URTEKARIA: IRITZIA

Beti publikoaren alde

2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Gure ezkaratzean eguneroko gertaerak izaten ditugu berbagai, eta, aurton, egia esan, ez dugu izan asperdurarako beta handirik. Aurreko urteetatik zetozen gaiek puri-purian jarraitu dute, eta berriak ere etorri dira. Uda-sasoian zutabe bat idazteko aukera eskaini zidaten eta gogotsu ekin diot gurean eztabaidatzen zirenak letretan jartzeari.

Herriko kaleetako espazioaren pribatizazioa aurton bereziki izan dugu eztabaidagai. Gero eta nabarmenagoa da edozein herritan, ostalaritzak zelan hartu duen kalea, zelan mahaiek eta aulkiek bete dituzten oinezkoen espaloiak eta kaleak. Pandemiaren hasieran leku aireztatuetan elkartzeko beharraren aitzakian, baina hiru urteren ondoren, mahaiak eta aulkiak edonon daude, taberna edo jatetxeen inguruan; gurean, gero eta gehiago, inongo kontrolik gabe. Herriko bankuak desagertzen joan dira, eta nire harridurarako gazteenek ere hortxe hartu dute lekua, aurreko belaunaldiak izan zituzten elkargunerako «lonjak» baztertuta.

Eta antzeko eredu bat ekarri nahi digute herri-agintariek eskualdera gutxi batzuen interesari men eginez eta hainbat lege eta erabakiri iskin eginez. Komunikabide batek oraintsu argitaratu duenaren arabera, Muruetan egingo den Guggenheimenak goi-mailako jatetxe bat izango du. Badirudi Gernikatik ontziola zaharrera arteko sei kilometroko ibilbidean «esperientzia artistikoak» izango direla; gaur egun dugun paisaia eta bioaniztasuna nahikoa ez balira bezala. Eta badirudi diot, oraindik, ez herritarrek, ez inguruko alkateek ez dugulako ezagutzen proiektua, bultzatzaileek ez baitute egitasmoa aurkeztu. Baina gero eta argiago dut egin egingo dutela, eta haren ezaugarritzean borrokatu behar izango dugula, eskualdeko herritar guztien interesak eta ondare ekologikoa mantentzeko.

Publikotik behar dugu, bai ala bai. Publikoa zentzu zabalean ulertuta.

Baina banakako interesetatik haratago, izan ditugu komunitatea, taldea, indartzeko egitasmoak. Udazkenean, Bilbon milaka herritar batu ginen euskara erdigunean jartzeko beharra aldarrikatzeko. Hezkuntza Legea ere izan dugu lehen lerroan, euskarari eta publikoari ez diolako ematen behar den lekua. Eta azaroaren 30ean greba feminista egin genuen zaintza-sistema publiko-komunitarioa aldarrikatzeko; zaintza negozio bilakatu baita, azpikontratazio eta merkatu pribatuen esku utzita. Eta urtea amaitzeko, publiko egin da Gernikan saskibaloi entrenatzaile prestigiotsu ohi batek neskatila bati sexu abusuak egin zizkiola eta taldeko zuzendaritzak ezer gutxi egin duela. Eta herria kalera atera da. Herritarrok sinisten dizugu.

Publikotik behar dugu, bai ala bai. Publikoa, zentzu zabalean ulertuta: herria, taldea, interes pribatuetatik aldentzen dena eta guztion ongizatea bilatzen duena, duintasun kolektiboa, ezkutuan dagoena ateratzen duena. Gure ezkaratzean jarraituko dugu beti publikoaren alde egiten, horren aldeko sua mantentzen, zeren gu barik ez dago!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.