Berbek ezin dutena adierazi

2023ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Ezinezkoa zait lerro batzuk idazteko aukera izan eta Palestinari buruz ezer ez esatea. Ezinezkoa. Ezinegon itzela sortzen didate sare sozialetan eta hedabideetan ikusitako irudiek; ezin burutik kendu. Kosta egiten zait berba egokiak topatzea.

1937ko apirilaren 26an, Gernikak lau orduko bonbardaketa jaso zuen. Hildakoen kopurua jakitea zaila da; izan ere, lau urte beranduagora arte hondakinak ez ziren herriaren erdigunetik kendu eta, gainera, erregimen frankistak ahaleginak egin zituen kopuruak ezkutatzeko. Hala ere, orduko Euskadiko Gobernuak 1.654 hildako erregistratu zituen. Lau orduko erasoa. Israel urriaren 7tik ari da Gazari erasotzen eta hura bonbardatzen; lerro hauek idazten ari naizenean, hiru astetik gora eta 8.000 hildako baino gehiago.

Batez ere, umeen irudiek astindu dizkidate barrenak, negar egiteraino. Etxeko sofan, albo banatan ditudan seme-alabei begiratu eta min horrekin konektatu ezinean ikusi dut neure burua. Hurrengo belaunaldietan, bizi dugun gupidarik gabeko ezabatze honen aurrean zer sentituko dute? Zein izango da kontakizuna?

Eta gu pribilegiatuon, gure oinarrizko behar guztiak ase ditugunon geroa baino gehiago, «orain nori deituko diot ama?» mutikoaren hasperenak datozkit. Harenak, han eta hemengo gerretan umezurtz geratu direnenak, euren etxeetatik bota dituztenenak, munduaren Hegoaldetik itsasoa zeharkatuz Europara datozenen gazte eta umeenak. Egun batzuetan, haien istorioak etxeko egongelan sartzen zaizkigu, baina etorri diren moduan, ura itsasoan bezala, diluitu egiten dira ondoren.

Sarri pasatzen naiz lanerako bidean bakarrik dauden adingabe atzerritarren Zornotzako harrerarako zentro ondotik. Errepide bazterrean dago, herrigunetik urrun. Hilabeteetako eta urteetako ibilbide baten ostean, leku ezezagun batean, bazterrean. Eta haien oraina eta etorkizuna etortzen zaizkit burura. Adin nagusiko egin eta, kasu gehienetan, inongo lotura afektibo eta sozialik gabe, babeslekurik gabe, kalera ateratzen direnean. Eta burura etortzen zaizkit Gazako neskamutil horiek urte batzuk barru, eta ahaztuta ditugun siriarrak, eta Iranen beloa ondo ez eramateagatik hiltzeraino jipoitzen dituzten neskatilak; eta etortzen zaizkit Boko Haramek bahitu zituen neska gazteak, eta Kongoko meatzeetan kobaltoa ateratzeko lan egiten duten umeak, eta…

Egunerokoarekin jarraitzen dut, nondik eragin ez dakidala. Picassoren Gernika margolanari esker, munduan barrena ezaguna egin zen bonbardaketa; berbekin ezin zena esan irudiaren bidez adierazita. Dozenaka, ehunka artelan beharko ditugu munduan zehar gertatzen diren guztiak gogoratzeko eta hurrengo belaunaldiei kontatzeko. Gurean, ezkaratzaren ondoko gelan dago Gernika bat orain 86 urteko bonbardaketaren memoria ez ahazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.