Bestelako aisialdi eredu bat helmuga

Bizkaiko 11 gazte konpartsak antolatuta, Lasterka Askatasunera egitasmoa egingo dute bihar, Bilbon. «Aisialdi eredu alternatibo bat» bultzatu nahi dute, eta herritar guztiei egin diete parte hartzeko deia.

ARITZ LOIOLA / FOKU
Lasterka Askatasunera egitasmoan parte hartzeko beroketa, apirilaren 30ean, Bilboko Areatzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

Aurreneko aldiz, Lasterka Askatasunera egitasmoa egingo dute bihar, Bilbon. Bizkaiko 11 gazte konpartsek eta eragilek antolatu dute, eta independentzia eta euskaldunen komunitatea jarriko dituzte erdigunean, beste kontu batzuen artean. «Aisialdi eredu alternatibo» batean ardaztutako egitaraua prestatu dute, eta antolaketa lanetan gazteak aritu badira ere, herritar guztiei egin diete jarduera horietan parte hartzeko deia.

11 gazte konpartsak

  1. Barakaldoko Makauen Gazte Konpartsa.

  2. Galdakaoko Zizpa Gazte Konpartsa.

  3. Uribarriko Gazte Konpartsa (Bilbo).

  4. Deustuko Matxingorri Gazte Konpartsa (Bilbo).

  5. Santurtziko Arkotxa Gazte Konpartsa.

  6. Bilboko Kaskagorri Gazte Konpartsa.

  7. Sestaoko Pikutara Gazte Konpartsa.

  8. Mungiako Aiko Gazte Konpartsa.

  9. Portugaleteko Patxiku Gazte Konpartsa.

  10. Santutxuko Gazte Asanblada (Bilbo).

  11. Algortako Gazte Txosna.

Lasterketa izango da eguneko ekintza nagusia —bi lasterketa egingo dituzte: hamar kilometrokoa eta 4,5ekoa—, baina, haren ondotik, azoka, herri bazkaria eta kontzertuak prestatu dituzte, besteak beste. Ia bi urtez aritu dira ekinaldia antolatzen; izan ere, joan den urteko saioa bertan behera utzi behar izan zuten Bilboko Udalarekin izandako arazo batzuengatik.

EGITARAUA

  • Goiz osoan. Sortzaileen azoka, Arriaga antzokiaren aurrean. 
  • 09:00. Dortsal banaketa eta kontsigna, Arriagan.
  • 09:45. Zumba beroketa, Arriagan.
  • 10:30. Herri lasterketa, Ripatik hasita.
  • 12:00. Sari banaketa, Arriagan. 14:00ak arte, parte hartzaileek dutxatzeko aukera izango dute Atxuriko kiroldegian.

  • 14:30. Herri bazkaria, Solokoetxen.

  • 18:30. Gotx elektrotxaranga, Solokoetxeko institututik hasita.

  • 21:30. Xaukena Xauk DJa, Zazpi Katu gaztetxean.

Baina zein da Bizkaiko gazte konpartsen errealitatea? Hauek dira horietako hiru: Bilboko Kasgorri, Mungiako Aiko eta Sestaoko Pikutara Gazte Konpartsa.

1

Kaskagorri (Bilbo)

Eskarmentua du konpartsen munduan Bilboko Kaskagorri Gazte Konpartsak: 35 urte beteko ditu aurten. Mikel Aiartzaguena Kaskagorriko kidearen ustez, konpartsa «etengabe berritzen» joan da urte hauetan guztietan, eta horixe izan da martxan jarraitzeko gakoetako bat: «Azken bi urteotan, esaterako, sekulako belaunaldi aldaketa eman da».

Konpartsako kide izateak «konpromiso handia» eskatzen duela adierazi du Aiartzaguenak: «Jende batek asko sinetsi du proiektuan, eta ordu asko sartu ditu». Era berean, baina, badago konpartsatik kanpo euren alea jarri duen jendea ere: «Bizkaiko gazte askok lagundu dute proiektuan, konpartsakoak izan ez arren. Azken finean, Kaskagorriko balioekin bat egiten duen, ondo pasatzera datorren eta bere ekarpena era batera edo bestera egiten duen oro izan beharko litzateke Kaskagorriren parte». «Talde izaera galdu gabe, betiere», gaineratu du.

