Bermeo, sorterria erakustoki

Astelehenean ehun urte beteko dira Nestor Basterretxea artista Bermeon jaio zela. Kalean zein bermeotarren etxeetan, sorterrian dituen obretan murgilduta gogoratuko dute datozen egunetan.

Nestor Basterretxearen 'Euskal Kosmogonia' eskultura multzoa, Bermeoko Lamera parkean.
Nestor Basterretxearen 'Euskal Kosmogonia' eskultura multzoa, Bermeoko Lamera parkean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bermeo
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924-Hondarribia, Gipuzkoa, 2014), Benito Barrueta (Bermeo, 1873-1953), Jose Mari Urzelai (Bermeo, 1903-Busturia, 1979). «Hara zenbat artista, zenbat margolari eta sortzaile herrian», azpimarratu du Bermeoko Barrueta Arte Elkarteko presidente Pedro Laspiurrek. Barrueta eta Urzelai margotzen ari ziren sasoian jaio zen Basterretxea, eta Laspiurrek uste du giro horrek izan zuela eraginik harengan. Biekin izan zuen harremana. Sorterriak ere utzi zion arrastorik Basterretxeari, bizitzako lehen hamabi urteak han egin zituen eta. Datorren astelehenean beteko da mendea jaio zela, eta egunotan hainbat ekitaldirekin gogoratuko dute Bermeon.

Laspiurrek azaldu duenez, harreman handia izan zuen Basterretxeak Barruetarekin, eta asko gustatzen zitzaion haren obra. «Parisen egon zenean ere, Barruetak asko margotzen zuen Bermeo, eta uste dut horrek ere izango zuela eraginen bat Basterretxearengan, sorterriagaz lotura indartzen lagunduko zion. Hala ere, Basterretxea mundu osoan ibilitakoa da, arte garaikidearen ertz guztiak ezagutu ditu, eta zaila da esaten honek edo hark aparteko eragina izan duenik haren lanetan».

Nestor Basterretxeak Benito Barroeta margolariaren omenez 1973an egindako monumentua, Bermeoko Talan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nestor Basterretxeak Benito Barroeta margolariaren omenez 1973an egindako monumentua, Bermeoko Talan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hamabi urte egin zituen Basterretxeak Bermeon, jaio zenetik familiarekin Frantziara joan zen arte. Casablancara (Maroko) joan ziren ondoren, eta azkenik Argentinan urte mordoa igaro zituzten, Euskal Herrira itzuli aurretik. Argentinan murgildu zen diseinuaren eta irudiaren munduan.

Edorta Jimenez idazleak kontatu duenez, aita nazionalista zuen, EAJkoa, eta erbesteratu egin behar izan zuten. «Frankistek bahitu egin zieten etxea, ostatu izandakoa; ez apropos, etxe ederra zelako baizik. Guardia Zibilaren kuartel bihurtu zuten», esan du Jimenezek. Basterretxeak Bermeon dituen obretan barrena bisita bana gidatzekoa zen bihar eta etzi, Iñaki Iriarte arkitektoarekin batera, baina bertan behera geratu dira. Prestatuta izan duen bisitako abiapuntua Lamera zen, eta, inor agertuko balitz, Jimenez han egongo da bihar eta etzi, 11:00etan. Handik artista jaio zen etxera abiatzekoak ziren, Batzokiaren parera. «Batzokia ere bahitu zuten, eta Falangeren egoitza bihurtu zuten. Gune hori Bermeon madarikatua izan da: herritarrek ez zuten handik igaro nahi izaten».

«Basterretxeak ahalegin erraldoia egin zuen, sekulakoa, gorputza emateko espirituala den horri»

EDORTA JIMENEZIdazlea

Hurrengo geldialdia frantziskotarren komentuan egitekoak ziren; Bizkaiko zaharrena da. Kanpoko horman hiru irudi daude eskegita, izaki mitologiko batzuk: Hilargi amandrearen mamuak. Baina klaustroan daude lanik garrantzitsuenak. Bost hilarri daude: bata arkupeetako ertz batean, eta beste laurak, erdiko patioan, putzuaren bueltan. «Gure arbasoek, hildakoen irudia gogoan gordetzeko nahiak bultzarik, kanpoko aldetik giza buruen itxura duten hilarriak zizelkatu zituzten. Disko formako hilarri haietan hildakoaren lanbideko erremintak, erlijio ikurrak, izen-abizenak eta, zenbait kasutan, aztikeria zeinuak ere grabatu zituzten. Heriotzaren inguruko antzinako euskal iruditeria —zeinu berriekin hornituta— berreskuratzeko asmoz egin nuen Hilarri multzoa» du idatzita Basterretxeak berak plaka batean. Jimenezen arabera, leku interesgarria da, Basterretxeak sortutako kosmogonia eta kristautasuna uztartzen dituelako.

