Silver Film Festival jaialdia

Belaunaldien arteko harremanez

Astelehenean hasiko da Silver Film Festival jaialdiaren hirugarren aldia, Bilboko Arriaga antzokian. Gizartearen zahartzeaz eta belaunaldien arteko loturez hausnartzeko filmak emango dituzte.

'My Favourite Cake' filmaren eszena bat. Silver Film Festivaleko lehen pelikula izango da: astelehenean emango dute, 19:30ean, Bilboko Arriaga antzokian. SILVER FILM FESTIVAL
'My Favourite Cake' filmaren eszena bat. Silver Film Festivaleko lehen pelikula izango da: astelehenean emango dute, 19:30ean, Bilboko Arriaga antzokian. SILVER FILM FESTIVAL
iraia vieira gil
2025eko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zahartzaroa eta hark egungo gizartean dituen ondorioak ikertzeko helburuarekin, Marian Gerrikabeitia kazetari eta zinemagileak ¿A dónde vamos? dokumentala (Nora goaz?) sortu zuen 2019an. Bizkaiko adinekoen Nagusiak elkartearekin batera aritu ziren lanean, eta, hala,  Gerrikabeitiak modua izan zuen adineko jendearekin harreman estuak sortzeko. «Bizitzaren bigarren erdiarekin zerikusia duten gaiak jorratu nituen haiekin, modu sinplean, eta konturatu nintzen ez zegoela horri buruz eztabaidatzeko bestelako eremurik», esan du Gerrikabeitiak. Arazo horri irtenbide bat emateko, Silver Film Festival jaialdia sortzea otu zitzaion. «Hirugarren aldia izango da aurtengoa. Euskadiko tankera honetako festibal bakarra da. Antolatzaile gutxi gaude, baina gogor ari gara lanean». Astelehenean izango da jaialdiaren abiatze ekitaldia, Bilboko Arriaga antzokian, 19:00etan, eta ostiralera arte iraungo du. 

Pelikulen edukiei dagokienez, «zinema eta pentsamendu kritikoa» sustatzen dituzten filmak emango dituzte aurten, eta «bizitzaren bigarren etapan» dauden herritarren kezkak eta arazoak jorratuko dituzte gehienbat. Hain zuzen ere, belaunaldien arteko harremanak izango ditu ardatz nagusi Silver Film Festivalen hirugarren aldiak. Alde horretatik, tentuz aritu dira antolatzaileak, jaialdiko zuzendari Gerrikabeitiak esan duenez. «Kontu handiz hautatu ditugu filmak. Elkarrekiko koherentzia zaindu dugu, eta edukien, pertsonaien eta belaunaldien arteko askotariko loturak erakusten dituztenak aukeratu». Era berean, erabaki dute adin desberdinetako zuzendarien lanak aurkeztea: «Iruditzen zaigu interesgarria dela belaunaldi bakoitzaren ikuspuntuaren berri izatea».

Hasiera ekitaldiaren ondoren, Maryam Moghaddam eta Behtax Sanaeeha zuzendarien My Favourite Cake lana emango dute, 19:30ean. Mahinen istorioa kontatzen du filmak: 70 urteko emakume bat da, eta, orain arte bakartia izan den arren, bere maitasun bizitza suspertzea erabakiko du. Bat-bateko topaketa bat ahaztezina egingo zaio protagonistari. «Dirudien baino askoz sakonagoa da: bigarren aukeren inguruan hausnartzen du, generoa eta adina kontuan hartu gabe», zehaztu du Gerrikabeitiak. «Tradizioaren aurka joateaz eta inguru kontserbadore batean bizitzeaz ere ari da». Hain justu, Iranen girotuta dago My Favourite Cake, eta mintzagai ditu herrialde horretako jazarpena, balioen transmisioa eta emakumeen sufrimendua.

