Paperean irakurtzen ez duen arren, Ana Escalona Corrali iruditzen zaio BERRIA eta euskarazko prentsa «aterpea» direla Bilbon, baina eremu murritza da, haren berbei erreparatuta, eta topatzeko gaitza. Horiek horrela, 27 urteko gazte hark BERRIAlagun egitea erabaki zuen otsailean. Arrazoi bat da harena, eta egon litezke beste hamaika. Motibaziooi hauspoa emateko, BERRIA egunkariak kanpaina bat abiatu du Bilbon BERRIAlagunak lortzeko, bertoko Hor Dago Abante konpartsaren laguntzarekin. Erronka «anbiziotsu» bat ezarri dutela onartu du Imanol Magro konpartsako kide eta BERRIA egunkariko kazetariak: hiru hilabete iraungo ditu egitasmoak, eta tarte horretan hirurehun BERRRIAlagun bildu nahi dituzte Bizkaiko hiriburuan eta inguruetan.
Ekarpen ekonomiko bat egin du Abantek helburua erdiesteko: Bilbon 25 euroko ekarpena eginez BERRIAlagun egiten den kide bakoitzeko, 75 euro jarriko ditu konpartsak, ohiko 100 euroko kuota osatuz. Gaur-gaurkoz, 1.958 BERRIAlagun daude Bilbon. BERRIAk edukiak libre eskaintzen ditu, baina proiektuak irakurleen konpromisoa behar duela azpimarratu dute.
Bilboko konpartsa guztiek dute gizarte ekintza bat oinarrian, eta Abanteren jomuga da euskal komunikabideak sustatzea, Magrok esplikatu duenez. Are gehiago gaur egun. «Asko baloratzen dugu euskal komunikabideek egiten duten lana, eta pentsatu genuen posizionatu egin behar genuela azken urteko euskararen kontrako oldarraldiaren aurka. Beste akuilu bat da». Aspaldiko sustraiak ditu, gainera, BERRIAren eta konpartsaren arteko harremanak. Konpartsakideak esan duenez, Iñaki Uriarte Egunkaria-ko langileak sortu zuen Abante, orain dela 31 urte, eta ordutik estuki egon da lotuta Egunkaria-rekin, aurrena, eta BERRIArekin, hurrena. Eta zabalagoa da sarea, Magrok nabarmendu duenez. «Berbaizu Deustuko euskal elkartearekin eta Uriola-rekin ere estutu ditugu harremanak».
Jopuntu saihetsezina baita Bilbo euskaltzaletasunarentzat, Magroren berbei erreparatuta. «Euskal Herri euskaldun bat nahi badugu, Bilbo euskaldun bat behar dugu. Eta askotan ahazten zaigu Bilbo dela euskal hiztun gehien duen hiria». Konpartsakidearen aburuz, BERRIAk abagunea badu hirian handitzeko; batik bat, kontsumo eredua aldatu delako. Izan ere, lehen etxeko kide denentzako erosten zen egunkaria, eta, hori horrela, kide guztientzako egokia izan behar zuen aukerak; alegia, kide guztiak euskaldunak izan ezean, euskarazko egunkaria bazter zitekeen. Orain, ordea, indibidualagoa da kontsumoa, eta banan-banan limurtu behar dira erabiltzaileak, dagoeneko pantailari begira daudenak paperari baino gehiago. Hori lortzeko, Abantek hainbat bide erabiltzen ditu: bata, ekarpen ekonomikoa; bestea, BERRIAren irudia helarazteko ahalmena.
«Euskal Herri euskaldun bat nahi badugu, Bilbo euskaldun bat behar dugu. Eta askotan ahazten zaigu Bilbo dela euskal hiztun gehien duen hiria»
IMANOL MAGROBERRIAko kazetaria eta Hor Dago Abante konpartsako kidea
Hain justu, posizionamendu lana azpimarratu du Magrok, zeinak bide ematen duen komunitatea eratzeko, haren irudiko. «Bilboko jaietan eta parte hartzen dugun jarduera guztietan, BERRIAren eta beste euskal komunikabide batzuen izena plazaratzen dugu; Areatzako toki garrantzitsu batean, lehen lerroan jartzen ditugu. Gure xumetasunetik, guk ematen diogun ikusgaitasuna garrantzitsua dela uste dugu, eta egunkariak ere hala jakinarazi digu». Gauzak horrela, konpartsara batzeko gonbidapena egin du. «Konpartsa herri egitasmo bat da, eta ateak irekita daude mundu guztientzat. Euskaltzalea izatea, ez dugu askoz gehiago eskatzen. Euskarak eta euskal komunikabideek txosnak behar dituzte oraindik».
Gaurkotasunean sakontzeko
Ekarpen informatiboa, eta ekarpena, orobat, euskarari dagokionez. Bi alde horiek aipatu dituzte BERRIAlagun egin berri diren eta Bilbon bizi diren Escalonak eta Luis Garciak. «Izena eman nuen, BERRIAn egunero albiste bat gutxienez irakurtzen saiatzen naizelako», adierazi du Escalonak. Informazioa edonon aurkitu daitekeen garai honetan, esan du BERRIAk bermea ematen diola. «Niri albisteak eta erreportajeak irakurtzea gustatzen zait. Batzuetan, sare sozialetako albisteak pixka bat sentsazionalistak dira, eta sakondu nahi baduzu, hobeto ulertzeko edo informazio gehiago edukitzeko, egunkarietara jo behar duzu».
«Batzuetan, sare sozialetako albisteak pixka bat sentsazionalistak dira, eta sakondu nahi baduzu, hobeto ulertzeko edo informazio gehiago edukitzeko, egunkarietara jo behar duzu»ANA ESCALONA CORRALBilboko BERRIAlaguna
Euskara ikasten ari da Escalona, eta horretan ere laguntzen dio euskarazko hedabideak. «Uste dut edukiak euskaraz edukitzea oso garrantzitsua dela. Eguneroko edukiak eskuragai izan behar ditugu euskaraz: albisteak, irratia, telesailak, podcastak... Hori lortzeko, jende askok lan egin behar du, eta haien lana ez da doakoa». Ohitura aldaketa bat ere badago, BERRIAlagun berriaren arabera. «Lehen, ez genuen sareko edukiengatik ordaintzen, baina, nire ustez, hori gainditzen ari gara pixkanaka-pixkanaka».
«Beste lau egunkaritara harpidetuta nago, eta BERRIAren eskaintza bestelakoa da. Ekarpena egiten dit»
LUIS GARCIABilboko BERRIAlaguna
Garcia, motibazio militanteaz harago, arrazoi praktikoengatik lotu da BERRIAra: ez euskarazko prentsa babesteko —«hitz garrantzitsuegiak iruditzen zaizkit»—, baizik eta edukiak gustuko dituelako. «Beste lau egunkaritara harpidetuta nago, eta BERRIAren eskaintza bestelakoa da. Ekarpena egiten dit».
3.458BERRIAlagunak Bilbon eta inguruan Bilbon eta inguruko herrietan, 3.458 BERRIAlagun daude guztira. Bilbon daude gehienak, 1.958 —kopuru osoaren %57—, eta Nerbioi ibarreko herrietan ere asko dira, 1.005 —%29—.