Gazte «ezkertiarren, independentisten eta feministen» elkargune gisa definitzen dute Kaskagorri. «Konpartsa honek erakusten du nahiz eta gaztea izan, nahiz eta gauza asko ez jakin, nahiz eta alderdi batzuetan gabeziak eduki… sarea kolektiboki eta era bateratuan egiten bada, gai garela gauza oso handiak egiteko. Adibidez, berrogei pertsonako asanblada bat dinamizatzeko, lanak era parekidean banatzeko… Eta horrek are zentzu handiagoa hartzen du Bilboko Aste Nagusia bezalako ekimen bat aurrera eramateko gai garelako».

35. urteurrena «askotariko hausnarketak» egiteko baliatuko dute: «Birmoldaketa fase batean gaude: konpartsak dituen inertzia batzuk berritu eta gaurkotu nahi ditugu; aspalditik errotuta dauden gauza batzuk aldatu». 

(ID_17151776361745) (/KASKAGORRI) Kaskagorri gazte konpartsako kideak, 2023ko Bilboko Aste Nagusian
Bilboko Kaskagorri Gazte Konpartsako kideak, iazko Bilboko Aste Nagusian. KASKAGORRI GAZTE KONPARTSA

2

Pikutara (Sestao)

Herrian hutsune bat betetzeko asmoarekin sortu zuten Sestaoko Pikutara Gazte Konpartsa, Arrate Llorente kideak oroitu duenez: «Herrian ez zegoen aisialdi giroan euskal gazte feministak batzen zituen espaziorik». Gazteentzako «espazio eta aisialdi alternatiboak» eskaintzea zen konpartsaren asmoa, eta, gaur egun ere, horretan jarraitzen dute: «Sistema zisheteropatriarkalak bultzatzen duen aisialdi eta jai giro kapitalistatik aldentzea dugu helburu».

Konpartsak hogei urte beteko ditu aurten, eta, Llorentek nabarmendu duenez, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira herrian: «Konpartsako familia gero eta handiagoa da; urtero-urtero gazte berriak gehitzen ari dira taldera». Gainera, jaiak ekainean direnez, une honetan «lan eta lan» dabiltzala kontatu du.

Feminismoa da konpartsaren oinarri nagusia: «Ez da jarrera matxistarik, arrazistarik, transmaribollofoborik zein xenofoborik onartzen. Garrantzia ematen diogu konpartsako espazioa denentzako segurua eta parte hartzailea izateari». Baina, horrez gainera, euskara eta «Euskal Herriaren independentzia» ere badituzte ardatz: «Sestaon euskaraz bizitzea zaila izan arren, gure hizkuntza babesten eta defendatzen dugu».

(ID_13875356) (/EZEZAGUNA) sestaokopikutaragaztekonpartsa
Sestaoko Pikutara Gazte Konpartsako kideak, iazko jaietan. PIKUTARA GAZTE KONPARTSA

3

Aiko (Mungia)

Ibilbide laburragoa du Mungiako Aiko Gazte Konpartsak: joan den urtean sortu zuten. Oier Arrien kidearen arabera, herriko gazte taldeen arteko harremanak indartzea falta zen herrian, eta beharrizan horretatik eratu zuten: «Gutxi gorabehera denok elkar ezagutzen dugun arren, elkar gehiago ezagutzeko eta gazteon arteko sareak sortzeko beharra ikusi genuen. Gazteon buruhausteak partekatu eta gazte antolakuntza sustatzeko beharretik sortu da».

Urtebeteko ibilbidean, mendi irteerak, gazte sortzaileen azokak, poteoak zein kuadrilla arteko txapelketak antolatu dituzte, besteak beste, eta pozik daude jendeak eman duen erantzunarekin: «Herrian gure lekua egitea lortu dugula esango nuke».

Hala, ari dira pixkanaka helburuak finkatzen: «Jai eredu alternatibo, erakargarri eta osasuntsua sortu nahi dugu, batetik; eta Mungiako gazteon arteko saretze bat ematea gura dugu, bestetik, elkar ezagutzeko eta orain arteko harremanak gehiago sendotzeko asmoarekin». Bide horretan, Aiko eguna antolatu dute ekainaren 8rako: «Mungiako gazteak saretzera bideratutako eguna izango da».

Mungia «feministago, euskaldunagoa, pluralagoa eta herrikoiagoa» egitea da konpartsaren erronka aurrera begira: «Gure neurrira eraikitako herri bat lortzeko erreminta gisa sortu da».

(ID_13875438) (/EZEZAGUNA) aikogaztekonpartsa

Mungiako Aiko Gazte Konpartsak antolatutako kuadrilla arteko txapelketan parte hartu zuten gazteak, joan den urteko jaietan. AIKO GAZTE KONPARTSA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.