Basauriko Urbi auzoko bizilagunek «kezkaz» eta «amorruz» hartu dute Bridgestone enpresak apirilaren 1ean jakinarazitakoa. Hego Uribeko udalerrian duen plantatik 335 langile kaleratzeko asmoa du Japoniako pneumatiko konpainiak, eta, langileei ez ezik, herriko saltoki eta tabernei ere kalte egingo die neurriak. Izan ere, lantegiko beharginetatik asko basauriarrak dira. Horiek horrela, kaleratzeen kontrako mobilizazioekin bat datoz Urbiko bizilagunak.
«Basauriarrentzat kolpe latza» izan da Bridgestone Hispania Manufacturing konpainiak erabakitakoa. Egingo duten erregulazio txosten berriak Urbi auzoko lantegiko beharginen %40ri eragingo die —831 langile ditu—. Usansoloko fabrikatik ez dute inor kaleratuko. Bai, ordea, Puente San Migueleko plantatik (Kantabria, Espainia); handik, beste 211 langile botako dituzte.
Beharginen egoerarekin «oso penatuta» agertu dira Basauriko pneumatiko lantokiaren inguruan bizi diren eta lan egiten duten gizon-emakumeak. «Han gazte askok lan» egiten dutela esan du Encarni Pizarro andreak, 71 urteko bizilagunak, eta «ziurrenik, etxebizitza edo hipoteka bat ordaintzen» ariko direla.
335Kaleratu nahi dituzten langileak. Bridgestone Japoniako pneumatiko konpainiak Basauriko plantako 335 langile kaleratu nahi ditu. Erregulazio txostenak langileen %40ei eragingo dio.
Faustina De la Viuda ere Basaurin bizi da, 78 urte ditu, eta berak nabarmendu nahi izan du Firestone zenak urteetan basauriarrentzat izan duen garrantzia: «Basauriar askori eman die lana fabrika horrek». Auzokideen artean ez da zaila topatzea senideren bat bertan lanean izan duena. Adibidez, De la Viudaren senarra lantegi hartan aritu zen. 1933ko ekainaren 17an —laster, 92 urte— ekoitzi zuen lehen pneumatikoa Basauriko plantak. 1988an, Bridgestone Japoniako enpresak Firestone erosi zuen.
Kaleratzeak Basauriko ostalaritzaren eta merkataritzaren «akabera» izango dira, Jose Luis Ulloa 48 urteko auzokidearen ustez: «Dendak, tabernak eta jatetxeak jadanik ateak ixten ari dira». Jose Ramon Arnaizek 53 urte ditu, eta automobilak konpontzeko tailer bat Urbi kalean. Haren ustez, Bridgestoneren erabakiak «bete-betean» eragingo dio herriko merkataritzari eta ostalaritzari: «Langile auzoa da hau, eta Bridgestonek eman die jaten basauriarrei urteetan». Inguruko okindegi, taberna eta janari dendetako saltzaileak iritzi berekoak dira, baita Rosa Fernandez 34 urteko bizilaguna ere: «Lanik ez duenak diru gutxiago izaten du inguruko saltokietan gastatzeko».
Langileekin bat
Bridgestonek aurreikusitako neurriak Basauriko eta, bereziki, Urbi auzoko bizilagun, saltoki eta tabernei egingo dien kaltearen jakitun, pneumatiko fabrikako langileek deitutako mobilizazioekin bat datoz auzokideak. Lanuzteak asteartean hasi zituzten Bridgestone Basauriko beharginek. Gaur ere greba eguna dute, eta gauza bera egingo dute apirilaren 15ean.
Bada, asteartean bertan, ehunka lagunek egin zuten manifestazioa Basaurin, Bridgestonek iragarritako kaleratzeen aurka agertzeko. Langileek, senideek eta bizilagunek kaleak hartu zituzten neurriari erantzuteko eta enpresak grebaren lehen egunean hartutako erabakiaren aurrean «batasuna» erakusteko.
Asier Iragorri Basauriko alkateak «elkartasun eta babes osoa» adierazi die langileei. Kaleratzeen eragina murrizteko, «indarrak batzera» deitu du. «Kezka handia sortzen didan albistea da, baina ez bakarrik niri, alkate naizen aldetik; herritar guztiak daude kezkatuta, kaleratzeek eragin ekonomiko, sozial eta emozional handia izango dutelako». Alkateak jakinarazi du «beharginen esanetara» egongo dela, «prozesuak enpleguetan ahalik eta eraginik txikiena izan dezan lortzeko».
«Herritar guztiak daude kezkatuta, kaleratzeek eragin ekonomiko, sozial eta emozional handia izango dutelako»
ASIER IRAGORRI Basauriko alkatea
Basauriko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak —EAJ, PSE, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu eta PP— adierazpena plazaratu du. Besteak beste, Bridgestoneren zuzendaritzari eskatu dio «erabakia hausnartu eta fabrikako lanpostuak mantentzearen aldeko apustua egiten jarrai dezan». «Basaurin industria eta enpresa jarduera mantentzearen alde egiten dugu», azpimarratu dute udal talde politikoek. Dagoeneko bildu dira Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Basauriko Udaleko eta enpresa batzordeko kideak, fabrikako zuzendariei «etorkizuneko industria plana» eta kaleratzeen inguruko «negoziazio prozesua» eskatzeko.