nestor basterretxeari omenaldiak

  • BERMEO.
    • Gaur.
      • Basterretxearen haurtzaroko Bermeo erakusketa, Arrantzale Museoan. Maiatzaren 31ra arte egongo da ikusgai.
    • Bihar.
      • 11:00-13:00. Herriko margolariak Bermeoko kaleetan eta frantziskotarren komentuko klaustroan ibiliko dira margotzen.
      • 11:00. Barroeta Arte Elkarteak ondutako Nestor lagun artean erakusketaren inaugurazioa, Nestor Basterretxea aretoan. Maiatzaren 12ra arte egongo da ikusgai, egunero 19:00etatik 21:00etara.
      • 13:00. Basterretxeari omenaldia, frantziskotarren komentuko klaustroan: ohorezko aurreskua, alkatearen berbaldia eta lore eskaintza.
  • GERNIKA-LUMO.
    • Astelehena.
      • 19:00. Lore eskaintza, Suak eragindako agonia eskulturan.
    • Irailak 12.
      • Basterretxea erbestean hitzaldia, Euskal Herria Museoan. 
  • TRAPAGARAN.
    • Etzi.
      • 11:00. Bisita gidatua, Zugaztietako Meatzaldea eskulturen parkean.
  • KORTEZUBI.
    • Irailak 28. 
      • Basterretxea. Arte gizona bisita gidatua, Agustin Ibarrolaren Omako basoan. Basterretxearen ibilbidean garrantzitsuak izan diren eragin artistikoak aztertuko dira; besteak beste, 57 taldearekin izan zuen harremana, GAUR mugimenduan parte hartzea eta Malevich eta beste artista batzuen eragina.

Hain zuzen ere, Euskal Kosmogonia da Basterretxearen eskultura multzorik garrantzitsuenetako bat. Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma osatzen du, baina Bermeoko Lamera parkean ere badago, kasinoaren atzeko aldean. Jimenezek kontatu duenez, bermeotarrek «indiar kanposantua» esaten diote. Aita Joxe Miel Barandiaranek 36ko gerraurrean argitaratutako Euskal Mitologia lanean oinarrituta dago. Ikerketa lanetan zebilenean, bereziki Santimamiñen, Kortezubiko baserrietako ezkaratzetan entzundakoak sailkatuta osatu zuen Barandiaranek argitalpena.

Zirkuluan ipiniak ditu Basterretxeak Bermeon: Mari, Akerbeltz, Eate, Hamalau zanko, Intxixu, Akelarre, Tartalo, Argazaiola I, Gaueko, Majue, Ostadar, Argizaiola II, Triku harri, Idittu, Ehiztaria, Mairuak, Ilargi amandre eta Bost haizeak. 2007tik daude han. «Basterretxeak ahalegin erraldoia egin zuen, sekulakoa, gorputza emateko espirituala den horri, irudimenean dagoen horri, hitzetan baino egon ez denari», esan du Jimenezek. Sineskera haiei forma eman zien.

Nestor Basterretxearen hilarriak, Bermeoko frantziskotarren komentuko klasutroan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nestor Basterretxearen hilarriak, Bermeoko frantziskotarren komentuko klasutroan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Idazleak azpimarratu du ez dela hark bakarrik egindako lana. «Gerraondoko giroan, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Vicente Larrea eta beste hainbat artista ibili ziren abstrakzioak egiten, baina, nire ustez, betiere munduaren euskal ikuskera batetik, nolabait iraganeko mitologia aldarrikatuz». Iruditzen zaio «espiritualtasunaren bilaketa bat» izan zela. Jimenez sarri jartzen da zirkuluaren erdian, eta esan du «zerbait berezia sentitzen» dela han. Uste du Basterretxeak Bermeon dituen obra gehienetan sentitzen dela haren kosmogonia hori.

Artelanak eta herritarrak

Eskultoreak Bermeorako egindako lehen lana Benito Barrueta margolariaren omenez egindakoa da. 1973an ipini zuten Talan. Udalak eta Barrueta Arte Elkarteak egindako eskaera bat izan zen. Horma bat da, erdian triangelu moduko zulo bat du, eta goiko aldean sare moduko bat, forma geometriko ezberdinetako zuloek osatuta. «Nerabezaroan Mundakatik Bermeora etortzen ginen, eta ez genuen ulertzen abstrakzio hori. Baina oso interesgarria da. Zulotik begiratzen baduzu, Izaro ikusten da», adierazi du Jimenezek.

«Ikusten dituzu, eta ahalegintzen zara Nestorren buruan sartzen. Zergatik egin zuen horrela? Zergatik forma hauek?»

