Bertsoak dantzan Algortako kaleetan, hamargarren aldiz

Getxoko Algortako Bertsolari Eskolak Hitzaren Dantza kale jaialdiaren X. aldia antolatu du domekarako.

Dantzariak 2023ko Hitzaren Dantza jaialdian, Getxoko Algorta auzoan. ALBE
Dantzariak iazko Hitzaren Dantza jaialdian, Getxoko Algorta auzoan. ALBE
irene baranano
2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Bertsozaleak Getxoko Algorta auzoko kaleetara aterako ditu Hitzaren Dantza izeneko jaialdiak domeka honetan. Hamargarren aldia antolatu du ALBEk (Algortako Bertsolari Eskolak), egun osoko egitarauarekin, 11:00etan hasi eta 20:30 arte. Joseba Santxo ALBEko presidenteak adierazi du oraingoz ez dutela aparteko ezer egingo eskolaren sorrera ospatzeko: «Datorren urtean, ALBEk 45 urte beteko ditu, eta orduan bai, zerbait berezia egingo dugu». Santxok azaldu duenez, aurtengo Hitzaren Dantzarako, aurreko aldietan «makina bat bertsozale, dantzazale, kantuzale eta herri musikazale» batu dituen ohiko programazioari helduko diote.

Nagusiki, hiru zutabek osatzen dute kale jaialdiaren egitura: goizeko kalejira, eguerdiko herri bazkaria eta arratsaldeko erromeria. 11:00etan hasiko da kalejira, Basarrate parkean. Agertzen direnek Paule Loizagaren, Patxi Iriarten eta Maddi Ane Txoperenaren bertsoak entzungo dituzte, Algortan egingo dituzten zazpi geldialdietan.

Leku horietako bakoitzean, euskal lurralde bateko gaiak landuko dituzte, eta, ohitura dutenez, Nafarroako zazpi jauzi dantzarekin amaituko dute kalejira. Bigarren alditik darabilte formatu hori. Santxok Hitzaren Dantza jaialdia sortzeko prozesuan parte hartu du, eta, haren ustez, «jaialdia ondo finkatuta dago, eta arrakasta handia izaten du beti». ALBEko kideak esan du zenbait herritan formula berezi horren inguruko interesa azaldu dutela, «euskaldunak batzeko sistema egokia izan daitekeelakoan». Horrez gain, Josu Zaratek Erandioko kantaguneak taldeak ere abestuko du, eta Txilibita fanfarreak eta Altxa txalaparta taldeak lagunduko dute kalejira.

San Nikolas plazan amaituko dute ibilbidea, eta, 15:00etan, herri bazkaria egingo dute bertan. Bazkalostean, Loizagak, Iriartek eta Txoperenak bertso emanaldia eskainiko dute, eta 18:00etan, Luhartz taldearen erromeria izango da, 20:30era arte.

Hamargarren aldia

2015ean antolatu zuten lehen Hitzaren Dantza. Santxoren arabera, jaialdiaren helburu nagusia euskal kulturgintzako zenbait esparruren arteko sinergiak biltzea zen: bertsogintza, euskal dantzak, euskal kantak eta herri musika. Jarduera horiek askotan gurutzatzen dira herriko jaietan zein ospakizun berezietan, eta antolatzaileek nahita elkartu gura izan zituzten, «euskara eta bertsolaritza izan zitezen jaialdiaren ardatz». Santxok azpimarratu duenez, «bertsogintzan euskara ezinbesteko tresna da; ez, ostera, euskal dantzetan, euskal abestietan eta herri musikan». Hala, egunpasa bat diseinatu zuten bertsoak, euskal dantzak, euskal kantak eta herri musika uztartzeko, «euskaratik, eta euskara helburu dela». Lehen aldian jasotako erantzuna «ezin hobea» izan zenez, antolatzen segitu zuten. 

Pandemiarekin ere ez zen gelditu Hitzaren Dantza. Antolatzaileek une bakoitzeko baldintzetara egokitzen jakin dute. Pandemia zela eta, 2020an eta 2021ean, Muxikebarri antzokira eraman zuten jaialdia, eta duela bi urte, kalera itzuli ziren, eta, Santxoren ustez, «jendeak oso gogotsu hartu zuen kalerako itzulera». Aurten, berriro hala izatea espero dute; ALBEko kidearen hitzetan, langari «oso goian» eutsi nahi diote, baina helburu nagusia «egun zoragarria igarotzea» izango dute, «euskal kulturan murgilduta, euskarazko hitza dantzatzeari utzi barik».

GAURKO EGITARAUA

  • 11:00. Arabako kantak eta dantzak, Getxoko Algortako Basarrate parkean. 
  • 11:30. Lapurdiko kantak eta dantzak, Villamonten.
  • 12:00. Nafarroa Garaiko kantak eta dantzak, Alangobarrin.
  • 12:30. Zuberoako kantak eta dantzak, Satistegin.
  • 13:00. Bizkaiko kantak eta dantzak, Tellagorrin.
  • 13:30. Gipuzkoako kantak eta dantzak, Portu Zaharrean.
  • 14:00. Nafarroa Behereko kantak eta dantzak, Telletxen.
  • 15:00. Herri bazkaria eta bertso saioa, San Nikolas plazan.
  • 18:00. Luhartz erromeria, San Nikolas plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.