«XIV. mendea da. Zatituta dago gizartea, mailakatuta, banatuta, hierarkia hotz eta zeken baten pean. 1376. urtean, Juan infanteak, Bizkaiko jaun zenak, bere menpekoei babesa emateko asmoz, Mungia sortzeko eta bertan bizitzeko abantaila ondu du. Butroetarrek basoaren ustiaketa hartuko dute eurentzat; billelatarrek, berriz, herria bera». Horrela abiatu da kontakizuna. Bendeja saltzaileakMungiako plazan podcast sortako lehena da. Joan den asteko eguaztenean sareratu zuten, Mungiako Udalaren webgunean. Garazi Albizua Castelaok eta Hegoa Alvarez Zorrozak ondu dute, udalak sustatutako Mungiako Emakumeen Historia bigarren ikerketa beka lortu ondoren. Lau atalek osatzen dute, eta eguaztenetan argitaratzen dituzte —asteon, bigarrena—.
Atal bakoitza aldi historiko batean girotu dute. Lehen saioa, XIV. mendean; jauntxoen sasoian, Mungiako hiribildua sortu eta gutxira. Leinuen arteko guduak Mungian izan zuen eraginaren berri jakin ahal izango da, eta horrek zelan bete-betean baldintzatzen zuen bendeja saltzaileen arteko harremana. Bigarren saioa XIX. mendean dago oinarritua, Karlistaldietan. Gerrak eta garai hartako testuinguru sozioekonomikoak eragin zuzena zuten baserritarren artean, baina ez hori bakarrik: fikzio lan honetan, berbarako, euriteek bost saltzaileren genero guztiari egin zioten kalte. 36ko gerraren ondorioak erakutsiko dituzte hirugarren saioan, datorren eguaztenean argitaratuko denean. Azkenenekoan gaur egungo saltzaileek izango dute protagonismoa, eta ikusiko da, besteak beste, lekukoa hartuko dien belaunaldi berrien falta. Urte honetako barikuetako baserritarren plaza zelakoa den jakin ahal izango da. Modu horretan, Mungiaren eta bendeja saltzaileen historiak aldi berean kontatu dituzte, batak besteengan erabateko eragina izan du eta. Edo, beste era batera esanda: etxeko produktuak plazan saltzen zituzten andreek kontatuko dute herriko historia.
«Bendeja saltzaileen irudi hori ikuspegi feminista batetik aldarrikatzea eta plazara eroatea beharrezkoa ikusi nuen».
HEGOA ALVAREZ ZORROZAPodcastaren egilea
Mungiako Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzi Bakarne Egiak azpimarratu duenez, historia gizonezkoek kontatu izan dute: «Historiako mende osoak emakumeak sartu gabe kontatu dira, eta haiek ikusezin bihurtu, gizateriaren historia gizonena zelako. Hala ere, andreek oso rol garrantzitsua izan dute gizarteetan». Horri buelta emateko asmoz sortu zuen udalak Mungiako Emakumeen Historia ikerketa beka: «Asagoko iraganean edo parajeko sasoian andre mungiarren protagonismoa berreskuratzeko ahalegina egin dugu», esan du Alaitz Erkoreka alkateak.
Lekukotzak
«Bendeja saltzaileen inguruko ikerketa askorik ez dago; historian zehar oso gutxitan aztertu izan da», azaldu du Alvarezek. Horregatik onartu zuen Albizuak elkarrekin ikertzeko egin zion gonbidapena. «Batetik, bendeja saltzaileen irudi hori ikuspegi feminista batetik aldarrikatzea eta plazara eroatea beharrezkoa ikusi nuen. Bestetik, bendeja saltzaileekin berbetan ibiltzea, haien istorioak ezagutzea, izugarria iruditu zitzaidan». Hain zuzen ere, bereziki ikerketaren parte horretaz arduratu da Alvarez: bendeja saltzaileekin eta haien senitartekoekin ipini zen harremanetan. Elkarrizketen bitartez lortu dute informazio gehiena. «Kontatu zizkiguten umetako oroitzapenak, etxean bizitakoa, ohiturak. Kontatu ziguten euren eguneroko lana zein izaten zen, plazara joateko zer bide egiten zuten, zer eroaten zuten».
«XIV. mendeko informazioa modu klasikoan lortu dugu, liburutegietan. Hutsune handia topatu genuen».
GARAZI ALBIZUA CASTELAOPodcastaren egilea
Ostera, dokumentazio gutxi topatu dute, Albizuak aitortu duenez. Lehenik eta behin, ardatz kronologiko bat egin zuten. Nondik hasi ikertzen? «Lehen podcasta XIV. mendean girotzea erabaki genuen. Garai hartako informazioa modu klasikoan lortu dugu, akademikoan, liburutegietara jota. Hutsune handia topatu genuen. Zer informazio dago? Nork emanda? Dokumentuen hutsune horri ere galdetu genizkion mila kontu: ‘Hau gertatu dela esan duzue, baina hori ez da guztia’», esan du Albizuak.
Testigantzetatik lortu dute informazio gehientsuena, protagonisten ahotsetatik. «Hasieratik ikusi genuen ahotsaren garrantzia: emakumeon berbak, kantak... Iruditu zitzaigun hasieratik egon dela ahotsa hor», azaldu du Albizuak. Hori izan zen arrazoietako bat lanaren emaitza ahotsaren bitartez aurkeztea erabakitzeko. Bestea, podcastek ematen dieten «askatasuna». «Fikziora jotzerakoan, askotan naturalena izaten da eleberriak edo ipuinak sortzea. Hori polita da, baina irakurtzeak eskatzen du bestelako arreta bat, podcastak eskatzen ez duena; beste edozer egiten ari zaren bitartean entzun dezakezu». MAE Mungiako Antzezleen Elkarteko kideek eta Diz-Diz Mungiako andre taldekoek egin dituzte aktore lanak podcastean.