PEDRO LASPIURBermeoko Barrueta Arte Elkarteko presidentea

Itsasoa ikusten da Basterretxeak portuan duen obratik ere. Olatua du izena, eta hura ere 2007tik dago han. «Bermeo nire herri maitea, zu zara olatu erraldoi baten irudi zoragarria», irakur daiteke oinean. Bost zatik osatzen dute. Hiru, olatuaren figuraren zatiak dira, eta gainerako biak, aurrealdean dauden bi haitzak. Altzairuzkoa da; haizearen eta itsasoaren kresalaren ondorioz, burdinaren kolorea hartu du. 10,5 metro luze da obra, 4,5 metro zabal eta 7, 5 metro garai. Jimenezek kontatu duenez, nerabe eta gaztetxoek olgetarako edo han egoteko erabiltzen dute: «Heresia bat izango da askorentzat, baina nik uste dut herriak eskultura bere egin duen seinale dela. Gaztetxo horiek nagusi egitean hemen egindako olgeten oroitzapenak izango dituzte».

Badira Basterretxearen lan gehiago Bermeon: Lurdeia eta Matxitxakoko bataila. Jimenezen iritziz, gutxi-asko, obra gehienak «metabolizatu» egin dira herrian: «Zer eragiten dute obra horiek? Jakingura, harridura. Denok ez ditugu Arte Ederrak ikasi, eta bakoitzak bere harremana sortzen du obrekin». Laspiurren arabera, Basterretxearen eskulturek Bermeon paseatzeko ezohiko aukera bat eskaintzen dute: «Ikusten dituzu, eta ahalegintzen zara Nestorren buruan sartzen. Zergatik egin zuen horrela? Zergatik forma hauek?».

Nestor Basterretxearen 'Olatua', Bermeoko portuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nestor Basterretxearen 'Olatua', Bermeoko portuan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Bihartik hilaren 12ra, Basterretxearen obra ezezagunak ezagutzeko aukera ere egongo da Bermeon. Barroeta Arte Elkarteak Nestor Basterretxea aretoan erakusketa berezi bat atondu du: bermeotarrek euren etxeetan izan dituzten Basterretxearen obrak bildu dituzte. «Maitasunaren erakusketa izango da, bermeotarrek Nestorri eta Nestorrek bermeotarroi izan diguna erakusten duena». Basterretxeak herritarrei oparitutakoak dira batzuk, bermeotarrek erositakoak besteak. Espero baino gehiago lortu dituztela esan du Laspiurrek. «Koadroak, eskulturak, grabatuak, irudiak...; denetarik dago. Teknika guztiak daude. Brontzezko lanak, zurezkoak... Jendea harrituta geratuko da». Haien argazkiekin eta herriko kaleetan dauden eskulturenekin katalogo bat ere ondu dute.

Bada Bermeon Basterretxearekin lotura duen beste lan bat, baina ez da hark egindakoa: 1934an Jose Mari Urzelaik Bermeoko Batzokirako egindako murala. Hamasei metro zabal den horma irudian, Bermeoko arrantzaleen egunerokotasuna irudikatu nahi izan zuen Urzelaik. Han ikusten diren bermeotarretako bi dira Nestor Basterretxea eta haren emazte Ines Atxirika. «Horrek erakusten du artista bien arteko harreman estua», azpimarratu du Laspiurrek. Batzokia okupatu zutenean, falangistek tirokatu egin zuten. Gaur egun Bermeoko Arrantzale Museoan dago ikusgai, zaharberrituta.

NESTOR BASTERRETXEAREN Beste lan batzuk Bizkaian

  • 'Brankako irudia' (1985). Bilboko Campo Volantin pasealekuan. 
  • 'Bizkaia, burdinazko olatua' (1988). Artatzan, Getxo eta Leioa artean.
  • 'Hirugarren hilarria' (1993). Durangoko Tabirako parkean.
  • 'Leioako indarra' (2001). Leioako Elexalden. 

  • 'Meridiano' (2003). Santurtziko parkean.

  • 'Galdakaoko bizkaiari' (2003). Galdakaoko Ardanza parkean.

  • 'Gorbeiako gurutzea' (2003). Zeanuriko Elizondo auzoan.

  • 'Memoria bizia' (2006). Bilboko Casilda Iturrizar parkean.

  • 'Txakolinari omenaldia' (2007). Bakioko itsas pasealekuan.

  • 'Hirugarren ibilbidea' (2010). Ortuellako Uriosten.

  • 'Heriotza zerutik etorri jakun' (2012). Otxandioko Andikona plazan.

  • 'Amaiera da gure azken bidea' (2012). Urdulizko hilerrian.

  • 'Suak eragindako agonia' (2012). Gernika-Lumoko Don Tello kalean.

  • 'Lurraren alde' (2014). Trapagaranen, Zugaztietako Meatzaldea eskulturen parkean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.