Barakaldoko eskoletako umeek egindako neurketen arabera, Europako Batasunak (EB) 2030erako ezarritako mugaren gainetik daude herriko Munoa, Juan Ramon Gimenez, Alazne eta Mukusuluba ikastetxeen inguruan hartutako sufre dioxido (NO2) laginen %75. Eta OME Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioetatik are urrunago daude. Hori dela eta, airearen kalitatea hobetzeko hainbat neurri proposatu dizkiote ikasleek udalari: kaleak oinezkoentzat egitea, zuhaitz gehiago landatzea eta garraio publikoen eta bizikleten erabilera sustatzeko neurriak hartzea, besteak beste.
Sagarrak eta Ekologistak Martxan taldeek iazko azaroan abian jarri zuten Barakaldoko lau ikastetxeren inguruan airearen kalitatea neurtzeko ekimena, udaleko Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren Arloaren laguntzarekin. Aurtengo urtarrilera bitartean, NO2 laginak hartzeko hirurogei probeta ipini zituzten Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek, Gurutzeta auzoko Munoa, Juan Ramon Gimenez eta Alazne ikastetxeetatik gertu, baita San Bizenteko Mukusuluba eskolatik hurbil ere.
Neurketen emaitzak joan den astean ezagutarazi zituzten, Clara Campoamor zentro zibikoko areto nagusian egindako ekitaldian. Udal arduradunekin eta Sagarrak eta Ekologistak Martxan taldeetako kideekin batera, bertan izan ziren kanpainan parte hartu duten ikasleak. Bertsoak abestuz eta antzerkia eginez, ikastetxe inguruetako airearen kalitatea hobetu beharraz ohartarazi zuten. «Airearen kutsadurak eragin handia du umeen osasunean. Izan ere, egunaren herena pasatzen dute eskolan», nabarmendu zuen Garbiñe Angulok, Sagarrak taldeko kideak. Mugitzeko moduak eragiten duen kutsadura ezagutzea izan da egitasmoaren helburu nagusietako bat, «autoa delako airearen kalitate txarraren eragile nagusietako bat».
%752030erako mugaren gainetik. Europako Batasunak 2030erako ezarritako muga —metro kuboko 20 mikrogramo— gainditzen dute Barakaldoko ikastetxeen inguruan hartutako sufre dioxido laginen %75ek.
NO2 isurketei dagokienez, legediak metro kuboko 40 mikrogramo baimentzen du gehienez urtean, batez beste. Hala ere, 2030erako erdira jaitsi nahi du Europako Batasunak, 2024/2881 zuzentarauaren bitartez. Barakaldoko lau ikastetxe haietatik hurbil egindako neurketen %75 muga horren gainetik daude; batez ere, auto gehiago dabilen guneetan. Orain hartutako lagin guztiek aise gainditzen dute OMEk emandako gomendioa: metro kuboko 10 mikrogramo.
Alba Delgado Garapen Jasangarriko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak adierazi duenez, eskola inguruneetan NO2 neurketak egiteko kanpainak agerian utzi du «ingurune hurbila zaindu beharraz kontzientziatzea nahitaezko lana» dela. «Airearen kalitatea hobetzeko ekintza jasangarriak bultzatu behar dira, herritarren osasuna zaintzeko», gaineratu du.
«Airearen kutsadurak eragin handia du umeen osasunean. Izan ere, egunaren herena pasatzen dute eskolan»
GARBIÑE ANGULOSagarrak taldeko kidea
Delgadok esan du helburua nitrogeno dioxidoaren kutsadura mapa sortzea zela, eta lortu dutela. «Orain, barakaldarrak kontzientziatu behar ditugu, bizi estilo osasungarri bati eustea eta ingurumena zaintzea ahalbidetuko duten ohiturak har ditzaten». Eskertu egin du ikasleen eta ikastetxeetako arduradunen inplikazioa, «ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde egindako lanagatik».
