Aramotz mendilerroko artzainek azeri batzarrak egiten zituzten. Animalia horiek kalte handiak eragiten zizkieten artaldeetan, eta horri aurre egiteko kofradia moduko bat ziren, Juan Martin Iriondo idazleak kontatu duenez: «Batzarrean erabakitzen zuten nork ehizatuko zituen urte hartan azeriak, artzain bakoitzak ardiko zenbat ordaindu beharko zuen...». Urte batean Mugarran biltzen ziren, eta hurrengoan, Belatxikietako Zazpitxaboletan. 1948ko biltzarra Zazpitxaboletan egin zuten. Inguruko lurren jabea, Emiliano Zuluaga, handik pasatu zen, eta kontatu zioten zerk kezkatzen zituen: «Domeketan ezin ziren mezatara joan, eta uste zuten han ermita bat eraikita konpon zitekeela hori». Hala, Zuluagak baimenak eskatu zituen Zornotzako Udalean eta Elizan. 1949an inauguratu zuten Belatxikietako San Ignazio ermita. 75 urteurrena ospatzen ari dira, eta Iriondok liburu batean bildu du haren historia: 75 urte Zazpitxaboletan.
Artzainek inguruan zituzten txaboletatik datorkio lekuari izena. «Leku aberatsa da ganadua hazteko. Gaur egungo pinu eta eukaliptoen ordez, pagoak, haritzak eta landak egoten ziren. Inguruan zazpi kortabaso daude. Erdi Arotik egitura horiek mantendu baziren, ziurra da lekua beren-beregikoa dela abeltzaintzarako». Zapitxaboletakoak Zornotzako lur publikoak dira. Belatxikietako tontorra, berriz, Dimako lurretan dago. Beraz, Zazpitxaboletan egoten ziren artzainak zornotzarrak ziren: maldan zeuden auzoetakoak —Leginetxe, Larraburu, Montorre, Kimera...—. 1884an, Ignazio Zurituzirak baimena eskatu zion udalari han txabola bat eraikitzeko, baina lehenagotik ere bazeuden.
Udaberritik udazkenera
Maiatzetik Domusantu egunaren bueltan lehen elur malutak erortzen ziren arte egoten ziren ardiak mendian. Iriondok azaldu duenez, bi txabola mota zeuden: ardiek lo egiteko kortak, eta artzainek lo egiteko bordak. «Udaberrian ardiak gora igotzen zirenean, artzainak joaten ziren arrastietan gora, kortetara sartzeko; haiek ere han egiten zuten lo, txaboletan. Goizetan larratzera ateratzen zituztenean, artzainak etxera jaisten ziren gazta egitera». Lo egiteko lau txabola zenbatu ditu Iriondok. Baina hilabete horietan guztietan ezin izan zuten mezatara joan, eta orduan fedeak egundoko garrantzia zeukan.
Zuluagak baimenak lortuta, dirua biltzen hasi ziren. Auzolanean eraiki zuten, txaboletako harria aprobetxatuta. Lehen asmoa izan zen Gorbeian Igiriñaon dagoenaren modukoa egitea, haitzean sartuta. Baina, azkenean, landan egin zuten, handiagoa. 1949ko apirilean abiatu zituzten lanak, eta uztailaren 30ean amaitu, ur bedeinkatuaren harria ipintzean. Ilundu zuenean, su festa izan zuten, eta sute txiki bat ere piztu zen, udaberria lehor joan zen eta. Biharamunean inauguratu zuten, San Ignazio egunez.
Harrezkero, jai garrantzitsua bihurtu zen Bizkaiko zaindariarena. Bernagoititik, Obatik, Artaundik, Igorretik, Lemoatik, Zornotzatik...; inguru guztietatik jendetza elkartzen zen. Orain ere egiten da erromeria, apalagoa bada ere. Gabon eta Gabon zahar egunetan ere jendetza elkartu ohi da, kirol probak egin ohi dituzte-eta han. Bihar, San Joan bezpera, 75. urteurrena ospatuko dute, artzainen zaindaria da eta: han bizi izandakoak omenduko dituzte.
Zornotzako Belatxikietako ermita
- Helbidea. Zazpitxaboleta. Zornotza.
- Urteurrena. Bihar ospatuko dute 75. urteurreneko jaia. 12:00etan, meza eta postontzi berriaren inaugurazioa. Ondoren, Belatxikietan artzain ibili direnei omenaldia. Bukaeran, hamaiketakoa.
- San Ignazio. Uztailaren 31n San Ignazio eguneko erromeria egingo dute. 11:30ean, meza. Ondoren, txistulariak eta aizkolariak. 13:00etan, Pancho Balbuena mariatxia.