guztiei irtenbide duin bat ematea lortzea, hori bai izango litzateke hiria nazioartean ezagutzera emateko aurkezpen ezin hobea; tamalez, makro-ekitaldiak lehenesten dira.
Bilboko kaleetan «bizitzen» ari diren pertsona guztiei irtenbide duin bat ematen lortzea, hori bai izango litzateke hiria nazioartean ezagutzera emateko aurkezpen ezin hobea
Nazioarteko maila kontuan hartuz, eta honen harira, azkeneko osoko bilkuran, Bilboko Auzo Elkarteen Federaziotik Palestinako herritarrekin elkartasuna adierazteko proposamena aurkeztu zen udalbatzan. Proposamena ez zen aurrera atera gobernuko bi alderdiek —EAJ eta PSE-EE— auzo elkarteen planteamendua bertan behera utzi zuen zuzenketa bat egin zutelako. Zaila egiten zait ikustea Balioen Hiria denaren udalbatzan genozidioa sufritzen ari diren palestinarrekiko elkartasuna eztabaidatu behar izatea, uste dudalako sufritzen ari denarekiko elkartasuna ez dela eztabaidagarria.
Urteetan zehar apartheida pairatu duen eta bereziki azken hilabete hauetan milaka hildako dituen herria babestea eta genozida den Israelgo Gobernua salatzea, moralaren eta etikaren zoruan dagoen gutxieneko pausoa da. Bilboko auzokideotako askok, Auzo Elkarteen Federazioak ordezkatuta, gure udal gobernuari eskatu diogu auzokidetzat hartzen ditugun palestinarren aldeko aldarria egiteko, eta ez digute onartu. Gobernuen jarrera balioetatik oso urrun egon arren, Bilboko auzoetatik, bai gure kaleetan, eta bai Rafah, Gaza edota Jerusalemgo kaleetan sufritzen ari direnak babesteko oihua mantentzen jarraituko dugu, elkartasuna, herrien (eta auzoen) samurtasuna delako.