Proiektua duela mende laurden bat jaio zen, baina martxa hartu ezinik ibili da orain arte. Azaroaren 11ko Espainiako Ministroen Kontseiluak Bilboko Portua eta Bilbo lotuko dituen hegoaldeko tren saihesbidearen lehen faseari dagokion azterketa informatiboari oniritzia eman zion, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioak onartu ahal izateko. Aurrerago, figarren fase batean Bilbotik Arrigorriagara arteko zatia eraikitzea da asmoa. Azterketa horretan jaso dute azpiegiturak Bilbora arte izango duen behin betiko ibilbidea. Albisteak poza eragin du Ezkerraldean, aspaldiko eskaera delako portuko salgai arriskutsuak haien herriguneak zeharkatzen dituzten trenbidetik garraiatzeari uztea. Pozik agertu dira Santurtziko eta Bilboko alkateak, berbarako, hiri bietan lur eremu zabalak berreskuratu ahal izango dituztelako. Baina, aldi berean, kezka eta ezinegona sortu ditu Barakaldon, Amaia del Campo alkateak (EAJ) adierazi duenez: «Ingurumen astakeria hutsa da». Izan ere, Barakaldok duen «birika bakarretik» igaroko da —Gorostizatik—, zubibide bat eraikita. Udalak, ostera, handik ere lurperatuta joatea gura du, 2018an Eusko Jaurlaritzarekin adostu zuten bezala.
Serantesko tunela eta hiriburua lotuko dituen hamabi kilometro inguruko trenbidea eraikitzeko lanek 484,7 milioi euroko kostua izango dute, azterketa informatiboaren arabera. Berez, lana Espainiako Gobernuak egin beharko luke Adifen bitartez, baina 2017an Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordio bati esker, ETS Euskal Trenbide Sareak eraikiko du, eta gero kupotik deskontatuko dute. Orain hurrengo, ETSk eraikitze proiektua ondu beharko du, eta, aurreikuspen baikorrenen arabera, lanak datorren urte bukaeran hasiko lituzkete.
BAIEZKOA ZORROTZAN TRENA LURPERATZEARI
Bilboko Zorrotza auzoan trenbidea luperatzeko azterketa informatiboa onartu du Espainiako Gobernuak asteon. Haren arabera, 1,2 kilometroko trenbide berria eraikiko da salgaiak eta bidaiariak garraiatzeko: bidaiari trenentzako trenbide bikoitzeko geltoki bat izango du, eta trenbideko tunel bakar bat, salgaiek erabiltzeko, baipas gisa.
Serantesko tunela 2009tik dago prest eta zarratuta: bost kilometro ditu eta 50 milioi euroko kostua izan zuten lanek. Handik Bilbora arteko zatirik handienean ere trenbidea lurperatuta joango da, salbuespen birekin: Gorostizan Agirtza erreka eta Kastrexanan Cadagua ibaia zubi banarekin zeharkatuko ditu. Gorostizan eragingo duen «ingurumen inpaktuagatik», Barakaldoko Udalak tunel faltsu baten bitartez lurperatzeko eskatu du. Espainiako Gobernuak esan du aukera biak aztertu dituela Gorostizarako, zubia eta tunel faltsua, baina ehun metro luze izango den zubia hobetsi duela «ingurumen arrazoiengatik».
Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako Ministerioaren arabera, hainbat txostenetan oinarritu da erabaki hori hartzeko. Batetik, iaz, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Saileko Ondare Naturaleko Zerbitzuak ohartarazi zuen trenbidea Agirtza errekaren azpitik pasatzea ez zela bateragarria Arrain Hiruarantza Kudeatzeko Planarekin. Desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat da, eta babes berezia dauka. Bestetik, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Kalitate eta Azterketarako Zuzendaritzak ere zubia hobetsi du udan egindako txosten batean, «ingurumen aldetik egokiagoa» delako.
EAJk eta PSE-EEk osatutako Barakaldoko udal gobernua ez dago ados. Carlos Fernandez alkateordeak (PSE-EE) esan duenez, udaleko teknikariek hainbat ingurumen txosten egin dituzte, eta, haien arabera, «ingurumen aldetik aukerarik egokiena trenbidea lurperatzea da». Txostenotan Gorostizan zubia eraikitzeak izan ditzakeen ondorioak aztertu dituzte, hainbat arlotatik: paisaian izango duen eragina, sortuko duen kutsadura akustikoa eta arrain hiruarantzaren babeserako planarekiko bateragarritasuna. Era berean, udalak hainbat neurri hartu ditu azken urteetan Gorostiza ingurua babesteko. Izan ere, handik igarotzen da metropoliaren hegoaldeko errepide saihesbidea ere, zubi gainetik, eta Barakaldok ez du gehiago era horretako azpiegiturarik gura hiriko berdegune garrantzitsuenean.