Azterketa eta proposamenak
Orain ezagutarazitako datuak ikasturte osoan egindako lanaren emaitza dira. Lehenik eta behin, laginketa egiteko lekurik «interesgarrienak» zeintzuk izan zitezkeen aztertu zuten lau ikasleek. Esposizio aldi batean NO2-a neurtzen duten probetak ipini zituzten, Barakaldoko lau ikastetxe inguruneetan banatuta, kutsagarri horren mapa bat lortzeko asmoz. Gas kaltegarri horren sortzaile nagusia errekuntza motorrak dira, eta, beraz, haren jatorria ibilgailuen trafikoa da. Ondoren, probeta horiek laborategi batean aztertu zituzten, neurketa lekuan sufre dioxidoarekiko esposizioaren batez bestekoa lortzeko. Emaitzak bilduta, Barakaldoko Udalak 2024aren hasieran egindako Ingurumenaren kutsaduraren izaera eta ebaluazioa analisiko datuekin alderatu zituzten.
Laginen emaitzak aztertu ostean, ikasleek eta ikastetxeetako arduradunek proposamen zehatzak egin dizkiote Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarriko eta Ingurune Naturaleko Batzordeari, eskolen ingurunean arnasten den airea hobetzeko.
Besteak beste, hirian eta batez ere ikastetxeen ondoan parke gehiago egotea proposatu dute Juan Ramon Jimenez hezkuntza zentroko eskola umeek. Baita ikastetxeetatik eta etxeetatik gertu aparkalekurik ez egotea ere, eskoletako patioetan zuhaitz gehiago egotea eta kutsadura murrizteko garraio publikoa erabiltzen saiatzea.
Munoa eskolari dagokionez, ikastetxearen aurreko kalea oinezkoentzat egitearen aldeko apustua egin dute ikasleek, inguru horretan trafikoa murriztu eta ingurune berdeak jartzea lehenets dadin. Alazne Ikastetxekoek, berriz, bizikletak aparkatzeko eta Arteta kalea oinezkoentzat izateko beharra planteatu dute.
«Airearen kalitatea hobetzeko ekintza jasangarriak bultzatu behar dira, herritarren osasuna zaintzeko»ANA DELGADO
Barakaldoko Garapen Jasangarriko eta Ingurune Naturaleko zinegotzia
Mukusuluba eskolako neska-mutilek, berriz, berdeguneak handitzea, zuhaitz kopurua handitzea eta auto elektrikoa sustatzea proposatu dute, baita mota horretako ibilgailuak kargatzeko guneak jartzea ere, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko.
Ikasleen galderak
Aurkezpen ekitaldia bukatu baino lehen, Delgado zinegotziari galderak egiteko aukera izan zuten lau hezkuntza zentroetako ikasleek, eta haietako batek galdetu zion martxan jarriko ote dituzten proposatutako neurriak. Udal arduradunak azaldu zuenez, proposamenak «guztiz arrazoizkoak dira, eta, oro har, egiteko modukoak».
Aipatu diren neurriak Barakaldon gaur egun egiten dabiltzan Mugikortasun Jasangarrirako Planean jasoko dituzte. «Zuek proposatutakoak ez ditugu ate atzera botako», baieztatu zuen Garapen Jasangarriko eta Ingurune Naturaleko zinegotziak. Aipatutako plana urte eta erdian eginda egotea espero du udal arduradunak.
OSPITALEAN, LEGEAK EZARRITAKOAREN GAINETIK
Sufre dioxidoaren isurketei dagokienez, legediak urtean gehienez metro kuboko 40 mikrogramo baimentzen duela-eta batez beste, oso adierazgarria izan zen Barakaldoko Juan Ramon Gimenez ikastetxeko neska-mutilek emaitzen aurkezpenean jakinarazitako datuetako bat: Gurutzeta ospitalearen inguruan neurtutakoa legediak baimendutakoaren gainetik dago. Beraz, alde handiarekin gainditzen du Europako Batasunak 2030erako ezarritako 20 mikrogramoko muga eta OMEk gomendutako 10 mikrogramokoa. Ikasleek kezkaz hartu dute emaitza hori, «jendea erietxera sendatzera» joaten dela kontuan hartuta.