«Ikus-entzunezko sorkuntza askotan, adinekoen izaera ahaztu eta haien egoera fisikoa besterik ez da islatzen»

MARIAN GERRIKABEITIASilver Film Festivaleko zuzendaria

Eulalia Ramonen Agonia eta Daniel Torneroren Saturno lanen «edertasuna» ere azpimarratu du Silver Film Festivaleko zuzendariak. Agonia lanetik, adinkeriaren aurkako kritika azpimarratu du: «Eulalia Ramon 60 urte zituela egin zen zinemagile, eta, ironia erabiliz, emakumeen kontrako adinkeria jorratu du lan horretan». Saturno, berriz, bereziki hunkigarria iruditu zaio: «Gai oso gogorra jorratzen du, eta ausarta da. Amaitu orduko, hainbat galdera egiten dizkiozu zeure buruari: 'Zer egingo nuke nik protagonistaren semea edo alaba izango banintz? Eta biloba izango banintz? Eta ama izango banintz?'». Agonia asteartean emango dute, 18:00etan, eta Saturno, berriz, ostiralean, 17:00etan, biak ere Bilboko Guggenheim museoan. 

Jaialdian euskarazko ekoizpen bat ere egongo da: Jaione Martinez Saez de Maturanak, Ane Garai Arrietak eta Maialen Oleaga Nuñok Punkaren beste aldea dokumentala aurkeztuko dute —Perlata musika taldeko kideak dira—. Jesusi Etxebarria Arrasateko (Gipuzkoa) musika irakaslearen bizitza kontatzen du, eta hark Euskal Herriko punk mugimenduari egindako ekarpenak bildu. «Ikus-entzunezko sorkuntza askotan, adinekoen izaera ahaztu eta haien egoera fisikoa besterik ez da islatzen», salatu du Gerrikabeitiak. Ez dakar halakorik Punkaren beste aldea-k. «Jesusik 80 urte ditu, eta nabari da musikaz asko dakiela eta punkaren zale amorratua dela oraindik ere, adina gorabehera». Ostegunean emango dute, 18:00etan, Bilboko Azkuna zentroko Golem aretoan.

(ID_17423264735275) \'Punkaren beste aldean\' dokumentala
Jesusi Etxebarria Arrasateko musika irakaslea. 'Punkaren beste aldean' dokumentaleko protagonista da. SILVER FILM FESTIVAL

Gerrikabeitiak aurreratu duenez, poz-pozik daude Silver Film Festivalek daukan harrerarekin: «Ikusleen aitortza jasotzeko adina hazi gara. Jendeak ulertu du ikusle guztientzako moduko jaialdia dela gurea». Hasiera ekitaldirako sarrera guztiak amaitu dira jada. Gainerako saioetara joateko sarrerek bi euro balio dute, eta jaialdiaren webgunean daude eskuragarri.

Jaialdiko gonbidatu bereziak

Aurten, Silver Film Festival jaialdiak EITB Silver saria emango dio Helena Taberna zinemagileari, egindako ibilbidea aitortzeko, Gerrikabeitiak jakinarazi duenez. «Haren ibilbide artistikoaren aitortza da saria; hau da, ezkutuan izan diren istorio sozialak kontatzeko etengabeko ahalegina egin duen emakume batentzako aitortza. Tabernak erakutsi du adina ez dela aurrera egiteko oztopo, eta eredu da». Haren Nosotros filma proiektatuko dute ostegunean, 19:30ean, Azkuna zentroko Golem aretoan. «Urteak igaro ahala bikote baten harremana nola aldatzen den irudikatzen du filmak».

Julio Medem zuzendariak bere azken lana estreinatuko du, 8 izenekoaeta haren inguruko solasaldian parte hartuko du pelikula amaitu ondoren. Tabernaren filmak bezala, bikote baten maitasuna du hizpide Medemenak ere. Octavio eta Adela dira protagonistak, eta haien arteko adostasunak eta desadostasunak agertuko dira filmean. Asteazkenean emango dute, 18:00etan, Guggenheimen. 

Ana Ibañez neurozientzian adituak pentsamenduak kudeatzeari buruzko klase bat emango du asteartean, 19:30ean, Guggenheimen. Nahiz eta ekitaldiak ez duen lotura zuzenik zinemarekin, halakoak ere egitea garrantzitsua da, Garrikabeitiaren ustez: «Aholku praktikoak eman nahi dizkiegu ikusleei, eta adinarekin zerikusia izan dezaketen azken aurrerapenak erakutsi». Ibañezek, zehazki, kirolari profesionalekin lan egiten du, eta osasun mentala hobetzeko aholkuak ematen dizkie. «Hori erabilgarria da adin guztietako jendearentzat», dio Gerrikabeitiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.