Del Campo alkateak penaz kontatu du foru aldundiak eta Espainiako Gobernuak ez dituztela aintzat hartu Barakaldoko teknikariek egindako ingurumen txostenak. Kexatu da «barakaldar gehienen iritzia» ere ez dela kontuan hartu. Hala ere, borroka egiteko prest agertu da. Jeltzaleek eta sozialistek adostu dute eskura dituzten tresna legal guztiak erabiliko dituztela: «Zain gaude ministerioak azterketa informatiboa Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean noiz argitaratuko duen, helegiteak jartzeko. Ez badizkigute kontuan hartzen, azterketa informatiboaren kontrako errekurtsoa aurkezteko aukera izango genuke», esan du alkateak.
Beste ibilbide bat
Astelehenean, Gorostiza Bizirik auzo elkartekoekin bildu zen Amaia del Campo. Alkateak berbatu die baliabide guztiak erabiliko dituztela trenbidea lurperatzea lortzeko. Gorostiza Bizirik-ekoek, ostera, ez dute lurperatuta pasatzerik ere gura: ez dute nahi hegoaldeko tren saihesbidea euren auzotik pasatzea. Hala ere, pasatzekotan, gurago dute lurperatuta joatea, elkarteko kide Gloria Martinezek azaldu duenez.
Gorostiza Bizirik auzo elkarteak eta Barakaldo Naturala eta Eguzki talde ekologistek beste ibilbide bat proposatzen dute salgaien garraiorako. 2017ko Barakaldoko udal aurrekontuetan lortutako diru laguntza bati esker, hainbat txosten tekniko egin zituzten EHUko ikertzaileek eta aholkularitza enpresa batek lagunduta: eskaeren analisia, azpiegituraren onura sozioekonomikoa eta Barakaldok duen bioaniztasuna aztertu zituzten, besteak beste. Haietan oinarrituta, gaur egungo Renferen C1 edo C2 aldiri lineetako bat erabiltzea proposatu zuten, modernizatuta eta lurperatuta. «Txostenek esan zuten bideragarria zela, Bilboko Portuak ezarritako betetzeko baliagarria zela, eta, gainera, trenbidea lurperatuta, metro koadro mordoa irabazten ziren herriotan hirigintza birmoldatzeko», adierazi du Barkaldo Naturala elkarteko Begoña Rodriguezek.
Gorostiza Bizirik elkarteko Martinezen esanetan, proposamen horren aldeko borrokari eutsiko diote. «Barakaldo Naturalarekin eta Eguzkirekin egindako txostenak kaxoiren batean gordeak dituzte, baina ez daude inoren mahai gainean; horiek berreskuratzea lortu behar dugu». Erakundeek diseinatutako proiektuan, trenbideak bakarrik balioko luke salgaiak garraiatzeko. Gehiegizko inbertsioa iruditzen zaie haren aurka dauden eragileei: «Portuaren arabera, astean soilik hamalau tren pasatzeko litzateke, eta hori, aurreikuspenak beteko balira», kexatu da Martinez. Gaineratu du erakundeen proiektuak soilik portuari emango liokeela zerbitzua, baina eurek proposatzen duen ibilbideak Sestaoko Arcelor Mittal altzairutegiari ere bere bobinak trenez garraiatzeko aukera eskainiko lioke.
«Aldiri trenenen trenbideak lurperatuta, eremu naturalak dauden moduan utziko genituzke hondatu gabe, eta ez genituzke azpiegiturak eta mantentze lanak bikoiztuko»
GLORIA MARTINEZ Barakaldoko Gorostiza Bizirik auzo elkarteko kidea
Eragileon proposamenaren kostua erakundeek eraiki nahi duten azpiegitura berriaren parekoa da, 2017an egin zituzten txostenen arabera, baina onura handiagoak ditu, Martinezek dioenez: «Eremu naturalak dauden moduan utziko genituzke hondatu gabe, eta ez genituzke azpiegiturak eta mantentze lanak bikoiztuko». Gaineratu du euren proposamena Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako lurralde plan partzialaren filosofiarekin bat datorrela, «planak eremu naturalak ez antropizatzeko eskatzen duelako».
Barakaldoko Udala bezala, erakundeek proposatutako aukeraren aurka dauden eragileak zain daude ministerioak azterketa noiz argitaratuko duen Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean. «Aztertu beharko dugu zer epe eskaintzen dituen oposizio errekurtsoa jarri ahal izateko. Gero auzitara joko genuke, administrazioarekiko auzi bat zabaltzeko», azaldu du Martinezek. Era berean, kalean borrokatzen jarraituko dute, herritarren babesa bilatzen. Ministroen Kontseiluak onespena eman bezperan, proiektuaren aurkako 7.726 sinadura bidali zizkieten Bizkaiko Foru Aldundairi, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuri.